ZINEMA

Historia guztiek bi aurpegi dituzte, gutxienez

Oiartzungo herritarrek pairatu duten indarkeriaren kronika egin du Ander Iriartek 'Echevarriatik Etxeberriara' dokumentalean, horretarako ikuspegi antropologikoa baliatuta. Bideoa: dokumentalaren trailerra. [Vimeo]http://vimeo.com/84432769[/Vimeo]

Igor Susaeta.
2014ko apirilaren 7a
08:21
Entzun

Giza Eskubideen Donostiako XII. Zinemaldian aurkeztuko du filma, bihar. Bartzelonako Zinema Eskolan (ESCAC) egindako ikasketen proiektua da filma, eta ondorengo galderari erantzuten saiatu da Iriarte (Oiartzun, 1986): nola da poible ongizatearen gizartean bizi diren pertsona batzuek, haien iritziz herriaren hobebeharrez, dena utzi eta armak hartzea? Eta iruditzen zaio egileari interesgarriena dela pentsamendu hori nola sortzen den aztertzea: "Nola iritsi ginen geure burua konbentzitzera hori zela bide bakarra".

Eta azterketa hori gauzatzeko, hamabost bat oiartzuarrekin hitz egin du: Ezker abertzalearen militante eta ordezkariekin, Eusko Alkartasunako batekin, Aralarko beste batekin, musikariekin, preso politikoekin, preso politikoen senideekin... "Zenbat eta iritzi gehiago, orduan eta analisirako material gehiago", adierazi du Iriartek, gaur, aurkezpenean.

Ikuspegi antropologikoa baliatu du ordu eta erdiko kontaketa egiteko. "Batetik, neure burua blindatzeko; eta bestetik, mezua ahalik eta argien, enpirikoen, helarazteko". Hortaz, lau ataletan banatu du pelikula. Aurrena, sarrera bat egiten du. Gero. "gorrotoaren arrazoiak" azaltzen ditu. Hirugarrenean gertaturiko ekintzez mintzo da, eta azkenekoan etorkizunera begirako hausnarketa bat proposatzen du.

Tesi gisa, zera ondorioztatu du Iriartek: "Saiatu gaitezen bestearen egia jakiten, eta baita gure egia zalantzan jartzen ere". Halere, argi dauka kontatzen duena ezin dela Euskal Herri osora estrapolatu: "Ez litzaidake okurrituko esatea:'hau da benetan gertatu dena'. Izan ere, hori esango banu ariko nintzateke esaten dokumentalekoa dela egi bakarra, eta ez da hala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.