Eric Hobsbawn, historialari marxista eraginkorrenetako bat, atzo hil zen, Londresko Royal Free ospitalean, 95 urte zituela, pneumonia baten ondorioz; leuzemia diagnostikatu zuen duela urte batzuk, eta gaitz horrek ahulduta zegoen. Erregimen komunista totalitarioen gehiegikeriak kritikatu zituen arren, Karl Marxen ideien eta sozialismoaren aldezle irmoa izan zen Hobsbawn. «Urriko Iraultza itxaropentzat duen belaunaldi bateko kide naiz», adierazi zuen behin.
Eric Hobsbawn 1917an sortu zen, Alexandrian (Egipto), jatorri judua zuen familia baten altzoan. Gaztaroko urterik gehienetan Vienan eta Berlinen bizi izan ondoren, Londresera aldatu zen 1933an, Alemanian Adolf Hitler agintera iritsi zen urtean, eta han bizi izan da harrezkero. Erresuma Batuko Alderdi Komunistari atxiki zitzaion, eta Alderdi Komunistako Historialarien taldeko kide izan zen bederatzi urtez, 1946tik 1957ra arte.
Eragin handiko lana da Hobsbawnek XIX. mendeaz idatzi zuen trilogia mardula: The Age of Revolution: Europe 1789-1848; The Age of Capital, 1848-1875; eta The Age of Empire, 1875-1914. XX. mendeari buruzko liburu batekin eman zion jarraipena: The Age of Extremes: the Short Twentieth Century, 1914—1991.
Beti aldarrikatu zuen mundu justuago bat lortzen saiatzeko borrokatu beharra. Hala berresten du argitaratu zuen azken liburuaren izenburuak: How to Change The World: Tales of Marx and Marxism (2011).
Duela hiru urte Bilboko Gutun Zuria jaialdian parte hartu zuen, hitzaldi bat emanez, eta krisi ekonomikoa izan zuen hizpideen artean. Krisiaren arriskuetako bat «erregimen totalitarioak agertzea» izan daitekeela ohartarazi zuen orduan. «Erlijioak gero eta fundamentalistagoak dira. Ez bakarrik islamista, baita kristaua, katolikoa, protestantea eta budista ere. Eta eskuineko nazionalismoek horiek baliatzeko joera dute».
Historia ez ezik, jazz musika ere pasio handiz maite zuen. Francis Newton ezizenez —Billie Holidayren tronpetista komunistaren ohorez—, New Statement aldizkariko jazz kritikaria izan zen hainbat urtetan, eta jazzaren inguruko liburu bat ere idatzi zuen: The Jazz Scene (1989).
Hilberria. Eric Hobsbawn
Historialari marxistarik eraginkorrenetakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu