Nikolas Zendoiaren (Aia, 1941) Sasi guztien gaiñetik eta Joxe Aierberen (Donostia, 1934) Agindua zor liburuak kaleratu berri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Antonio Zabalak zuzendutako bildumaren barruan, Auspoan. Zendoiaren liburua -Auspoa bildumako 308.a- Pello Esnalek prestatu du; eta Aierberena -Auspoa bildumako 309.a- Joxemari Iriondok.
Nikolas Zendoiaren hirugarren liburua da Sasi guztien gaiñetik, baina prosaz egin duen lehenengo lana da. Aurretik ateratako beste bi argitalpenak bertso liburuak dira: Beranduko birigarroa (1998) eta Egan dijoa (2005). 62 artikuluk eta bertso sorta batek osatzen dute Zendoiaren lan berria. 2000ko urritik 2006. urtera bitartean El Diario Vasco egunkarian argitaratutakoak dira artikuluak. Txori papar-gorri bat bertso sorta, aldiz, horietako artikulu baten osagaia da. Berez, Egan dijoa liburuan argitaratu behar zuten, baina, ahaztu egin zitzaienez, liburu berrian gehitu dute.
Zendoiaren artikulu gehienak lehen aldiz argitaratu bezala daude jasoak liburuan. «Artikulu bat edo beste ez ziren egunkarian osorik atera leku arazoengatik, horiek osorik doaz orain», azaldu du Pello Esnal idazleak, liburuaren hitzaurrean. «Beste gutxi batzuk, Zendoiak berak ukitu ditu». Zendoiak berak aukeratutako argazki batzuk ere tartekatu dituzte liburuan.
Aiako Izeta Berri baserrian jaio zen Zendoia. Gaztea zela, Azpeitira joan zen bizitzera, eta han suspertu zitzaion bertsotarako sena. Aitona izan eta gero hasi zen lehiaketetarako bertso sortak idazten, eta oraindik ere jarraitzen du, baina egungo gazteen maila ikusita sariak irabaztea gero eta lan zailagoa dela dio.
Orain arte Zendoiak kaleratutako hiru liburuen izenburuak jarraian jarrita esaldi bat osatzen da: Beranduko birigarroa egan dijoa sasi guztien gainetik. Hala, argi dago idazleak hiru liburuak baturik ikusten dituela. Gainera, laugarrena idaztea ere buruan dauka.
AIERBEREN BIGARREN LIBURUA. Joxe Aierberen Agindua zor liburua ere El Diario Vasco egunkarian argitaratutako lanez osatua dago: bertsoak, ipuinak, kronikak eta iritziak. Euskararen eta berak gehien maite dituenen etorkizunaren kezkez dihardu Aierbek bere lanetan. 1997an Alako batean bere lehen bertso liburua argitaratu zuen Aierbek, Auspoa bilduman.
Edozein lan hastean zalantza ugari izaten dituela aitortu du Aierbek liburuaren sarreran. «Denboraz konturatu naiz bigarren liburu honi hasiera lehenengoaren bukaerako bertsoarekin ematea dela egokiena. Eta pentsatu eta egin». Hala, bertsoan dioen bezala, aurreko liburuan sartu gabe utzitako bertsoekin eta gerora sortutakoekin osatu du azken liburua. «Zorduntzat ere baneukan neure burua, eta zorrak kitatzeko balioko ahal du, bide batez», argitu du Aierbek. Bestetik, bertso sailaz kanpo bertsolaritzari buruzko iritziak, ipuinak eta elkarrizketa batzuk tartekatu ditu Aierbek.
Argitaratutako bi liburuek elkarren artean antzik ez dutela azaldu du egileak. Bertsoak lau multzotan banatu ditu: Gaia emanda jarriak, Ildako adiskideei eskaiñiak, Pelotariak eta Danetik. «Bertso eta prosa, nire garai baten lekukoak hementxe dituzu bigarren emanaldi honetan», dio.
Aita zenarengandik jaso zuen bereziki Aierbek bertsotarako grina, eta Afrikan soldadu zegoela hasi zen bertsoak idazten.
Hitz lauzko aurreneko liburua kaleratu du Nikolas Zendoiak
'Beranduko birigarroa' eta 'Egan dijoa' bertso liburuen egileak 'Sasi guztien gaiñetik' jarri du plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu