Hiztunak eta eremuak

Beñat Gaztelumendi.
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Zenbat hiztun behar ditu hizkuntza batek bizirik irauteko?». Askotan egingo genion geure buruari galdera. Eta eskema erraza dela iruditu izan zaigu beti: zenbat eta hiztun gehiago, orduan eta biziago hizkuntza. Eta halaxe ari gara bidea egiten: ikastoletan haurrak euskaraz alfabetatzen eta euskaltegietan euskararentzat hiztunak irabazten. Eskemak nonbait huts egiten du, ordea, kale-itsura heltzen baikara beti: ezagutzak gora egin du, baina erabilerak ez neurri berean. Milaka errezeta entzun eta irakurri izan ditugu horren inguruan, baina Julen Arexolaleibak ate bat ireki zigun joan zen asteazkenean: kontua ez da zenbat hiztun, nolakoak baizik. Hiztun batek erabil baitezake euskara ikastolan edo lagunartean, baina gainerako eremuetan ere hala egiten ez badu, nekez biziko da euskaraz. Hiztunak bai, baina eremuak ere konkistatu behar dira. Eta hor etorri zitzaizkidan burura telebistako dozenaka kate erdaldunak, ospitaleko «perdón pero no hablo su idioma» erantzuna edo instituzioen bulegoetako azalpen elebakarrak.

Eremuak nola konkistatu pentsatzen ari ginela sartu zen klasera Iñaki Arruti. Inbidiak barrenak jaten zizkidala entzun nion Kataluniako egoerari buruzko deskribapena. Nola unibertsitateko taldeen %60 katalanez ari den. Nola telebistetan %30ekoa den katalanezko eskaintza eta %50ekoa audientzia. Nola irratien %85 mintzo den bertako hizkuntzan. Nola El Punt-ek 180.000 aleko argitaraldia daukan. Nola estatuko egunkariek katalanezko edizio bereziak ateratzen dituzten. Nola interneten .cat domeinua duten bertako orrialdeen %44k. Nola ospitaleetan %60koa den katalanaren erabilera.

Eta orduan oroitu nintzen Parlament-ean katalanez hitz egiten duten kolore guztietako politikariekin. Eta hemen euskaraz ez ikastea aldarrikatzen dutenekin. Harrigarria da inor ez lotsatzea. Eta Joan Mari Torrealdaik aurreko astean esandakoak eman zidan esplikazioa. Euskara lokaztuta dago. Elkarren aurka aritzeko arma moduan darabilte alderdiek. Hizkuntzak ideologia azaldu ordez, ideologiak azaltzen omen du hizkuntza. Eta hauteskunde-kanpaina arranditsuetan erakustoki huts bihurtzen da euskara. Baina hizkuntza komunitate bat ezin dute lau urtean behingo haize-aldaketek egituratu. Iñaki Arrutik azaldu zuen bezala, nola ikusten da gobernu baten hizkuntza politika ondoen? Hizkuntza Politikarako Departamentutik kanpora duen hizkuntza politika begiratuta.

Baina, noski, badaude eremu batzuk oraindik konkistatu ez ditugunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.