Hodeiertz eta Oroith abesbatzak bat eginik lehiatuko dira Tolosan

Nazioarteko eta bertako 21 abesbatzak hartuko dute parte Tolosako 42. lehiaketan, hilaren 29tik azaroaren lehenera bitartean

Ainhoa Sarasola.
Tolosa
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Dena prest dute Tolosan abesbatza zaleen urteroko topaketa garrantzitsuenerako. Hilaren 29tik azaroaren lehenera mundu osotik iritsitako hainbat ahots talde lehiatuko dira, 42. urtez, Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Nazioarteko taldeak zein bertakoak hainbat hizkuntzatan abesten entzun ahalko dituzte Leidor antzokira bertaratzen direnek, baita euskaraz ere. Ordura arte itxaron nahi ez duenak, KUP Taldea, Errenteriako Orereta Abesbatza eta Enchiriadis abesbatzaren emanaldia izango du gaur iluntzean bertan, jaialdiaren atariko gisa San Frantzisko elizan egingo den Topaketen Kontzertuan.

Krisiari lotuta eta iazko aurrekontua murriztuta dator aurtengo lehiaketa. Hori dela eta, ez da aurkezpen kontzerturik egingo, ez eta kontzertu berezia ere. Hala ere, murrizketek publikoarengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan, emanaldietarako sarreren prezioak mantentzea erabaki dute antolatzaileek. Era berean, aurrezteko asmoz ere, hiru abesbatzak bina talde osatuko dituzte, ahots mistoen nahiz ahots taldeen ataletan aritzeko. Hala, 18 abesbatza izango badira ere, orotara 21 talde entzun ahal izango dira txapelketan.

Euskal Herriko hiru abesbatza lehiatuko dira Tolosan, horietatik bik talde berean egingo badute ere. Hain zuzen ere, txapelketan elkarrekin aritzeko batu dira Tolosako Hodeiertz eta Ordiziako Oroith abesbatzak. «Oso interesgarria da lan hori; nork bere egiteko moduak eta izaera dituzten bi abesbatzak proiektu bera prestatzeko elkarrekin lan egitea berezia da», jaialdia antolatzen duen Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari Ana Arretxeren hitzetan.

Crescendo Gasteizko haur abesbatza izango da jaialdian ariko den beste euskal ordezkaria. Gainerako abesbatzak Alemania, Espainia, Bulgaria, Herrialde Katalanak, Eslovenia, AEBak, Filipina Uharteak, Frantzia, Hungaria, Japonia, Lituania, Errusia, Suedia, Suitza eta Ukrainiatik iritsiko dira Tolosara.

Euskarazko hiru obra

Haurren atalean bost abesbatza ariko dira lehian, eta guztiek derrigor interpretatzeko aukeratu duten obra Eva Ugalderen Dizdizka zeruan da. Sei talde ariko dira ahots taldeen atalean, musika sakroa eta profanoa eskaintzeko. Gizonezko eta andrazko ahotsen atalean, aldiz, hamar abesbatzak parte hartuko dute. Kategoria horretan, bakoitzak hautatutakoez gain, David Azurzaren Ave Virgo Sanctissima interpretatu beharko dute guztiek polifonia sailean, eta Josu Elberdinen Segalariak, berriz, folklore sailean.

Hilaren 29tik 31ra bitarte izango dira lehiaketako saioak, Leidor antzokian, eta azaroaren lehenean sari banaketa eta amaiera kontzertua. Xabier Sarasola abesbatza eta orkestra zuzendaria buru dutela, nazioarteko beste sei kiderekin osatutako epaimahaiak erabaki beharko du zein abesbatza saritu atal bakoitzean.

Urtero bezala, entzuleek ekimenari harrera beroa egingo diotela uste dute antolatzaileek, eta datu bat eman dute horren adibide gisara: atzo 11:00etan jarri zituzten sarrerak salgai, Kutxanet bidez, eta ordu erdira, bi saiotarako sarrerak agortuak zeuden dagoeneko. Hodeiertz-Oroith abesbatzak entzuteko txartelik ez dago jada.

Europako Sari Nagusia

Tolosan egingo diren lehiaketako saioez gain, abesbatzek emanaldiak eskainiko dituzte, 70 inguru orotara, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako hainbat udalerritan. Lehiaz kanpo ere, jaialdiari lotutako beste zenbait ekimen izango dira. Horietako bat da Erkki Pohjola Finlandiako musikagilearen omenez hilaren 23an egingo den kontzertua. Iaz hil zen Pohjola, eta Tolosako lehiaketarekin zuen harremana gogora ekartzeko eta haren lana omentzeko egingo da haren aldeko kontzertua.

Tolosakoaren mailako beste bost abesbatza lehiaketa baino ez daude Europan, eta haietako bakoitzean gailendu diren abesbatzek Europako Sari Nagusiko lehian parte hartzen dute urtero. Tolosan jokatuko da sari hori heldu den urtean. Norgehiagoka hori lehiaketarekin batera egin edo ez, datorren urteko aurrekontuaren arabera erabakiko dutela azaldu du Arretxek, eta instituzioei txapelketa laguntzen jarraitzeko eskatu die.

Hartarako prest agertu dira Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa. Kulturaren eta hizkuntzaren ikuspegitik zitak duen garrantzia nabarmendu du Jokin Bildarratzek. Euskaraz abestuko dituzten kantuekin, nazioarteko taldeek «gure kultura, hizkuntza eta tradizioak» kanpora eramango dituztela uste du Tolosako alkateak. Jaialdiak bere lekua, sendotasuna eta arrakasta lortu dituela iritzita, halako ekimenei eusteko konpromisoa erakutsi du Mikel Irizar Kutxako ordezkariak. Aldundiak asmo bera duela azaldu du Frantxis Lopez Landatxek: «Abesbatzen mundua Euskal Herrian tradizioa baldin bada, Tolosako zita motorra izan da tradizio horri eusteko».



Parte-hartzaileak

EXtraCHORd (Alemania).

Peques del Leon de Oro (Espainia).

Rodina Choir (Bulgaria).

Cor Amics de la Unio (Herrialde Katalanak).

Komorni Zbor Orfej (Eslovenia).

Salt Lake Choral Artists Chamber Choir (AEB).

Salt Lake Vocal Artists (AEB).

University of Delaware Vocal Group (AEB).

University of Delaware Chorale (AEB).

Crescendo Abesbatza (Euskal Herria).

Hodeiertz-Oroith (Euskal Herria).

The Chamber Choir of Asia (Filipina uharteak).

Mikrokosmos Chamber Choir (Frantzia).

Cantemus Children's Choir (Hungaria).

Hamoru Kobe Mixed Choir (Japonia).

Liepaites Children's Choir (Lituania).

Anima Vocal Ensemble (Errusia).

Musikhogskolans Kammarkor Pitea (Suedia).

Callirhoe (Suitza).

Vocal Group Dyvo (Ukraina).

Renaissance Choir (Ukraina).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.