Argazki jaialdiaren hamargarren urteurrenean, denboraren joanari buruzko hogei erakusketa bildu dituzte Getxophoto jaialdian. Nazioartean ezagunak diren argazkilarien lanak eta talentu berrienak elkartzen ahalegintzen dira urtero antolatzaileak. Hala, Argentinako, Japoniako, Hego Koreako, Israelgo, Kanadako, AEBetako, Frantziako, Suitzako eta Alemaniako autoreen argazkiak izango dira aurten ikusgai.
Ereagako hondartzatik Algortako portu zaharrera arteko gunean kokatu dituzte erakusketa gehienak, baina ahalegindu dira erakusketa formatu berriak bilatzen. Irina Werning argazkilariaren irudiak, esaterako, zortzi aktorek erakutsiko dituzte, erakusketa ibiltarian. Berezia izango da Bohncgang Kooren erakusketa ere; haren obra tabernetan aurkitu ahal izango diren edontzi azpikoetan inprimatu da. Punta Begoñako galerietan ere hiru erakusketa izango dira.
Jokin Aspuru jaialdiko zuzendaria da aurtengo komisarioa, baina alboan izan ditu aurreko urteetako komisarioak ere: Alejandro Castellote, Frank Kalero eta Christian Caujolle.
Bi zatitan dago banatuta Getxophoto: ekintzak eta erakusketak. Lehenengo asteburuan jaialdia inauguratuko dute, eta egun horietan bilduko dira ekintza gehienak; Getxophoton parte hartuko duten argazkilariek hitzaldiak eta masterclass-ak emango dituzte, besteak beste. Jaialdiak irauten duen bitartean ere, asteburuetan, hainbat egitasmo antolatu dituzte. Michael Ackerman argazkilariak, esaterako, tailer bat emango du, gaueko ibilbideak egingo dituzte, eta Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseuma bisitatuko dute.