Hondamenaren arrastoekin mugimendua marrazten

Zazpi irudigile animazioa lantzen ari dira 'Marraz(i)oak' tailerrean, uholdeek utzitako hondakinekin

Artelekun dauden elementuak erabiltzen ari dira irudigileak, euren animazioa sortzeko. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Hilabete ere ez da pasatu uholdeak Donostiako Martutene auzoan izan zirenetik. Etxeak, kaleak eta dendak hartu zituen urak, baita Arteleku arte zentroa ere. Kalte ugari eragin zituen eraikinean, eta horrekin batera suntsitu zituen hango hainbat dokumentu ere. Hasierako atsekabea gaindituta, hondakinak erabilgarri egiten jakin dute Marraz(i)oak tailerreko arduradunek: uholdeek utzitako hondakinak lan tresnatzat hartu dituzte. Gazteentzako Mikroipuin Animatuak Sortzen izenburupean, narrazio bat sortzeko lanetan ari dira zazpi irudigile astelehenaz geroztik. Ostirala bitarte izango dute euren sorkuntzak garatzeko aukera.

Tailerrak hirugarren aldia du aurten; hala ere, ez doa aurreko bien bide beretik, Aitziber Alonso Galtzagorri elkarteko lehendakariak azaldu duenez. «Hasi ginenean ilustratzaileen eta idazleen arteko lana sustatzeko asmoa genuen, bien arteko harremanak lotzeko. Aurten pixka bat puskatu dugu, eta animazioan sartu gara, ilustratzailearen lan egiteko kontzeptu hori puskatzeko». Horregatik, aurten ez dute idazleek parte hartu, eta marrazkilari profesionalak dira tailerrean lanean ari diren parte hartzaile guztiak. Aurrez egindako hautaketa prozesu baten ondoren, askotariko irudigileak elkartu dituzte Artelekun: badaude esperientzia dutenak, hasiberriak direnak, komiki mundua gertutik ezagutzen dutenak... Batzuek zein besteek «urruti dute animazioaren mundua», eta horretan murgiltzeko aukera izaten ari dira egunotan, hiru irakasleen laguntzaz.

Oier Guillan idazlea, Jose Belmonte irudigile eta animazio egilea eta Isabel Herguera animazio egilea ari dira irakasle lanetan, animazioaren hainbat arlo lantzen. Belmontek eta Herguerak animazioari dagokion alde teknikoa hartu dute beren gain; Guillanek, berriz, gidoigintzaren inguruko argibideak ematen dizkie. «Erakutsi nahi diegu gidoigintza ez dela beti testua. Ilustratzaileek ikus dezatela, zoritxarrez ohituta daudenaren kontra, hitzak ez duela sakratua izan behar, ez duela beti zutabe nagusia izan behar. Idazlearen eta testuaren figura pixka bat erlatibizatu dugu», dio Guillanek. Horretarako, lanean hasteko «hazi batzuk» jarri dituzte, eta aste honetan marrazkigileak egiten ari diren bidaiatik aterako da azken emaitza. «Gidoia hor dago, baina helburua da beraiek egindako lanetatik ateratzea behin betiko testua». Bakarka zein taldeka doaz bidaia horretan, momentuaren arabera. «Askotan taldean lan egin behar izaten da, baina azken finean norberak dituen momentuetan islatuko da norberaren estetika eta ahotsa».

Proposatutako esperimentuari forma ematen dabiltza dagoeneko, gauzak probatzen, ikasten, saiatzen. Marrazkigintzan jantziak badira ere, animazioaren mundua ikertzen ari dira, baita hori garatzeko teknikak ere. Ordenagailuarekin lantzeko programak, argazki kamerak eta bestelako teknologia batzuk dituzte lagun, baina, horiekin batera, «edozer izan daiteke sormenerako abiapuntu». Edonon aurki dezake artistak bere estetika lantzeko giltza, Guillanen arabera: «Artelekun kaos eta hondamendi giro batean gaudenez, uholdeak utzitako ehundura, zikinkeria, gailu izorratuak eta abar dira erabiltzen ari diren elementuak. Horrek estetika bat ematen du, eta irudigileek hondamendi hori aprobetxatuko dute zerbait berria sortzeko».

«Berriro jaiotzea»

Arteleku izan du aterpe Marraz(i)oak tailerrak bere hastapenetatik. Horregatik, uholdeek trabak eragin badituzte ere, «jarraipen bat» eman nahi izan diote aurten ere, Aitziber Alonsok azaldu duenez. «Uholdeak, ura, itsasoa eta suntsipena ditu ardatz tailerrak, baina, aldiberean, berriro jaiotzea ere bada».

Ostiralean amaituko dituzte egitekoak; hala ere, hortik aurrera badute lanak zabaltzeko asmoa. Webgunean jatzeaz gainera, beste bide batzuk topatzenere saiatuko dira. Dena den, tailerra ari da jada bere helburua betetzen. «Tailerrean pentsatzen dugunean tailerra egitean pentsatzen dugu, ikastean, disfrutatzean, ondo pasatzean, gauza berriak egitean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.