Has gaitezen bukaeratik. 1965ean gaude. Edward Hopper eta Jo emaztea gaixo daude, badakite ez dutela luze iraungo. Azken koadro bat pintatzeko lain indar bildu dute ordea, eta horixe izango da euren azken hitza, agurra: Bi komediante. Oholtzaren gainean bi pailazo, zuriz, obra amaitu ostean publikoaren txaloak jasotzera irtenda, eskerrak ematen, gortinen atzera betiko erretiratu aurretik. Hondoa ilun, ia beltz. Koadroa amaitu eta lasterrera hil zen Edward Hopper, 1967ko maiatzean. Ez zen urtebete pasa, Hopperren emazte Josephine Nivison hil zenean.
Hopperren emazte bakarrik ez, ordea. Ezkondu ostetik, haren modelo bakarra izan zen. Ez du merezi erabakian jelosiak edo kontu praktikoek irabazten zuten pentsatzen hastea. Bikotea ezagutu zutenen hitzetan, banaezinak ziren. Margolariaren lana sakon aztertu dutenen arabera, berriz, modelo lanak egiteaz gain, koadroen konposizioa hautatzen laguntzen zion senarrari, aholkuak ematen zizkion. Margolaria zen Josephine Nivison, bere ibilbidea senarraren lanagatik albo batera utzi bazuen ere. Eta koadroa egiteko prozesuan ezinbesteko laguntza bazen, zer esanik ez gero, agente lanak egiterakoan, batekin eta bestearekin berriketan, jendartean hara eta hona, senarra bazter batean eserita zegoen bitartean. Edward Hopper oso omen zen isila eta goibela, bere biografoek esatera. Walter Wellsen ustez, gaur egungo hizkera moduarekin, depresiboa zela esango genuke. Gehiegi esatea da akaso, edo ez. Bere udako egonaldietan margolaria ezagutu zuen John Dos Passos idazlearen hitzetan, «askotan sentitzen nuen zerbait esateko zorian zegoela, baina ez zuen sekula egiten.»
Bere koadroetan bezalaxe, pentsa lezake irakurleak. Hor duzu bat argazkian, 1932koa da, Room in New York (New Yorkeko gela bat), gaur bertako argazki bat izan zitekeen. Gizona eserita, gogoa egunkarian murgildurik; erdian mahai biribil bat; emakumea pianoan, soina gizonarengana jiratuta baina burua pianora, tekla bat zapalduko ez zapalduko zalantzan bezala, isiltasuna hausteko beldurrez-edo. Isiltasuna. Mark Rothkok esan bezala, «isiltasuna hain da zehatza». Hopperren koadroei isiltasun zehatza darie. Ez haatik isiltasun bare lasaia. Bere belaunaldikide zen Charles Burchfield margolariaren aburuz, «ia hilgarria» da koadro horretako isiltasuna, sortzen duen tentsioagatik. Ikusleak ia beldurra sentitzen du, emakumeak tekla zapaldu, soinua egin, isiltasuna hautsi eta gizonaren haserrea ez ote duen eragingo, ez ote duen egunkaria lurrera bota eta agiraka hartuko. Ikusleak osatzen badu koadroa, Hopperrenetan osatu bakarrik ez, osorik egiten du berriz norbere irudimenak.
Eta alde erantzira, gure irudimenean erabat sartuta dagoen artista da Hopper. Ondo ezagutzen ditugu haren koadroak, harenak zirenik jakin gabe ere. Bazter guztietan ikusi ditugu, edozein tabernatako posterretan, hainbat libururen azaletan, edonon. Hori izango da, besteak beste, krisi hotsak erabat hedatu diren garaiotan halako erakusketa bat paratzeko arrazoietako bat. Udako blockbuster bat izango da. Jende asko hartuko du museoak, seguruenera. Ordutegia bera ere moldatu egin dute, eta 23:00ak arte egongo da irekita Hopperren erakusketa.
Hopper, argiaren miraz
Frantziako Museo Nazionalekin antolatua, irailaren 16a arte egongo da artistaren erakusketa Madrilgo Thyssen museoan73 lan ikus daitezke, eta Europan eskaini zaion erakusketarik osoenetako bat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu