Horrainokoak eta haragokoak nahasian

Ajuria sailkatu da lehena Balmasedan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan, saio nahasi batean

Beñat Zamalloa Akizu.
Balmaseda
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ez zen txapelketan estreinatu gabeko inor Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan, Balmasedan: aurrez ere kantatuak ziren Ibon Ajuria, Gorka Ostolaza, Eñaut Uruburu, Xabat Galletebeitia, Ander Salaberria eta Itxaso Paia. Bakoitzak bere mailako kanporaketako saioa egin zuen, elkarrekin nahasian, eta ez zen ezusterik izan. Hala lortu zuen Ibon Ajuriak finalaurrekoetara sailkatzea: saioa irabazita. Eta Gorka Ostolaza ere beste behin finalaurrekoetarako aukera izateko moduan da, beste hiru kanporaketako saio falta direnean.

Saioko giroa bezalatsu bertsolarien jarduna ere nahasia izan zen. Ez zen antzokia bete 150 bat lagunekin, eta soinu zerbait lanbrotuak ere ez zuen inoiz goratxoagoko giroan laguntzen. Bertsolarien oholtzako jarreran esperientzia nabari arren, nahasiak izan ziren ariketak, eta puntuazioen aldeak erakutsi zuen zenbaterainoko nahasi zen kideen arteko jarduna.

Ofizioetan, lehen bi ariketetan, izan ziren emaitzarik onenak. Ajuria eta Uruburu aita-semeen ahotik kantari aritu ziren zortziko handiko azken ariketan. «Ibon, tabernaria zara. Negozioa ixtekotan zaudela Eñaut semeak tabernarekin berak segituko duela esan dizu», aurkeztu zien gaia Leire Aurrekoetxeak. «Beste zer egin ez dekogu ta / zer egingo deutsagu ba?», bukatu zuen bere lehen bertsoa Uruburuk, eta pena bat aitortu zion segidan Ajuria aitak: «Pena bat badot barru-barruan / beti amestu dot hala: / zure aitak baino behar hoba bat edukiko zenduala». «Ze o zer hoberik topau neikela / antza iruditzen jatzu / gitxienean bizi ahalko naz / pobre, baina zoriontsu», erantzun zion Uruburu semeak. Bertsotan bakarrik ez, doinuaren aukeraketan ere fin ibili ziren.

Saioa Salaberria eta Ostolazaren zortziko txikiko ariketan alaitu zen zer edo zer. Salaberria artista zen erakusketa zabaldu zuen egunean, eta orduak aurrera joanda, Ostolaza ama baino ez zen agertu. «Ta ez da inor etorriko / hona beharbada / baina amatxo argi/ esango dut hara / arteaz ulertzen duen / bakarra zu zara», hasi zuen ariketa Salaberria artistak. Zintzo eta zuzen argitu zion egoera Ostolaza amak: «Zu ez emozionatu / umetxo laztana / konpromisoagatik / etorri da ama». Kontuak zintzo argitzen hasita «serbilleta legez be / ez daue balio» ere bota zion Ostolazak. Euren aurretik izan zen zortziko handiko Ajuria eta Urubururen gaia ekarrita borobildu: «Noiz hartu behar dozu / aitaren taberna?».

Saioko lehen bi ariketek, ofizioek, tarteka oreka izan bazuten, nahasiagoak izan ziren osteko bi ariketak. Lehen puntua emanda bertsoa osatzeko ariketan, behera egin zuen saioak, eta saioko irabazleak bigarrenean poto ere egin zuen.

«Urteak eman dituzu etxetik kanpo. Bueltatu zarenean, arrotz sentitu zara», zen abiapuntua kartzelako lanerako. Presoaren, etorkinaren, Erasmuseko ikaslearen eta Alemaniara lan bila joandakoaren rolak aukeratu zituzten. Gaien aukeraketan aberatsak izanagatik, gaia garatzerakoan, narrazioan eta betelanean nahasi aritu ziren. Ostolazak bertan topatutako egoera poliki deskribatu zuen lehen bi bertsoetan, baina hirugarrenean kontakizuna azaltzerakoan aita santua, Erroma eta berriro itzuliko zela nahastu zituen bestelako aurreko azalpenik barik, eta kontakizuna hankaz gora jarri zuen.

Alemaniara lan bila joandakoa Ajuria izan zen. Bertsoaldirik zuzenena izan zen berea. «Nahiz ta sentitu nahi neban / nire etxeko epela / ezin dot ukatu hemen / jokoz nagoela», bukatu zuen bigarrena. Azkenean, beste aukera bat eman zion bere herriari: «Tamalez ez zan horrela / nire bizitzan lenago / baina amets bat euki dot / ta mantendu dot luzaro. / Azkenik nire herrian / barriro be hemen nago / herriari emongo deutset / beste aukera bat gehiago».

Aurreko txapelketan legez, Gernika-Lumon jokatuko du finalaurrekoa Ajuriak Beñat Ugartetxea, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Peio Ormazabal eta kanporaketetan puntuetan laugarren sailkatuko denarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.