Idazle gutxik lortzen duten neurriko onespen zabala eta ezberdinen arteko adostasuna lortu zituen Wislawa Szymborska poetak literaturaren Nobel saria jaso eta gero. Joera, estilo eta poetika askotako idazleek aipatzen dituzte noiznahi haren poemak edo poema zatiak, solasaren edo artikuluaren gaia edozein delarik ere. Hitz handi eta hanpaturik gabe, giza izaeraren txikitasunari txikitasun horren kontzientzia ondo bereganatua duenaren ironiaz begiratzen dion poesia idatzi zuen; edozein irakurle, nahi gabe ere, alegia deus ez, poeman esandakotik hurbil sentiarazten duena; patxada abegikorra eta kontsolamendua transmititzen dituena. Bere poemei darienaren antzeko lasaitasunez hil zen herenegun gauean, Krakoviako bere etxeko ohean lo zegoela, aspalditxotik diagnostikatua zioten biriketako minbiziaren ondorioz, haren laguntzaile eta idazkari Michal Rusinek adierazi duenez.
Mundu osoko poetarik estimatuenetako bat zenez, oihartzunzabala izan zuen atzo Szymborskaren heriotzaren albisteak. «Wislawa Szymborska munduko poeta eta saiakeragile handien panteoikoa da», adierazi zuen Androulla Vassiliou Europako Hezkuntza, Kultura, Multilinguismo eta Gazteria Batzordeko komisarioak. «Haren lanak Poloniako historia eta kultura argitu zituen hainbat hamarkadatan, eta mundu osoan izan zen estimatua». Szymborskaren libururik ez dago euskaratuta oraindik, baina euskal idazle eta literaturzale askok aipatu zuten atzo sare sozialetan eta hedabideetan idazle zendu berria.
Poznandik gertu, Prowent herrian (egun Kornik) jaio zen Wislawa Szymborska, 1923an. Zortzi urte zituela Krakoviaraaldatu zen familiarekin, eta han bizi izan da harrezkero. 1945ean argitaratu zuen lehen aldiz poema bat, Dziennik Polski egunkarian. Aurreneko poema liburua 1949rako zuen prest, baina zentsura arazoengatik ezin izan zuen 1952ra arte argitaratu. Lehen urte haietan idatzitako poesiari uko egin zion urte batzuk geroago, errealismo sozialistarekin estuegi lotua zegoela iritzita. Poloniako Langileen Alderdi Batuko kide bazen ere, 1957 inguruan disidenteekin harremanak izaten ari zen.
Sarien bidez ezagutarazia
Nahiz eta Poloniako irakurleek estimatutako poeta izan aurretik ere, bi sarik zabaldu zuten Wislawa Szymborskaren izena eta poesia mundura: Goethe sariak lehenik, 1991n; eta, batez ere, indar handiagoz, Nobel sariak gero, 1996an. Aurretik hautagaien zerrendetan agertu gabe lortu zuen saria, baina gerora inor gutxik kritikatu du Suediako Akademiak urte hartan hartutako erabakia. «Gizakiaren errealitatearen zatiak beren testuinguru historiko eta ideologikoan argitzeko erabiltzen duen zehaztasun ironikoa» laudatu zuten bereziki epaimahaikideek, saria zergatik eman zioten azaltzean.
Bizimodu arrunta maite izan zuen beti, literaturaren ingurukoospakizunetatik apartekoa, eta Nobel sariak ez zuen beste modu batean bizitzera bultzatu. Idazteari ez zion ordea utzi. 2009an argitaratu zuen oraingoz bere azken poema liburua dena, Tutaj (Hemen) izenburuarekin.
@Szymborskaren poemen euskarazko itzulpenak irakurri edo entzuteko: http://ekarriak.armiarma.com/zizkak/?szymborska&m http://www.youtube.com/watch?v=FYR2RFBmGM8
Hortxe, hurbil, lagun
Wislawa Szymborska poloniar poeta hil da, joera, estilo eta poetika askotako idazleen erreferentea 1996an Nobel saria jaso osteanSariak harridura sortu zuen, baina geroztik inor gutxik kritikatu du orduko erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu