Hoteleko logelan dantzan

Angels Margarit dantzari katalanaren 'Solo para habitación' obrarekin hasiko da BAD jaialdia, gaur

Angels Margarit, atzo, ikuskizuna egingo duten hoteleko gelan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko Miro hoteleko 83. gela agertoki bilakatuko du asteburuan Angels Margarit koreografoak. Iaz, sorkuntza modalitatean, Espainiako Dantza Sari Nazionala eskuratu zuen Margarit artista katalanak, eta Solo para habitación ikuskizunaren xarma nabarmendu du prentsaren aurrean eginiko ekitaldian. «Izaera intimoa» dauka, publikoa murritza baita, zortzi lagunek soilik osatuko dute Bilbokoa. Dantzariaren eta logelan dauden ikusleen arteko trukea da. «Hoteleko logela bat oso toki aproposa iruditzen zait intimitatea sentitzeko. Dantza performancea ikustera gonbidatzen dute ikuslea, bainaegongo ez balitz bezala jokatzen du», azaldu du Margaritek.

Ikuslea ezusteko voyeur gisa dago hoteleko logelan bertan gertatzen denari begira. Publiko batentzat antzezten ari ez den pertsonaia baten intimitatea dauka begi bistan. Haren pentsamenduen, itxaropenaren eta bakardadearen lekuko da. Hogei minutu irauten du dantza saioak, eta egitura zirkularra du: amaiera hasierarekin lotzen da, eta etengabe errepikatzen da. Dantzaria sofan eserita dago telebista ikusten; ikuslea ere bai. Altxatu eta leihotik begira hasten da. Dantzariak leihotik ikusten duena ageri da telebistan. Gaua da Bilboko kaleetan. Gelan alde batetik bestera darama dantzariak ikuslearen begirada, hotelean bakarrik dagoen apopiloaren barne sentimenduekin dantzan.

Margaritek moldaketa berezia egin behar izan du Bilborako. Orkatila bihurritu zuen joan den asteburuan, eta ezingo du berak dantza egin. Mudances bere konpainiako Isabel Lopez dantzaria zuzenduko du.

Margaritek 30 urte daramatza dantzaren munduan. Duela 22 urte sortutako lan hau pieza ibiltaria bilakatu da, Europa, Australia, Japonia, eta beste zenbait herrialdetako hoteletan aurkeztu baitu.

Erabateko hamabi estreinaldi

Oraingoa BADen XIII. ekitaldia izango da, eta 21 konpainiak hartuko dute parte. Hamabi erabateko estreinaldiak izango dira. Aipagarrienen artean, Arkadi Zaidesen Quiet dago; lan hori israeldarren eta palestinarren arteko gatazkari buruz ari da. Bestalde, Seydu Boro dantza garaikideko konpainia afrikar ezagunak Le tango du cheval lana aurkeztuko du Euskal Herrian lehen aldiz.Marco Canale antzerkigile eta zuzendari argentinarraren La puta y el gigante ere lehen aldiz ikusiko dugu hemen. Lan horretan, zuzendaria lehen aldiz igoko agertokira, eta Alvaro Uribe agintean egon den bitartean Kolonbiak bizi izan duenari buruzko gogoeta egingo du, ikuspegi kritiko batetik.

Bertako artisten artean ere badira estreinaldiak. Horman Poster talde bilbotarrak Pasado perfecto emango du. Olatz de Andresek Privolta estreinatuko du, ukitu retro-futuristako lan bat, Teatro Teatrok Autoestigma eta Juan Dominguezek Ya llegan los personajes multimedia performancea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.