Huelva eta Cadizko kantea nagusituko dira Una Ria Con Duende jaialdian

Miguel Rosendo eta Keko Baldomero, Barrio Viejo eta Huelvako Peña Flamenca ariko dira, besteak beste, Bilbon

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Huelva eta Cadizko (Espainia) kantea ekarriko du Bilbora Una Ria Con Duende flamenko jaialdiaren VII. aldiak. Urtero bezala, dantza, gitarra, kante eta txalo tailerrek flamenkoko artisten emanaldiekin jositako egitaraua osatuko dute. Besteak beste, Barrio Viejo taldea, Juanjo Calderon kantaria, Huelvako Peña Flamenca eta Miguel Rosendo eta Keko Baldomero kantariak izango dira berton. Emanaldiak hiriko Ibaiondo barrutian egingo dituzte, Concordiako geltokian, San Frantzisko eta Burtsako udaltegietan eta Elizbarrutiko Museoan, irailaren 8tik 30era bitartean.

Pedro Chaparro, Juan Manuel Marote eta Angel Tala musikariak buru, Barrio Viejo taldearen ikuskizunak emango dio hasiera jaialdiari, hilaren 8an FEVEko Concordia geltokian. Taldeak flamenkoaren oinarrizko estiloa jorratzen du, eta «konpasaren eta airearen garrantzia transmititzen ahaleginduko da», antolatzaileen hitzetan. Astebete geroago, Juanjo Calderon kantaore gasteiztarra ariko da, hilaren 15ean, Elizbarrutiko museoan.

Emakumeei erreparatuz

Aurrekoetan bezala, flamenkoko emakumeei leku berezia gorde die jaialdiak Emakumeak eta flamenkoa atalean. Huelvako Peña Flamenca taldea Burtsako udaltegian arituko da hilaren 22an, 20:00etan. Taldeak Huelvako kantean sakondu du azken urteotan,eta, antolatzaileek azaldu dutenez, «osatzen duten emakumeek euren belaunaldiko ahotsik azpimarragarrienak dira».

Hilaren 30ean, berriz, Cadizko kanteak hartuko du lekukoa eta Así canta Cai programa bikoitza aurkeztuko dute. Miguel Rosendo eta Keko Baldomero ariko dira batetik, eta David Palomarren taldea bestetik. Lehenengoek, «bizigarri berria eman diote gatzez, eguzkiz eta sonez betetako lurrean jaso duten arte tradizioari», antolatzaileek diotenez. David Palomarri dagokionez, «bere aurrekari guztien grazia eta jakin-mina» bereganatu dituen artista dela azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.