Atzera begira egon dela; arte garaikideari ez zaiola nahikoa erreparatu. Kritika horretatik abiatuta ondu du Bilboko Arte Ederren Museoak 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketa. Hala dio Miguel Zugaza zuzendariak. “Funtsean, autokritika bat da”. Azken 50 urteetako artearen ibilbidea egin du museoak, testuinguru kulturala, soziala eta politikoa ardatz hartuta. “Euskal arteak modernizatzeko erabilitako moduak aztertzea da erakusketaren helburua, beti ere, testuinguru politikoa eta kulturala aintzat hartuta”. 1968ko maiatzetik 50 urte igaro direnean proposatu du ekitaldia. Asteazkenean zabalduko ditu ateak eta 2019Ko apirilaren 28ra bitarte izango da ikusgai.
Museoaren bildumatik abiatu dute erakusketa, baina bestelako erakundeek zituzten hainbat piezarekin osatu dute erakusketa. Orotara, 150 lan jarri dituzte ikusgai museoaren eraikin moderno gisa ezagutzen den azpiegituran eta ehun artista baino gehiagoren lanak bildu dituzte. Artelanez gain, artxiboetako dokumentuak ere jarri dituzte ikusgai, testuinguru politiko eta sozialaren argipen gisa. “Hausnarketarako erabili nahi dugu erakusketa, orainaren eta etorkizunari buruzko gogoeta egin nahi dugu eta arte garaikidearen zabalpenean Arte Ederren Museoak duen funtzioa aztertu”.
Hamarkadaka antolatu dute erakusketa. Atariko batekin abiatzen da, 1968. urtearen aurrekoen testuingurua biltzen duena. Bertan daude ikusgai, besteak beste, Maria Dapena, Dionisio Blanco eta Agustin Ibarrola artistaren irudiak. 1940ko hamarkadan jaiotako euskal artisten belaunaldiko lanak daude, oro har, lehen aretoan. Euskal Eskolako taldeetako kideak; eta, bereziki, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida eskultoreen lanak azpimarratu ditu Miriam Alzuri komisarioak. “Erakusketa osoan zehar nabari da beraien eragina”. Atariko horretatik, hamarkadaz hamarkada, euskal artisten ibilbide artistikoa osatu dute.