Hustu puzteko

Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Judith Monterok osaturiko Ornitorrinkus egitasmoak CD-liburuxka bat kaleratu duHitzekin eta hotsekin esperimentatzeko nahiaren ondorio da 12 piezaz osaturiko lana

Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabier Erkizia, Ornitorrinkusen hiru adarrak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Musika garaikideak, elektronikak eta bertsoak elkar hartuta osaturiko hotsen eta ahotsen proiektua. Horrela definitzen dute hiru kideek Ornitorrinkus egitasmoa. Baina sailkaezina dela ere badiote. Eta sailkaezintasun horren atzean elkar batze batena baino gehiago, elkar bilatze baten asmoa ageri da. Eta kontzeptu ugariren inguruko gogoeten talkatik sortutako sorkuntza guztiz berri bat. Maialen Lujanbiok (hitzak eta ahotsa), Judith Monterok (saxofoiak) eta Xabier Erkiziak (elektronika eta zaratak) 2006an ekin zioten esperimentazioa bide eta helburu duen proiektuari.

Lujanbiok eta Monterok elkar ezagutzen zuten aurrez. Biek zuten euren ohiko esparrutik ateratzeko nahia, edo bederen euren ohiko esparru hori birpentsatzekoa. Biak elkar hartuta hasi zuten bidea. Batak saxoaren egitura formal ohikoak eremu berrietara eramanez, eta besteak bertsoaren eta ahotsaren elementuekin lanketa bera eginez. Euren asmoari egitura sendoago bat eransteko beste elementu bat beharrezkotzat jo, eta Xabier Erkizia musikari eta soinu artistarengana jo zuten. Proiektuaren nortasunarekin eta ezaugarriekin bat egingo zuen izen bat bilatu behar, eta ornitorrinkoa azaldu zitzaien bide erdira. Itxura batean bateraezinak diren ezaugarriak biltzen ditu ornitorrinkoak gorputz bakarrean. Irudi sinboliko gisa hartuta, sailka ezin denaz, izateaz eta izan ezinaz esperimentatzeko sortu zen Ornitorrinkus.

Esperimentazioa ez askietsita

Nork bere sorkuntza nortasuna ezbaian jartzea. Horra planteamenduaren oinarria. Puztu aurretik hustea. «Horretarako lurralde ezerosoetara jo behar izan dugu. Dekonstrukzio prozesu bat egin behar izan dugu, eta bakoitzak dar-darra sentitu arterainoko bidea egin», azaldu du Erkiziak. Bide hori egiteko esperimentazioa makulu, «baina ez esperimentazioa bera askietsita; ez esperimentazioa pose modura, baizik eta nork bere rolak, egiturak eta posizioak zalantzan jarriz», zehaztu du Lujanbiok.

Lau urteko prozesuak —laborategi gisa hartutako estudioko lanak eta zuzeneko emanaldiak— beste eremu batera eraman ditu. Landutakoa CD-liburuxka batean bildu baitute, orain arte egindako bidearen erregistro modura. Monterok dioenez, formatu aldaketak beste ahalegin bat eskatu die: « Material bat joan da sortzen, baina hori beste modu batera ematea erabaki genuen».

Honela diote taldekideek www.ornitorrinkus.org webgunean: «Diskoko soinu pieza bakoitza Ornitorrinkusen ibilbidean emandako pauso berri bat bezala uler daiteke, etapa berri bat, oraindik nora garamatzan ez dakigun bidean. Soinuz idatzitako nota koaderno moduko bat da Ornitorrinkus disko-liburuxka, objektu definigaitza bera ere, definizioz eta izatez».

Lan hori burutzeko kide gehiago ere batu zaizkie: Xabier Gantzarain eta Eneko Aristik diseinatu dute objektua. Jose Belmonte marrazkilariak soinu piezak irudi bihurtu ditu. Maialen Lujanbioren hitzez gain, Jakoba Errekondo, Joseba Sarrionandia, Ixiar Rozas eta Xabier Erkiziaren testuak ere biltzen ditu liburuak, soinu piezak abiapuntu hartuta espresuki sortutakoak.

Aurrerantzean ere Ornitorrinkusek urrats berriak egingo ditu sailkaezin izaten jarraitzeko prozesuan. Azaroaren 25ean entzunaldi komentatua egingo dute Donostiako Artelekun (19:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.