Kafea legez, poesia hutsa edo azukrearekin har daiteke, musikaz jantzita, antzerkiaz lagunduta, hitzaldi bihurtuta edota irudi plastiko eta ikus-entzunezkoekin lagunduta. Hala, aurten, bederatzigarrenez, Eako Poesia Egunek (Bizkaia) gustu guztientzako poesia kikarak ekarriko dituzte herriko tauletara. Urtebete eman du suteak pizturik, eta urtebete eman dute antolatzaileek su motelean jaialdia txeraz prestatzen. Atzo, Bilboko Cafe Bilbao tabernan aurkeztu zuten aurtengo jaialdiaren errezeta: poesia hutsa, poesia musikatua, antzerkia eta hitzaldiak. Hurrengo asteburuan, hilaren 13tik 15era bitartean, horiek guztiak dastatzeko aukera izango da Ean. Besteak beste, berton izango dira: Mikel Lasa, Xabier Amuriza, Ruper Ordorika eta Yolanda Castaño.
Poesia hutsa edo azukreagaz? izenburua jarri diote aurtengoari. Castillo Suarez poeta eta antolatzaileak azaldu duenez, izenburuak poesiaren inguruan maiz izaten diren eztabaida birekin du zerikusia: «Maiz eztabaidatzen da ea poesiak gizartetik kanpo sortu behar den gauza bat izan behar duen edo gizarte gaiei lotuta egon behar duen», azaldu du. «Gero, beste eztabaida bat izaten da ea poesia huts-hutsean irakurri eta entzun behar den edo, aldiz, beste adierazpideen bitartez zabaldu behar den». Bide horretan, poesiaren zabaltasuna aintzat hartuta, bide guztiei leku eman nahi izan diete.
Gabriel Aresti idazlea izango dute gogoan jardunaldietako lehen egunean. Xabier Amurizak zabalduko ditu, eta, Arestiren bertso eta koplak oinarri hartuta, hitzaldi eta kantaldi berezi bat emango du. Esperimentazioari ere leku emango diote, eta Norte Apacheko kideek Arestiren poemak rapeatuko dituzte gauean.
Musikak leku nabarmena izango du zapatuan ere: arratsaldearen hasieran, Mikel Lasa gure artean solasaldi musikatuan, Lasaren poemak aitzakia hartuta, Garazi Izagirrek eta Itziar Etxegiak pieza batzuk joko dituzte. Berton izango da Lasa, eta Edorta Jimenezek lagunduta arituko da. Gauean, berriz, Ruper Ordorikak eta Jon Pirisek Joseba Sarrionandiaren poemak kantatuko dituzte, Oroimenaren mapa ikuskizunean.
Eako Poesia Egunen bereizgarrietako bat izaten da urtero Earako bereziki sortutako lan baten estreinaldia izaten dela. Aurten, Iñigo Aranbarriri egokitu zaio horren ardura, eta, Eako Eguzki-Jaia etxearen historiatik abiatuta, identitatearen inguruko antzezlan bat sortu du: Munduan beste. Labea Laborategiko aktoreek taularatuko dute, larunbatean.
Galiziako poesia gonbidatu
Hiru egunez euskal poesiaren kaia izatearekin batera, urtero, atzerriko emakume poeta bat ekartzen saiatzen dira antolatzaileak. Aurten, Yolanda Castaño poeta galiziarra izango da: «Esango nuke Galiziako poetarik onena dela egun», argitu du Suarezek. «Haren bereizgarrietako bat da ez duela poesia huts-hutsean eskaintzen. Normalean, saiatzen da beste adierazpide batzuk erabiltzen poesiarekin batera».Castañok, bere poemen errezitaldi bat egitearekin batera, hitzaldi bat ere emango du.
Urtero bezala, aurten ere, urte honetan poesia liburu bat argitaratu duten zenbait idazle gonbidatuko dituzte, beren poemak errezitatzera. Hala, zapatu goizean, Ione Gorostarzuk, Jon Gerediagak eta Iñigo Astizek beren poemak irakurriko dituzte.
Hutsa eta azukrearekin
Eako Poesia Egunetan, poesia «hutsa» eta poesia eta beste arteak uztartzen dituzten emanaldiak bilduko dituzteBesteak beste, bertan izango dira Xabier Amuriza, Mikel Lasa eta Ruper Ordorika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu