Ia bost urteko kartzela zigorra eskatu du Nagelek Porcelanas Bidasoako buruentzat

Berak diseinatutako baxera baten plagioa egitea egotzi die Jose Ignacio Fernandezi eta Juan Carlos Cullari

ARANTZAZU MUñOA DONOSTIA
2008ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Baxera baten diseinuaren plagioa egitea egotzita, lau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatuko du Andres Nagel artistak Porcelanas Bidasoa enpresako bi bururentzat: Jose Ignacio Fernandez Somalorentzat eta Juan Carlos Culla Zuazurentzat. Atzoko prentsaurrekoan Nagelen abokatu Eliseo Martinezek jakitera eman zuenez, epaiketa laster egingo da.

Nagelen akusazioa, «funtsean», bat dator Gipuzkoako Fiskaltzak aurreko astean egin zuen salaketarekin. Bi urteko kartzela zigorra eta diru isuna eskatu zituen hark bi enpresaburuentzat. Plagioa egin izana eta sortzailearen baimenik gabe haren obra zabaldu izana leporatu zien. Eta ondorioz, Porcenalas Bidasoak jabetza intelektualaren aurkako delitua egin zuela salatu zuen.

Nagelen eskaera handiagoa da, haren esanetan, delitua etengabea izan zelako: «Baxeraren hasierako hamaika diseinuetatik beste asko sortu dira. Ez daude zenbatuta Porcelanas Bidasoak egin dituen plagio guztiak. Ustezko delitu hau, kasu horretan, etengabea izango litzateke, eta horrek handitu egiten du akusatuentzat eskatzen den zigorra», abokatuaren arabera.

Fiskaltzaren akusazioarekin alderatuta, Nagelek egiten duen beste ñabardura bat Porcelanas Bidasoak baxeraren salmentatik lortutako irabazien ingurukoa da. Fernandezen esanetan, obra plagiatu bat behin eta berriz saldu da irabazi ekonomikoak lortzeko.

Baxeren diseinua egiteko eskaera gogoratzen du Nagelen akusazioak. 2000 eta 2002 urteen artean Arzak izeneko 11 lan egin zituen Nagelek baxeren diseinurako, Porcelanas Bidasoaren orduko enpresaburu nagusiak hala eskatuta. 2003an Porcelanas Bidasoako kudeatzaileak eta salmenten arduradunak Arzak baxerari aldaketak egiteko agindu zieten langileei, eta Arzak izenaren ordez AZ izena emateko. Ekintza hori, Nagelen akusazio idatziak dioenaren arabera, plagioa da.

Horregatik guztiagatik, bi enpresaburuentzat ia bost urteko kartzela zigorra eskatzeaz gainera, dagokien kalte-ordaina ordain dezatela ere eskatu du Nagelek; baita dagoeneko eginda eta saltzeko pronto dauden piezak konfiskatzeko ere. Horrezaz guztiaz aparte, moldeak suntsitzea nahi du eta berriz produzitzen hasteko debekua ematea enpresari.

Artea eta Zuzenbidea Fundazioko presidente Javier Gutierrez pozik agertu zen atzo Fiskaltzak aurreko astean Porcelanas Bidasoako bi enpresaburuen aurka egin zuen eskaerarekin, «horrek Nagelen jarrera indartzen baitu».



BABESGABETASUNAREN SALAKETA.Porcelanas Bidasoaren egoitzan egindako ikerketan lortutako frogak enpresari itzultzeko agindu zuen Gipuzkoako Epaitegiak. Horren aurrean babes helegitea jarri zuen Andres Nagelek Auzitegi Konstituzionalean, baina oraindik ez dute helegitea ebatzi. Nagelek Gipuzkoako Epaitegiak inolako babesik gabe utzi zuela azaldu zuen atzoko agerraldian: «Porcelanas Bidasoan sartuta lortu genituen froga guztiak itzultzera behartu gintuzten. Froga horiek Irungo epaitegian egon beharko zuketen. Orain Auzitegi Konstituzionalak helegitea onartuta ere, froga horiek dagoeneko ez dira existitzen».

Martinez abokatuak egoera paradoxikoa dela gaineratu zuen:«Frogak itzulita babesik gabe geratzeko beldur ginelako jarri genuen helegitea Auzitegi Konstituzionalean eta hark epaia ematerako frogak itzuli dituzte. Beraz, gure hasierako beldurra egia bihurtu da dagoeneko».



NAGEL, ARTISTA GUZTIEN ISPILU. «Nagelek auzi hau hasi zuenean, argi geratu zen berak gainditu beharko zituen zailtasun guztiak euren eskubideak aldarrikatu nahi dituzten sortzaile guztiek gainditu behar izaten dituzten zailtasunen sinbolo zirela», adierazi zuen Javier Gutierrezek.

Obraren egilea Davidekin alderatu zuen, eta instituzio publikoak zein enpresa handiak Goliatekin: «Egilea ahula da, eta lankideen laguntzaz bakarrik egin diezaieke aurre zailtasunei». Nagelen arazoa, hasieran kontratuaren bortxaketa bazen ere, gero gertakizun kriminal bilakatu zela salatu zuen: «Nagelen esfortzuaz abusatu zuten eta herritar guztiei dirua ateratzen saiatu ziren plagioak salduz».

Artista batek bere eskubide morala defendatzen duen bakoitzean guztien interesen defentsan ari dela gaineratu zuen, eta baxeren aferari egin zion erreferentzia: «Baxeren plagioa salatuta, baxera horiek eros ditzakeen edonor ari da defendatzen artista».



«Porcelanas Bidasoaren aurkako frogek epaitegian egon beharko lukete, baina jada ez dira existitzen»

andres nagel
artista




«Plagioak ez dira zenbatu, delitua etengabea da, eta horrek handitu egiten du eskatu beharreko zigorra»

eliseo martinez
abokatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.