Maite Arroitajauregi, 'Mursego'. Musikaria

«Ia edozer gauzarekin egin daiteke zerbait estetikoa edo hunki zaitzakeena»

Irudimena eta sormen gaitasuna dauzka ezaugarritzat 'Bi (2)' Mursegoren bigarren diskoak; argi dauka musikan bide egiten jarraitu nahi duela, kantuak sortzen eta kontzertuak ematen.

gorka erostarbe leunda
Eibar
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Lehen diskoa —Bat (1), autoekoitzia, 2009— plazaratu eta urtebetera kaleratu zuen Bi (2), Bidehutsekin. Musikan daraman ibilbideak bete egiten du Maite Arroitajauregi (Eibar, 1977). Beste musikari askorekin lan egin izan du txelo jotzaile modura, «baita haiekin ikasi ere», baina bakarkako lanean ere buru-belarri aritu nahi luke. «Askatasun handiagoa izaten da zuk zeure buruarentzat konposatzen duzuenean, baina baita erantzukizun handiagoa ere. Poz eta tristura guztiak ere zuretzat dira». Txeloazgain, ordenagailuaren eta teknologiaren laguntza izan du lan berriko kantuetan musika geruzak eta giroak sortzeko. Gaur Donostiako Lugaritz kultur etxean ariko da, 21:00etan.

Lehen diskoarekin zeure burua ezagutarazi zenuen sortzaile gisa. Bi (2)-rekin ahots propio bat lortu duzu?

Lehenengoa esperimentu moduko bat izan zen. Ez nekien zer aterako zen ere. Jendearen erantzuna jaso ondoren, han eta hemen jotzeko eskatuz hasi zirenean, serioago hartu nuen sortze kontua. Eta, oraintxe, nire bizitzan behar bat da musika. Argi dauzkadan gauza gutxienetako bat da, entseatzen jarraitu behar dudala, abestiak sortzen jarraitu behar dudala eta kontzertuak ematen. Musikak nire bidean jartzen nau.

Perfekzioa ez duzula atsegin esana duzu berriki. Sortzaile askok diote hori. Baten batek esan lezake gabeziak ezkutatzeko aitzakia dela.

Hori ere izango da, bai. Ez naiz txelista ona, teknikari dagokionez. Baina oraingo diskoan, huts asko nahita laga ditugu bere horretan. Huts asko dira teknikoak; txeloaren arkuarekin atera behar ez ziren zenbait zarata, esaterako. Baina iruditzen zait huts horiek natural egiten dutela soinua. Badaude beste akats batzuk gerora konturatzen zarenak eta ez direnak nahita utzitakoak. Adibidez, Zuek zarete Za!abestiaorain azkarrago eta indartsuago grabatuko nuke.

Jende gehienak oso begi onez hartu du bigarren diskoa, eta, era berean, oraindik ez duzula goia jo esan du. Non du goia Mursegok?

Kantitatean, badut gehiago emateko; kalitatean, ez dakit. Pentsatzen dut baietz. Pentsatzen dut ikasten noan heinean eta esperientzia hartzen noan heinean gehiago ematea izango dudala, gustatuko litzaidake.

Musika aldizkaririk ez omen duzu irakurtzen. Horrek lagun dezake inozentzia bat mantentzen?

Lehen, garai batean irakurtzen nituen. Gero, denbora luze batez bat ere ez. Eta orain hasi naiz berriro pixka bat irakurtzen. Beraz, inozentzia galtzen ariko naiz, baina bestela ez nintzen ezertaz jabetzen. Hainbeste eta hainbeste musika talde dago gaur egun...

Musika gaitasunak albo batera utzita, irudimenak egiten du borborka lan berrian. Horrek bereizten zaitu.

Bai, sormen ariketa egin dudala esan didate. Irudimena badaukat, eta eskulanak asko gustatzen zaizkit, margotzea, ilea moztea...

Bideo joko batean oinarrituriko kantu bat sanba erritmoarekin lotzeko edota sukaldeko errezeta bat kantu bihurtzeko, irudimena behar da...

Bizitzan dena dago lotuta, eta arreta pixka bat jarriz gero, ia edozerekin egin liteke kantu bat. Hegaluzeapistoarekin kantua kontzertuetan ematean Enrique Morente zenaren abesti baten zati bat hasi naiz sartzen. Asko gustatzen zitzaidan Morente, eta keinu baten moduan egiten dut.

Oso gai eta atmosfera diferenteak daude lan berrian. Adibidez, umorea presente dago eta badira une barnerakoiagoak ere. Mugarik ez duzu jartzen sortzeko orduan?

Tira, bizitzaren beraren isla da hori. Bizitzaren gazi-gozoak. Eta niretzat umoreak garrantzi handia dauka. Badaude talde batzuk erabiltzen dutenak umorea lan tresna modura, baina orokorrean ez dago umorerik.

Estereotipoetatik ihes egitea da zure lan tresna?

Ez da nire nahia hori. Ateratzen zaidana egiten dut, besterik ez.

Hainbeste giro eta gai harrapatzeko denera irekita egotea da gakoa? Denak balio du zuretzat edo badaukazu galbahe bat?

Bai, oso irekia nago, galbahe gutxi ditut. Esaterako, politikaz egingo nuke kantu bat, baina ez politika profesionalaz. Ez nuke egingo new wave abestirik, eta nu-metala ere ez... baina tonuarekin asmatzea da, gaia baino gehiago. Uste dut ia denari buruz egingo nukeela kantu bat. Niretzat ia dena da baliagarri. Ia edozer gauzarekin egin dezakezu zerbait estetikoa edo zerbait hunki zaitzakeena, ez bakarrik egunsenti eder batekin. Zerikusi gutxi duzun munduetara hurbiltzea ere izan liteke modu ona kantuak sortzeko. Esaterako, ni oso letretakoa naiz. Zientziarekin ez daukat batere loturarik, eta akaso horregatik egin dut disko honetarako Mikroskopioa izeneko kantua.

Pop zaleentzat esperimentalegia eta esperimentazio zaleentzat poperoegia al zara?

Beraiei galdetu beharko litzaieke, baina ez dut uste. Uste dut oso jende mota desberdina etortzen dela nire kontzertuetara.

Musika industriaren krisia, Interneteko deskargak, teknologia berriak... nola txertatzen da garaiotan Mursego?

Ez dit bereziki eragiten. Mila aleko argitaraldia egin dut, eta kontzertuetan saltzen dut. Badakit bi diskoak daudela deskargatzeko moduan. Hasieran pixka bat izorratu ninduen bigarrena atera eta berehala Interneten egoteak. Baina gero pentsatu nuen: ze arraio!, egon dadila hor eta nahi duenak entzun dezala. Nik uste dut geroz eta gehiago salduko dela Interneten, eta gure lana erakutsiko dugula zuzenekoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.