Iaz egindakoak erakutsiz hasiko da gaur Kutxa Kultur

Artea, musika, zinema, argazkigintza, moda eta komikigintza jorratuko ditu, emanaldi eta lehiaketen bitartez

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Aurreko urteetan hasitako bideari jarraituz, adierazpide askotako ekimenak hartuko ditu Kutxa Kultur 2011 zirkuituak: arte plastikoak, musika, zinema, argazkigintza, moda eta komikigintza. Hasteko, Kutxa Kultur Artek 2010ean erakutsitako eta landutako lanaren berri ematen duen erakusketa zabalduko da gaur Donostiako Arteleku arte zentroan. Kutxa Kultur 2010eko esperientzia jasoko duen liburua ere argitaratuko dute aurrerago.

Kutxa Kultur Musika 2011 ekimenak aurretik hautatutako hamar talde hasiberriri Gipuzkoako hainbat taberna eta klubetan zuzenean jotzeko aukera emango die lehenik —Elgetako Espaloian, Lasarte-Oriako Jalgi Kafe Antzokian, Zarauzko Gaztelekuan, Bergarako Tartufon eta Irungo Cafe Irunen—; Kutxaren laguntza duten jaialdietan aritzeko gero —Olatutalka, Mundumira, Hondarribia Blues, Donostiako Jazzaldia eta Zarautz Surfing Zine Pro—; eta hirugarren fasean talde horietako bi nazioarteko artista ezagunen aurretik ariko dira, Anoetako belodromoan bata, urriaren 14an, eta Kursaalean bestea, urriaren 28an. Facebook-en jasotako botoen bidez aukeratuko dira bi taldeak. Horretaz gain, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Bide Ertzean eta Quique Gonzalezen emanaldiak ere antolatuko ditu Kutxa Kultur Musikak.

Zinema arloan, Kutxa Kultur Expresso II film laburren lehiaketak 48 orduan egindako film laburrak sarituko ditu; maiatzaren 21 eta 22an egin beharko dute lana lehiakideek.

Argazkien bidez, istorio bat

Argazkigintzaren arloan, Kutxa Kultur Camera Stylo argazki sekuentzialen lehiaketa egingo da aurten, aurreneko aldiz. Aurkeztutako argazkiek istorio bat kontatu beharko dute irudien segidaren bitartez. Hautatutako lanak Donostiako Kutxa Boulevard aretoan erakutsiko dira.

Kutxa Kultur Modak moda diseinatzaile gazteen bigarren erakusketa izango du oinarri, Donostian. Moda gaztearen diseinatzaileen topaketa izango da.

Lehiaketa baten bidez komikigintza sustatzen saiatuko da Kutxa Kultur Komik. Petit-en bi kontakizun komikiaren gidoi gisa hartuta egin beharko dute lan lehiakideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.