«Oso-oso gustura» dago Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendaria, aurtengo aldiak, 47.ak, eman duenarekin. Bai artistek erakutsi duten maila, baita zaleek emanaldiei eman dieten sostengua ere kontuan hartzeko modukoak direla nabarmendu zuen Martinek, atzo, prentsa agerraldian. Datuak ere eman zituen. Esaterako, aurtengo Jazzaldia iazkoa baino jendetsuagoa izan da. 122.000 zale bildu dira programatutako 100dik gora emanaldietan. Joan den urtean, berriz, %6 gutxiago: 115.000. Hori, alde batetik.
Beste alde batetik, ez zion polemikari muzin egin. Izan ere, Gasteizko Jazzaldiak eta Donostiakoak bat egin dute aurten egun batzuetan —19tik 21erako egunetan—, eta horrek hautsak harrotu ditu. Martinek adierazi zuen jaialdien bat etortzea saihestu nahi dutela hurrengo urterako: «Saiatuko gara Euskal Herriko beste jaialdiekin bat etortzen, egunak erabakitzeko orduan. Hori da gure asmoa, gure irudi bateratuak izan behar duena izateko». Baina badaki «tentuz» aztertu beharreko kontua izango dela. «Laster helduko diogu gai horri, baina beste kontu batzuk ere aztertuko ditugu, hurrengo hilabeteak osoa garrantzitsuak izan daitezke eta kulturarentzat».
Aurrera egin ordez, baina, atzera egin zuen Martinek, eta aurtengo Donostiako Jazzaldiaren beste datu bat jakinarazi zuen. Hartara, 100 kontzertu horietatik 70 doan izan dira. Iruditzen zaio, aldi berean, «giro atsegina» antzeman izan dela Donostian, jaialdiak iraun dituen bost gunetan.
Nazioarteko kritikariek, gainera, kontzertuen kalitatea eta antolatzaileek jazzeko korronte berritzaileen alde «egindako apustua» baloratu dute. Adibideak ere eman zituen: The Thing Terje Rypdal, Mari Kvien Brunvoll, Lighthouse eta Enrico Rava, esaterako. Euskal Herrikoez gain, Espainiako, Frantziako, Italiako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Serbiako, Kroaziako, Norvegiako eta AEBetako kazetariek eman dute Jazzaldiaren berri.
Baina proposamen berritzaileez gain, «pisu historiko handiko izarren bat» ere etorri da Donostiara aurten, Jimmy Cobb kasu. Hari eman zioten Donostiako Jazzaldia saria. «Izen handiei» dagokienez, Antony, Bobby McFerrin, Madeleine Peyroux eta Melody Gardot aipatu zituen Martinek. Aurreneko hirurek Kursaaleko auditoriumean jo zuten, eta azkenekoak, berriz, Trinitate plazan. Zuzendariaren esanetan, ikusleek «emandako kariñoari», kontzertu «bikainak» eskainita erantzun zioten artista horiek.
Martinek pentsatzen du, gainera, San Telmo museoa «esperimentazio artistikoaren» gune bilakatu dela, eta «euskal jazzak» geroz eta toki gehiago duela jaialdiaren barruan.
Donostiako 47. Jazzaldia
Iazkoa baino jendetsuagoa
Donostiako 47. Jazzaldiak 122.000 pertsona batu ditu 100dik gora emanalditan; joan den urtean baino %6 gehiagoGasteizko jaialdiaren egunekin ez bat egitea saihestu nahi dute hurrengo urterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu