Ilustrazioen arloan saritutakoa ez ezik (Bombástica Naturalis), beste lan bat ere izan du Iban Barrenetxeak aurtengo Euskadi sarietako finalisten artean: El cazador y la ballena. Elgoibarren (1973) jaiotako artistak autodidaktatzat dauka bere burua, eta oraindik ere ikasten ari dela dio: «Ilustrazioak eta liburuak beti nire buruaren parte izan dira». 18.000 euroko saria jasoko du ilustrazioaren arloko Euskadi saria eskuratzeagatik, eta lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuko balitz, beste 4.000 euro jasoko lituzke.
Jokin Mitxelena izan zen iazko Euskadi sariduna literatur ilustrazioaren arloan, eta hark gidaturiko epaimahaiak saritu du, hain zuen ere, Bombástica Naturalis lana. Barrenetxearen ilustrazioek «oso diseinu dotore eta dinamikoa dute», epaimahaiaren iritziz: «Akabera preziosista dute argiztapenean eta egituretan; xehetasun txikienez ere arduratu egin da. Testua ezin hobeto harmonizatzen da marrazki zehatz eta zorrotzekin».
Iban Barrenetxea ilustratzailearen «diseinu dotore eta dinamikoa» saritu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu