Iciar Bollain: «Krisiaren ondorioz ez da gazteen aldeko apusturik egiten»

Finantzaketa nola lortu pentsatzen ari dela dio zinemaldiko sari berezia jaso duen zuzendari espainiarrak

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bere burua «txiki» sentitzen du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian saria jaso dutenen artean (Elias Kerejeta, Jose Luis Borau, Goran Paskaljevic, Kim Longinotto eta beste aipatu ditu), baina onartu du berak ere «izentxo» bat baduela zinemaren munduan, eta egungo krisi egoeraren ondorioz izen berrien alde egitea zailagoa dela: «Balio ezagunen alde egiten da. Hemendik aurrera ez da hainbesteko esperimenturik egingo, eta pena bat da, horrela ez baitira izen berriak aterako. Nik ahal den neurrian jarraitu nahi nuke filmak egiten. Finantzaketa nola lortu da orain erronka».

Bollainen filmek beti izan dute sentiberatasun berezia gai sozialekiko, errealitatearekiko. Zineman hasi zenean ez zuen aurrez pentsatua bere zinemak bide hori hartuko zuenik. Jose Luis Borau berarekin, Manuel Gutierrez Aragonekin eta Ken Loachekin lan egin izanak «eskola» bat eman diola onartu du. «Horri batzen zaio intuizio bat, eta munduan gertatzen diren gauzak ulertzeko nahi bat, eta pixkanaka bide bat hartzen duzu».

Bide horrek eraman du, besteak beste, emakumeekiko konpromiso finko bat izatera. Te doy mis ojos-en egileak ez du uste «kuotak ezarri behar direnik», baina «adi egon beharra dago emakumezkoen zinema ikusgarri izan dadin behintzat». Adibide gisa, maiatzean egingo den Cannesko Zinema jaialdiko filmen zerrenda jarri du, ez baitago zinemagile emakume bakar bat ere bertan. «Ezin dut sinetsi mundu osoan ez dagoenik emakume batek egindako film bakar bat ere jaialdi horren interesa piztu ez duenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.