Eskertu zuen Euskadi saria jaso izana, baina aitorpena ere egin zuen atzo Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944): "Aspertu xamar nago Martutene-rekin, nahi nuke ahaztu". Ez dago damuturik; promozioak, elkarrizketek eta halakoek nekatzen dutela da kontua. Ezeroso zebilen atzo ere. Esker oneko, baina ezeroso. Idazten dagoenean omen dago zoriontsu bera, eta horretan dabil orain. Ipuin luze edo nobela labur batekin, zehaztu duenez. Martutene gainetik kendu ezinik, halere.
Literaturarekiko pasioa militantziaren maskarapean ezkutatu ohi zenuela esan duzu, eta aitorpen moduko bat izan dela Martutene. Literaturaren aldarrikapen bat.
Bai. Idazle izate hori ez dakit zer mailatan jarrita genuen. Iruditzen zitzaigun norberak idazlea zela esatea, filosofoa zarela esatea bezala zela. Idatz dezakezula liburu bat, baina horrek ez zaituela idazle egiten. Estudiatzen duzu filosofia, baina horrek ez zaitu filosofo egiten. Ez diot neure buruari baimenik eman horretarako, eta orain lotsa kendu egin dut. Kendu dut, edo joan egin zait. Orain aitortzen dut autore hark esan zuena: artista txikiek artista handien sufrimendu eta poz guztiak dituzte. Hori pasatzen zait niri ere. Handia edo txikia, baina idazlea naizela. Idazten nago gustura.
Sariarekin zure lana saritzeaz gain, literatura egiteko modu bat ere saritu nahi izan dutela uste duzu?
Ez dakit. Zorionez, saria irabazi dudanez, hitz egin dezaket sarien kontra. Alegia, onartzen dut beharbada funtzio bat betetzen dutela sariek. Baina ez dira irabazten, eman egiten dituzte, eta apaltasunez onartzen dut nik hau, baina ez dakit zer funtzio betetzen duen. Idazle artean lehia bat sor dezake. Nik badakit beti ez direla merezi duten lanak saritzen. Milaka adibide daude. Neronek badakizkit. Denek dakizkite. Baina inork ez ditu aipatzen, badirudielako ez dela kortesiazkoa. Garrantzi handia ematen zaie. Baina hori esanda ere, Euskadi saria, beharbada ondraduenetarikoa da, zeren badaude beste batzuk aldez aurretik erabakita daudenak eta. Obra bat ezagutarazteko balio duten? Ez nago seguru. Baina, tira, ongi etor dadila.
Idazleak loriatzen dituzte sariek. Zuk irakurleak eskertu nahi izan dituzu saria jasotzean. Zergatik?
Bereziki, euskal irakurlea. Eta omendu nahi nituzke herriz herri antolatzen diren irakurle talde horiek ere, eta horiek gidatzen dituzte gizon eta emakumeak. Oso gurea ari da bihurtzen hori ere, eta lan ikaragarria egiten dute. Badira euskal eremuan literaturazale militanteak. Bada Martutene-rekin irabazi nuen beste sari bat ere 111 Akademiak ematen duena. Erakunde horrek sinboliza ditzake agian Euskal Herriko hainbat talde, irakurleak eta. Eta adierazgarria da zer sari ematen dituzten. Uste dut gazteleraren eremuan, adibidez, beste mota bateko liburuak sarituko lituzketela. Irabaziko luke emakumeak emakumeentzat idatzitako literatura erraz batek. Eta, noski, ez da hori emakumezkoek egiten duten literatura bakarra.
Liburuarekin inpresioa dut euskal kulturgintzak oro har bere aitorpena azaldu dizula. Hala uste duzu?
Bai, eta nobela zaila zen gai aldetik. Esango nuke baikor izateko modua ematen duela. Martutene da nobela bat oso kritikoa dena euskal abertzaletasun modu batekin, indarkeriarekin eta zenbait topikorekin. Ez dut inongo autozentsurarik izan idazterakoan, eta errespetuz jaso dute Euskal Herri osoan. Izango zen salbuespenen bat, baina lehen esan dudanera narama horrek berriz ere. Iruditzen zait euskaldun gehienak Martutene-n azaltzen den interpretazioarekin ados daudela, edo, behintzat, errespetuz hartzen dutela. Onartzen dutela esan daitezkeela gauzak bestea mindu gabe, eta besteak jaso ditzakeela errespetuz. Hori da lorpenik handiena: jendeak ulertu izana Martutene-n esaten dena errespetuz esaten dela, eta ez inori min egiteko gogoz. Irakurleak ulertu du hori.