Idazlerik praktikoenak

Genero literarioa ere bada antzerkia, baina idazleak laguntzaile asko behar ditu bere testua azken helburura eramateko: oholtzara. Horrek idazketa baldintzatzen du ia beti.

Oier Guillan moderatzailea, ezkerrean, Xabier Lopez Askasibar, Alaitz Olaizola eta Daniel Landart antzerki idazleekin, Azpeitian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Azpeitia
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Praktikari estu lotutako sortzailea da halabeharrez antzerki idazlea, egiten duen lanaren helburu nagusia oholtzara iristea baita, aktoreek agertokian emana izatea. Ez daude soberan antzerki idatzia jasotzen duten liburuak, horiek ere badute beren zeregina, baina antzerki idazlearen arrakasta nagusia agertokian dago, eta idazleak ezin du ia inoiz ere bakarrik egin harainoko bidea. Hori da atzo, Azpeitiko Antzerki Topaketen barruan, herri horretako Sanagustin kulturgunean Antzerkia norentzat idaztearen plazera mahai inguruaren ostean garbi geratu zen ideia nagusietako bat. Xabier Lopez Askasibar, Alaitz Olaizola eta Daniel Landart antzerki idazleak mintzatu ziren luze eta zabal gaiaz, Oier Guillan moderatzaile zutela. Jokin Oregiere parte hartzekoa zen, baina sukarrak eragotzi zion.

Gaztetan, Daniel Landartek Telesforo Monzon bisitatu ohi zuen, Donibane Garazin, antzerki idazle gisa aholkuak eman ziezazkion, eta gogoan du Monzonek bulegoko mahaiaren aurrean agertoki bat zuela, pertsonaien mugimenduak irudikatzeko. Ekintza praktikora estu lotutako antzerki idazlea baitzen, izan ere, Monzon.

«Nik antzerkigintza beti bizi izan dut oso gauza praktiko gisa», esan zuen Alaitz Olaizolak, ikuspegi horrekin bat eginda. «Uste dut horretan antzematen zaidala antzerki amateurretik natorrela. Horrek asko markatzen du. Idazleak berea idazten du, baina zuzendariak eta taldeak askatasuna dute idazleak idatzitako horrekin jolas egiteko».

Lakrikun taldearen hasierako urteak ekarri zituen gogora Olaizolak. «Idoia Uranga genuen zuzendari, eta beti galdetzen zidan, errespetu handiz: 'Alaitz, zer iruditzen zain hau aldatzen badugu?' Nik beti esaten nion: 'Hi ari haiz testua zuzendari baten begiekin ikusten. Obrari bizitza ematen ari haiz'».

Askatasun handiagoa izan duenean ere —aldez aurretik ezarritako pertsonaia kopuru jakin batera egokitu beharrik gabe idaztekoa, adibidez— beti eutsi izan dio ikuspegi «praktiko» horri Olaizolak. «Neure kabuz idatzi edo talde batentzat idatzi, nire kasuan ez dago alde handirik. Antzerkia niretzat gauza bat da, kontzeptu bat, mila adar izan baditzake ere. Bai neure kabuz ari naizenean eta bai talde batentzat ari naizenean, niretzat dena da bat. Akaso bihar edo etzi beste modu batean idatziko dut, baina oraingoz horrela idatzi izan dut beti».

Aldaketa ez da «txikizioa»

Mahai inguruaren amaieran, Olaizolarekin lan egindako aktore batek Olaizolaren testuei «sekulako txikizioak» egin izan dizkiotela gogoratu zuen, baina Olaizolak ez ditu zuzendariak edo aktoreek proposatutako aldaketak txikizio gisa ikusten. «Benetako txikizioak irudituko balitzaizkit, ez nituen onartuko», zehaztu zuen ziurtasunez.

Neurri batean bestelakoa da Xabier Lopez Askasibarren lan egiteko modua, baina hura ere ez da berak idatzitako testua behin betikotzat eta inola ere ezin aldatuzkotzat jotzen duten idazleen artekoa. «Idazterakoan, beti saiatzen naiz neure hizkuntza propioa mantentzen», esan zuen Lopezek. «Emaitza baldintza askok mugatuko dute, baina muga horiek gero etorriko dira. Testua egiterakoan ez ditut kontuan hartzen».

Piztu gabeko zigarroa antzerki lana —Cafe Bilbao sariketaren irabazlea— «barrutik ateratako gauza bat» izan da, «esperimentu bat», Lopezen hitzetan. «Antzeztuko den edo ez? Auskalo!» Talde batentzat pentsatutako testua idazten ari da gaur egun, «mugarik gabe» oraingoz. «Argi dago gero mugak egonen direla», dio, baina oraingoz horiek alde batera utzita ari da idazten.

Daniel Landarti taldearen beharrei erantzunez nahiz bakarka idaztea egokitu zitzaion antzerki idazle oparo eta estimatua izan zen garaian. «Taldean lan egiteko esperientzia oso interesgarria izan da niretzat, baina askoz ere zailagoa zitzaidan molde horretan idaztea», ekarri zuen gogora. «Lehenik, behar nuelako iritzi guztiak ongi ulertu eta sintesia egin. Eta gero etxean egindako lana taldekideen aurrean irakurtzen nuen aldi oro iruditzen zitzaidalako azterketa edo epaiketa gogor bat nuela. Oso bortizki mintzatzen zitzaizkidan. Baina orain ez dut damurik, eta gauza interesgarria izan zela uste dut». Abantaila handi bat zuen, gainera, gisa horretan lan egiteak: taldeko kide guztiek berena sentitzen zuten obra eta haien inplikazioa ziurtatzen zen. «Orain berriz egin behar banu, ez nezake horrelakorik egin», dio hala ere.

Liburuen onurak

Nahiz eta agertokia izan helburu nagusia, liburuak ere ez daude soberan, atzoko mahai inguruko antzerki idazleen ustez. «Ni antzerki irakurle amorratua naiz», aitortu zuen Lopezek. «Tipo arraro samarra naizelako edo, baina bai, nik oso gustuko dut antzerkia irakurtzea». Dena den, argi du badagoela alderik bi modalitateen aldean, eta idatzirako balio duten gauza batzuek ez dutela balio oholtzarako, eta normala dela horiek moldatzea.

«Antzerkia idazterakoan, ni pertsonaia agertokian ikusten ari naiz», esan zuen Olaizolak, «baina liburuak balio badezake irakurketaren plazererako, ondo etorria izan dadila hori ere». Haurrentzat idatzitako antzerki obra batekin irakasle batek sekulako barreak egin zituela esan ziola gogoratu zuen. «Testua ez zegoen idatzia irakurria izateko, eta, gainera, haurrentzako pentsatutakoa zen, baina niri poza eman zidan irakasle hark obra liburuan irakurtzean barre egin zuela jakiteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.