Hautagaitza bikoitza zuen George Clooneyk azken Oscar sarietan: aktore onenarena Alexander Payneren The Descendants-engatik, eta moldatutako gidoi onenarena The Ides of March-engatik. Ez zuen ez batean ez bestean irabazi, baina oraindik Hollywoodeko pertsonaiarik inportanteenetakoa dela argi gelditu da beste behin ere.
The Ides of March zuzendu duen laugarren film luzea da. Beau Willimonen Farragout North antzezlana bereganatu, eta Clooneyk berak egin zuen gidoiaren moldaketa, Grant Hesloven laguntzaz. Politikarekin lotutako fikzioa da film berriak kontatzen duena; zuzendaririk aproposena dirudi gai hori lantzeko, interes politiko nabarmena erakutsi baitu behin baino gehiagotan.
AEBetako Alderdi Demokrataren alde sarritan agertu izan da George Clooney. Barack Obamaren sustatzaile nagusietakoa izan zen, nahiz eta gaur egun, beste herritar asko bezala, nahiko kritikoa izan presidente estatubatuarra egiten ari den politika moldearekin. Horregatik, eta behin baino gehiagotan egin dituen adierazpenengatik, Hollywood liberalaren aurpegirik ezagunenetakoa da Clooney.
Politikarekin duen lotura harago doa. Izan ere, orain dela urte batzuk, haren aita, Nicholas Clooney, Kongresurako Kentuckyko ordezkaria izaten saiatu zen. Hautagai demokrata zen, baina azkenean errepublikanoak garaitu ziren. Esperientzia horretatik ikasi zituen hainbat gauza jaso ditu Clooney gazteak pelikula berri honetan.
Zuzendari eta aktorea
Zuzendari gisa egiten duen laugarren filma izanik, dagoeneko George Clooneyk ez du aldarrikatu behar aktore talentuduna baino zerbait gehiago izaten ahal dela. Halakorik gertatu zitzaion lehena egin zuenean, 2002ko Confessions of a Dangerous Mind, Charlie Kaufmanen gidoi baten gainean. Orduan, modako aktorea zen, eta askok kapritxo gisa ikusi zuten zuzendaritzara pasatzea.
Hortik aurrera inor ez zen harritu bigarrena ailegatu zenean, denen artean arrakastatsuena izan den Good Night, and Good Luck. Hura ere politikarekin estuki lotutako filma izan zen, Edward R. Murrow kazetariak eta Joseph McCarthy senatariak izan zuten enfrentamenduaren kronika errealista baitzen. Filmak sei izendapen izan zituen urte horretako Oscar sarietarako, eta kritikak ezin hobeak izan ziren.
2008an hirugarrena ailegatu zen, bere lehen saioa komedian, batere ongi joan ez zena. Leatherheads ez da pelikula txarra, baina aurreneko biek zuten indarra ez zuen 20ko hamarkadan girotutako kirol istorioak.
Zuzendari lanetan aritu den bitartean, George Clooneyk bere aktore ibilbide arrakastatsuarekin segitu du, baita telebistarako iragarki ezagunak egiten ere.
Stephen Meyers komunikatzaile argia eta gaztea da, eta Mike Morrisen presidente kanpainarako lanean hasiko da. Baina kanpaina bitartean, haien arerio nagusi Tom Duffyk haientzat lan egitea eskainiko dio. Aldi berean, Molly Sterns bekaduna ezagutuko du, eta horrek guztiak ataka konplikatuan jarriko du Meyers. Azken finean, erabaki garrantzitsua hartu beharko du, bere ideien alde lanean segitu ala horiek alde batera utzi eta bere ibilbide profesionalari bultzada eman.
Clooneyk rol garrantzitsua du filmean, bera baita Mike Morris hautagaia. Hala ere, oraingo honetan ez du protagonista nagusia beretzat gorde, Ryan Goslingi eman dio aukera hori. Bi aktore handi horien ondoan, beste aktore inportante batzuk aritu dira The Ides of March-en: Paul Giamatti, Philip Seymour Hoffman eta Marisa Tomei.
'THE IDES OF MARCH'
Zuzendaria: George Clooney.
Aktoreak: Ryan Gosling, George Clooney, Paul Giamatti, Marisa Tomei, Philip Seymour Hoffman, Evan Rachel Wood.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 101 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Ideiak suntsitzeko sistema
George Clooneyk politikaren munduan girotu du zuzendari gisa egin duen laugarren filma: 'The Ides of March'Berak idatzi du gidoia ere, Beau Willimonen antzerki obra baten moldaketa eginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu