Preguntatxo bat diskoarekin (Elkar) itzuli da plazara Igelaren Banda taldea, Bixente Martinez gitarristaren, Hasier Oleaga bateria jotzailearen eta Amaiur Cajaraville biolontxelistaren eskutik.
Doinu herrikoi tradizionaletan oinarritutako inprobisazioa lantzen du Igelaren Bandak. 2008az geroztik "impass egoera batean" egon ondoren, Bixente Martinezek 2011ko ekainean jarri zuen berriro martxan taldea, Zarauzko Cafe Torero saio baterako, Hasier Oleagari eta Amaiur Kajaravilleri deituta. Geroztik, elkartzen eta entseatzen jarraitu dute, eta beren lana 'Preguntatxo bat' diskoan jaso dute orain. Iragan eguberrian grabatu zuten diskoa.
Euskal doinu tradizionalen bertsio instrumental jazzistikoak dira Preguntatxo bat diskoa osatzen duten hamahiru piezetatik bederatzi: Eguntto bat, Bentatik bentara, Gure aita, Preguntatxo bat… Beste bi pieza —Gora Errepublika 1 eta Gora Errepublika 2— Bixente Martinez sortuak dira; Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Xabier Leteren Habanera kantuen bertsio inprobisatuek osatzen dute diskoko kantuen zerrenda.
Hainbat emanaldi iragarri dituzte Igelaren Bandako hiru musikariek hurrengo hilabeteetarako: apirilaren 5ean, Gasteizko San Prudentzio kaleko Elkar liburu dendako aretoan ariko dira; maiatazaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian, BERRIAren aldeko jaialdian; eta ekainaren 15ean, Deustuko Gau Zurian.