Literatura. Pasarte hautatua. John Cheerver

'Igerilaria'

John Cheever idazle estatubatuarra (1912-1982). DONAL F. HOLWAT.
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
(...)

Zelai batzuk zeharkatu zituen Biswangertarren etxeraino eta bertako parrandaren soinuetaraino. Ohorea izango zen haientzat berari edari bat ematea, pozik egongo ziren edari bat emateko. Biswangertarrek urtean lau bider gonbidatzen zituzten afaltzera Lucinda eta bera, sei aste lehenago abisatuz. Beti esaten zieten ezetz baina gonbidapenak bidaltzen jarraitzen zuten, euren gizartearen errealitate zurrun eta antidemokratikoak ulertzeko gogo barik. Jende-mota hark kokteletan hitz egiten zuen gauzen prezioari buruz, afarietan dendei buruzko aholkuak ematen zituzten, eta afaldu ondoren txiste gordinak kontatzen zizkieten sexu bietako entzuleei. Ez ziren Neddyren taldekoak, ez zeuden Lucindak gabonetako postalak bidaltzeko erabiltzen zuen zerrendan ere. Biswangertarren igerilekurantz abiatu zen arduragabetasun, erruki eta nolabaiteko egonezinezko sentimenduekin, iluntzen ari zela zirudielako, eta haiek urteko egunik luzeenak ziren. Heldu zenean festa zaratatsua eta handia zen. Optikaria, albaitaria, higiezinen agentziako jabea eta dentista gonbidatzen zituen anfitrioia zen Grace Biswanger. Ez zegoen inor igerian eta iluntzeak, igerilekuko uretan islatuta, neguko bristada bat zeukan. Barra bat zegoen eta harantz joan zen. Grace Biswangerrek ikusi zuenean berarengana hurbildu zen, ez modu atseginean, hala itxaroteko eskubidea eduki arren, ezpada liskarti.

«Tira, festa honek denetarik dauka—, esan zuen ozen, “ezkutuan sartzen diren pertsonak barne».

Ezin zion sozialki kalterik egin, ez zegoen zalantzarik, eta Neddy ez zen larritu. «Ezkutuan sartzen den pertsona naizenez», galdetu zuen gizabidetsu, «merezi al dut edari bat?».

«Egin nahi duzuna», esan zuen emakumeak. “Badirudi ez diezula gonbidapenei kasu handirik egiten»...

IPUINA

Egilea: John Cheever.

Itzulpena: Jasone Larrinaga.

Argitalpena:Armiarma.com, 2012.

Jatorrizko izenburua:The Swimmer.

Azalpena: Jasone Larrinagari esker, estreinako aldia da John Cheever idazle amerikarraren kontakizun bat euskarara ekarri dena. Igerilaria Cheeverren ipuin onenetako bat dela esan ohi da; 1964anargitaratu zuten, The New Yorker-en. Hasieran, nobela izateko asmoa zuen, 150 orrialde bete ohar idatzita zeuzkan, baina narrazio moldea eman zion azkenean. Hartan oinarrituta, Frank Perryk film bat egin zuen 1968an, Burt Lancaster protagonista zuela. Aurten ehun urte dira John Cheever jaio zela, eta 30 hil zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.