Ia aurkezpena hasi aurretik, argitaletxearen bokazioa zein den argitu du Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak: “Desagertzeko sortu zen editoriala, eta, lehenbailehen bada, askoz hobe”. Zergatia nabarmen du, ondoren. “Euskal preso politikoen sorkuntza lanak inoiz gehiago plazaratu beharko ez dugun une horri begira gaude, horrek esan nahi izango baitu, presoak, kalean, gurekin batera sortzen ari direla”. 2002. urtetik dihardu Ataramiñe argitaletxeak martxan. “Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kronika afektiboa egin liteke, sortu ginenetik hona, argitaratu ditugun lanen bidez”. Espetxeetan, biziraupenerako tresna da sorkuntza, Gonzalezen hitzetan.
Hiru lan aurkeztu dituzte aurtengoan: Lorea Erostegik preso dagoen Joseba Erostegi osabarekin batera ondu du Txori Mezulariak, haurrentzako ipuina; Oier Goitia gernikarrak Egia baten egunerokoa olerki bilduma sortu du; eta, Ibon Muñoak, aldiz, Hamaika desio utopiarako bertso-olerki bilduma. “Ataramiñe ez da posible elkarlanik gabe”. Egileen ziegetatik argitaletxearen eskuetara heltzeko beharrezkoa den laguntza azpimarratu du Gonzalezek. Gaur egin dute argitalpen berrien aurkezpena, Bilboko Bira kultur gunean.
Hiru argitalpen
Ion Telleria kazetariak, Oier Goitia Gernikako presoa lagundu du Egia baten egunerokoa olerki bildumaren sorkuntzan. “Oierrek [Goitiak] ohitura du, egunero, olerki solteen bidez, egun horretan bizitakoak idatzita uzteko. Lan solte horiek eman zizkidan niri, eta ikusi genuen hari bat bazutela bere sorkuntzek. Egunerokoa da, eta egia bat du oinarruan: preso dagoenaren egia edo sentipenak dituzte olerki guztiek oinarrian”. Ziega partekatu zuten Telleriak eta Goitiak, eta harreman horretatik abiatu dute elkarlana.
Erosegik azaldu duenez, “etxekoen” artean geratzeko sortu zuen haren osabarekin Txori Mezulariak ipuina, baina Ataramiñe argitaletxearekin kaleratzea adostu dute, azkenerako. “Osabak nahi zuen ume bakoitza bere liburuaren protagonista izatea, eta liburu interaktiboa sortu dugu horregatik”.
Hamaika desio utopiarako bertso olerki bilduma sortu du Ibon Muñoak. “Bosgarrena lana du Muñoak. Egunerokoa da, eta gaur egungo gaiak lantzen ditu. Kartzelan dagoena eta kalean dagoena etengabe konektatzeko saiakera nabari da liburuan”.