MUSIKA

Iñigo Alberdik Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritza utzi du

2006ko otsailaz geroztik zen zuzendaria Alberdi.

Alberdi, iazko maiatzean. I. Z., ARP
Berria.info
2014ko martxoaren 12a
10:47
Entzun

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Administrazio Kontseiluak bilera egin du Donostian, eta bertan, eguneko gai zerrendan, besteak beste, orkestraren zuzendaritza nagusian izango den errelebua aztertu du.

Karguan zortzi urte eman ostean, eta bere kontratuaren mugaeguna joan zen martxoaren 3a izanik, Iñigo Alberdi Amasorrain zuzendari nagusiak, bere erabakiz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren buru izateari utziko dio. Alberdik 2006ko martxoan hartu zuen bere gain zuzendaritza nagusiaren erantzunkizuna eta, zortzi urte pasa eta gero, betetzat eman du orkestraren zuzendaritzan emandako aroa. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Iñigo Alberdik zuzendariaren kontratua 2013/2014 denboraldiaren amaiera arte  luzatzea adostu dute, errelebua modu planifikatuan egin dadin.

Duela 32 urte sortu zenetik, Euskadiko Orkestra Nagusiak lau zuzendari nagusi izan ditu. Lehenbiziko aldian, 1982tik 1986ra, Imanol Olaizolari egokitu zitzaion euskal orkestra martxan jartzea. Ondoren Elías Elorza izan zen zuzendari nagusia hamar urtetan, 1986tik 1996ra. Erakundearen hirugarren zuzendari nagusia German Ormazábal izan zen, 1996tik 2005era bitartean. 2006an Iñigo Alberdik hartu zuen lekukoa eta orain, zortzi urteren buruan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi izateari utziko dio.   

Musikari lotua

Iñigo Alberdi Amasorrain (Soraluze, Gipuzkoa, 1973) zuzenbidean lizentziatua da eta EOSeko zuzendari izendatu aurretik Kutxan lan egiten zuen. Nolanahi ere, musikarekin harreman estua izan du beti. Musikaria izateaz gain irakaskuntzan, kontzertuen antolakuntzan eta komunikabideetan ibili baita. Goi mailako bi titulazio ditu, Musika Pedagogiakoa eta klabezin irakaslearena, eta Bergarako Mariaren Lagundia ikastolan aritu zen musika irakasle. Musikari gisa, Bergarako Orfeoiko pianista izan zen eta organoa jo du Easo abesbatzarekin. Azkoitian, Bergaran eta Azpeitian egiten den Organo Erromantikoko Zikloaren sortzaileetako bat izan zen Alberdi eta frantziskotarrak Arantzazura iritsi zireneko 500. urteurrena ospatzeko Donostiako Musika Hamabostaldiak 2001ean antolatutako zikloa zuzendu zuen. Bergarako Kultura zinegotzia izan zen 1999tik 2003ra bitartean, EAJ-EA koalizioaren izenean. Musika kritikari gisa, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n aritu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.