Espero gabe, tximistak jo izan balu bezala, 48 urte zituela. Bihotzean zizta eta akabo. Narrazioetan egin ohi zuen erara egin zuen, gordin eta egiaz, ez itzultzeko. Gustavo Escanlar,ezagutzen ez zutenen kroniketan kazetaria abizenez bataiatzen zutena; poemaren bat, narrazioren bat edo haren literaturaren lerro bakar bat irakurri zutenentzat, idazle ikonoklasta, ausart, eredu beharrik gabeko. Horretaz gainera, telebistako izar, gorrotatu eta maitatua erdi eta erdi, pertsona izateari utzi gabe pertsonaia mediatiko.
Aspaldi, Página 12 egunkariko gehigarri kulturalean, bere hilotzaren argazki bat erakutsi zuen: plastikoaren atzean gorpu eginez, begiak itxita, aurpegiera nare baina intrigatuarekin, heriotzak zer ekarriko zion ez baleki bezala. Hatz bat zuzentzen zion irakurleari, seinalatuz, galdekatuz, estutuz bezala. Bost urte dira argazki hura egin zuela: hiltzera jolas egiten ote zuen performance bat bailitzan? Orain, berriz, gaurkoa dirudi, haren eskela irudikatzeko egina.
Anitzek, denboran zehar, literatura nortasunen konstrukziorako tresna edo baliabidebezala erabili du, baina Escanlarrek ez zuen halakorik behar beretzat. Nortasuna sobera zuen eta hura paperera garraiatzen besterik ez zuen ahalegindu behar. Polemista, komunikabideetatik kanporatua, errebeldea, malditoa (oraindik halako hitzik erabiltzerik badago). Uruguain ez zegoen kritikatu gabe utzi zuen pertsona edo erakunde sakraturik. Laudatua fribolizatzea eta puztua hustea helburu, denak zituen jopuntuan, baina begi tartean bakarra: Mario Benedetti. Bizi artean ez zuen aukerarik galdu, literatur lanetan edo telebistako agerraldietan, hura jipoitzeko.
Uruguain (eta hango komunikabideetan) Escanlarrez duten irudiaren ezberdina da guk itsasoaz alde honetara Europan izan duguna. Haren agerraldi eta eskandaluek sor dezaketen aurrejuzkurik gabe, haren literatur lana besterik ez dugu eskura. Azken urtetan bilakatu zen pertsonaia mediatikoaren azpikoak egindako ipuinak, poemak edo nobelak.
Salatu ofiziala, erakutsi bestea
Batek ez daki ondo belaunaldi arteko gatazka edo ezinikusi pertsonala zen Escanlarren eta Benedettiren artekoa. Behinola fakultatea utzitakoan, Aquí astekarian Primavera con una esquina rota-ren egileari egindako elkarrizketa bat irakurri omen zuen idazle zenduak: «Gazteak gutxiesten zituen, beste aldera begira ez zutela ezer egiten esaten zuen. Eta nik, Benedetti zaharraren liburuak milikoek kendu ez ziezazkidaten azala estalita irakurtzen nituenean, La tregua-rekin edota Montevideanos-ekin hunkitu nintzenean, gurekin, gazteekin, hainbeste goresten genuenekin, apur bat onberagoa izango zela pentsatzen nuen. Eta dena irentsi behar izan genuen. Berotu egin ninduen don Marioren nagusikeria horrek eta gutun bat idatzi nion gazteok egiten ari ginen eta nagusiek baztertzen zituzten gauza guztiak zerrendatuz».
Gutun hura liskar askoren lehena izan zen. Benedettiren kasuan bezala, establezituari egurra banatzea zuen onartzeko lege bakar. Bere belaunaldia ez zen Benedettirena, bere estiloa ere ez. Bera gordina zen, berak argiaren iluna erakutsi nahi zuen, beste Montevideo baten ahotsa eta lirika. Liburuaren ondoan fanzinea jarri zuen, errealismo fantastikoaren aurka kalea jarri zuen, komunikabideen fikzioaren aurka egiazko literatura: «Ene bizitzako une batean, dena gezurra zela konturatu nintzen. Bizia ikasten eman nuen, biltzarretan hitz egiten, bolitxeetan proletarioen diktaduraz eztabaidatzen, Gramsciz eta Foucaultez hitzaldiak ematen, orduak pertsona berriaz eta iraultzaz hausnartzen. Bai, beatnikak ere irakurri nituen, baita sinetsi ere, Uruguaiko errepideak kakazaharra ziren arren. Diktadura amaitutakoan, alde egin nuen. Salto kaleko apartamentu batera aldatu nintzen, eta drogo eta lapurren harpe bilakatu nuen. Auzoko nire lagunak ziren bertara sartzen ziren bakarrak, beste bide bat hartu zutenak, hautatzerik izan ez zutenak. Haiek egiazkoak ziren».
Estokolmo liburuan idatzi zuen honakoa. Ofiziala ez zen mundu eta jende bat, turista arruntaren begietara ez zegoen Montevideo bat. «Ustelduta» zegoela esaten zuen. Aldizkari edo egunkariek (poetek ere bai) Uruguaiz hitz egiten zutenean, paternalismo eta samurtasunez egiten zutelako haserretzen zen. Mundura zabaldu nahi zuten eta eurek ere eurentzat sinesten zuten postal hori ez zela existitzen zioen, ordea: «Saltzen dugun eta zuek irribarretsu eta harro erosten duzuen kolore sepiako eta lasaitasunezko Uruguairen argazkirik ez dago». Ez dago harrizko zolarik kaleetan, ez eta ezkerreko diskurtso progrerik ere. Nobeletan (Estokolmo, Dos o tres cosas que sé de Gala, La Alemana) erretratatzen zituen jende eta lekuak ez zen ikusterik nahi, baina berak erakutsi egin nahi zituen, eguzkitan itzala dagoen naturaltasun beraz.
Utziko duena
Underground eta aske. Suicidio fanzineko partaide, Arte en la Lona talde artistikoko kide, hitza zuen baliabide eta zorroztasuna mehatxu. Letren kritikarako ahalmena garatu zuen beste inoren elegantziaz iraintzea lortzeraino. Fikzioa errealitate egin zuen bere hezur-haragizko pertsonaiarekin, eta, aldi berean, literaturarekin errealitatea fikzioaren mugara gerturatu zuen. Literatura hezur-haragizkoa zela ematen zuen, pertsonaia publikoak (telebistan eta irratian agerraldiak egiten zituenak edozeren inguruan polemizatzeko) idazleari leku gehiegi jaten ziola esan zuten, literatur subjektu garrantzitsu bat galtzen zela bertan, baina ez ote zen bera papererako sortutako pertsonaia baten haragiztatzea? Droga sobredosiak zirela edo iritzi ofizialaren bideetatik aldentzen zen adierazpenen bat, azken urteetan Escanlar (Cabeza deitzen zutena ezagunek) figura publikoa bilakatu zen.
Literatura da, baina, berak zioen bezala, betierekoa izateko bide bakarra. Urteek aurrera egin ahala telebistako iritzi sortak eta polemikak ahaztu egingo dira, eta Gingsbergen Ulua-ren estilora idazten zituen liburuez edo kazetaritza artikuluez (gogoangarria Disco Duro izenez argitaratu zuena) gogoratuko da irakurlea.
Azaroaren 16an hil zen, bihotzekoak jota. Bizitzak zazpi bisagra dituela eta berak bi bizi izan zituela dio: Realeko entrenatzaile Martin Lasarteren laguna izandakoa haurretan, gaztetako kazetari eredugarri eta zintzoa aspaldi hil zuen eta azken garaietako nihilista, ilun eta ikonoklasta zendu da orain gutxi, zazpi bisagretatik bost besterentzat utziz. Ipuinak, nobelak, kronikak eta poemak bilduta daude bisagra adina liburukitan. Denak estilo zorrotzekoak, gordinak, itxurakeriarik gabeak. Haren lagunek esango zuten bezala, «inor esatera ausartu ez eta denek pentsatzen genuena idazten zuen».
Ikonoklasta baten heriotza
Itsasoaz alde honetara, haren aditzea zuten egunkarietan berri labur bat, ezkerrean behean, berripaperek egia esan ohi duten lekuan. Gainerakoetan, ezer ez. Gustavo Escanlar hil zen duela egun batzuk, eta ia inoren ohiko laudoriorik jaso gabe desagertu da. Antologietarako gordinegia, ez du erraz ahaztuko irakurri zuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu