Udaberrirako iragarri zuten arduradunek Donostiako San Telmo museoa irekitzea, eta eguna jarri diote orain. Martxoaren 28an bisitatuko dute zentro berritua erakunde publikoetako eta patronatuko kide pribatuetako ordezkariek. Herritarrentzat, berriz, apirilaren 2an zabalduko dute. Asteburu horretan doakoa izango da sarrera, eta gune berriez gain, aldi baterako aurtengo lehen erakusketa ikusi ahalko da. Parisko GoodPlanet fundazioaren eskutik, 6 mila milioi beste erakusketa ibiltaria hartuko du San Telmok, bere ibilbide berria hasteko.
Gaur egungo gizateriaren erretratuak aurkezten ditu erakusketak, eta ikus-entzunezkoak ditu oinarri. Kontinente guztietako 75 herrialdetan 5.000 herritarri eginiko elkarrizketak filmatu dituzte, landa zein hiri eremuetakoak, baita gatazkagune esanguratsuenetakoak ere. Desberdintasunak, gerra, barkamena, beldurra, haserrea, maitasuna, natura, emakumea, Jainkoa eta beste hainbat gai hizpide dituzte elkarrizketatuek. Haien testigantzen bitartez, egungo munduari lotutako arazo nagusien inguruan eztabaida eta gogoeta sustatzea da helburua.
Museoarekin batera zabaldu, eta abuztuaren 21ean itxiko dute erakusketa. Baina beste bi etorriko dira atzetik. Irailean, Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez, Federico Fellini. Ilusioen zirkoa hartuko du museoak. Argazki, marrazki, aldizkari, komiki, kartel, elkarrizketa eta film zatiek osatzen dute bilduma. Fellini inspiratu zuten irudiak eta haren obsesio zein ametsak aurkezten ditu, zinemagile italiarraren sorkuntza mekanismoak aztertzeko. Azarora bitarte egongo du zabalik. Abendu erdialdean, Euskal artearen inguruan erakusketak hartuko du lekukoa. 1980ko hamarkadan euskal eskulturak hartu zuen indarra eta izan zuen eragina azalduko ditu. San Telmo museoa bera ari da bilduma lantzen, Mariano Navarro arte teknikariaren koordinaziopean.
Hiru erakusketen osagarri, eztabaidak, hitzaldiak eta tailerrak izango dituzte beste guneetan.
Bilduma iraunkorra, ordea, ezingo da ikusi irekieraren asteburuan. Museografiaz arduratu behar zuen enpresaren zailtasun ekonomikoak direla-eta, atzerapena jasan dute prestaketa lanek. Museoa ireki eta hamabost egunera zabaltzea aurreikusi dute, beti ere Aste Santua baino lehen.
Mila metro koadroko espazioa
Aldi baterako erakusketak egiteko, urtero museoari 350.000 euro emango dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen bost urteotan —aurten 300.000 euro izango dira, museoa apirilean zabalduko dutelako—. Hartarako, hitzarmen bat sinatu zuten atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Odon Elorza Donostiako alkateak eta museoko administrazio kontseiluko presidenteak. Horrez gain, Aldundiak 3 milioi euro jarriko ditu, museologia proiektuari laguntzeko. San Telmo «Gipuzkoako museo sarearen buru eta beste museoetarako sarbide» izango dela esan zuen Olanok.
San Telmoren 11.000 metro koadroetatik 1.000 hartuko dituzte erakusketek —espazio berriaren 600 eta hiru kaperen 400 metro koadroak—. Horrela, orain arte jaso ezin izan dituen bilduma handiak hartu ahal izango dituela eta beste hainbat antolatzen Europako museoekin lankidetzan arituko dela adierazi zuten arduradunek. Museokoa herritarrentzat «ezinbesteko bisita» bihurtuko den esperantza agertu zuen Elorzak.
Ikus-entzunezko erakusketa batekin zabalduko dute San Telmo, apirilaren 2an
Egungo gizateriaren arazoak ardatz dituen '6 mila milioi beste' erakusketa izango da aurtengo lehena, eta beste bi iragarri dituzteBilduma iraunkorraren gunea inauguratu eta hamabost egunera bisitatu ahalko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu