Ikusezinaren izaeraz mintzo

Egunerokotasuneko gauza ikusezinen ohiko eginkizuna gainditzen saiatu da Ignasi Aballi Artiumen ikus daitezkeen lanetanLehenengoz ikusi ahal izango dira erakusketa zabaltzen duten artelan biak

Gasteiz
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ikusten ez duguna, hauteman ezin duguna, ez al da existitzen? Gure mundua gure pertzepzioa amaitzen den toki berean amaitzen al da? Galdera horiei erantzuna bilatzen eta pertzepzioaren mugak zabaltzen saiatu da Ignasi Aballi artista (Bartzelona, 1958) Gasteizko Artium museoan inauguratu berri duen This is not the end (Hau ez da bukaera) erakusketako lanen bidez. Horietan guztietan ikusiezinaren inguruko gogoeta egiten du Aballik, egunerokoari eta gertukoari helduta. Erakusketa irailaren 2ra arte egongo da ikusgai museoko Ekialde-Behekoa aretoan. Erakusketarekin batera, François Piron komisarioa, Dora Garcia eta Louis Luthiren testuak bilduko dituen katalogoa argitaratuko dute. Pironek eta Artium museoak ekoitzi dute erakusketa.

Lan berriak eta azken hamar urteetan sortutako hogeita hamar lan inguru ikus daitezke aretoan, horien arteko bi ez dira aurretik inoiz ikusi. Artistak zenbait serietan egituratu ditu lanak, eta horiek mundutik kanpokoa dirudien labirinto baten antzeko gelan kokatu dituzte, aztarnak balira bezala. Antolatzaileek argitu dutenez, labirintoan, Aballiren obran aipagai diren baldintza berak aurki daitezke, nolabait horretan lantzen dituen ideia berak indartuz. This is not the end erakusketaren bidez, artistak bere kezkak ekartzen ditu aretora, eta, hala, denbora, kolorea, zinema, literatura eta hizkuntza eta irudiaren arteko harremanen inguruko bere interesak agerian geratzen dira. Lanen bidez, sorkuntza artistikoaren eta egunerokotasunaren inguruan gogoeta egiten du.

Oinatzen hautsa

Batez ere, ikusleek «lerro artean» irakur dezaten nahi du, itxuraz harago jo dezaten. Bide horretan, egunerokotasuneko gauza ikusezinak testuinguru berri batean kokatzen ditu. «Gauza horien erabilera eta eginkizuna gainditu, eta beren materialtasunean ikusarazten dizkigu, eta, haratago, beren ukiezintasunean», azaldu dute antolatzaileek. Arte kontzeptualaren bidez egiten du hori Aballik.

Artistaren lan berri bik zabaltzen dute erakusketa. Lehenengoan, Personas (Pertsonak) delakoan, artistak lan efimeroa sortu du, eta hormetan oinatzak utzi ditu, Artium eta Montehermoso Kulturuneko girotze eta xurgatze sistemetatik bildutako hautsa baliaturik. Era horretan, egunero, konturatu ez eta gizakiok uzten dugun arrastoa ikusgai jarri nahi izan du, ikusleak berak, zapaltzen duen lurrarekin duen harremanaren eta bere aztarnen inguruan gogoeta egitera gonbidatu nahi izan du. Horrekin batera, erakusketari izenburu ematen dion This is not the end bideolana ikus daiteke. Ikuslearen jakin-mina piztu nahi du bideoak, eta, itxuraz estatikoa den irudiari erreparatuta, publikoak denboraren igarotzeaz galdegiten dio bere buruari.

Jakin-mina piztu nahi dute Artiumen bildutako gainerako lanek ere. Eta hala egiten dute Tomar medidas (Neurriak hartu) serieko beiretan kokatutako neurgailu elektronikoek. Horien bidez, haizea, denbora, zarata, airearen tenperatura eta hezetasunaren neurketak hartzen dituzte, beste batzuen artean. Serieko lanak, erakusketa gela osoan zehar banatu dituzte, ikusleak, nonahi dagoela ere, ikusi ez, baina senti daitezkeen indar eta baldintzez ohartarazteko.

Tomar medidas laneko beira-arasak ez ezik, azken urteetan artistak landu dituen beira kutxa koloretsu handiak ere ikus daitezke Vitrinas CMYK serieko lanetan, kolorearen inguruan duen interesa ekartzen du. Zian, magenta, hori eta beltz koloreko kutxak sortu ditu, izan ere, lau kolore horiek nahastuz edozein kolore lor daiteke.

Egunero aurrez aurre ditugun gauzez eta ikusten ez ditugunez ari dira, halaber, Niebla serieko argazkiak eta Pictures without words (Hitzik gabeko irudiak) bideolana. Erakusketako azken lanetan ere, nabari da bide horretan ari dela artista, oraingoan hizkuntzarekiko bere interesa agerian utziz; Reflexions (Passion) lanean, esaterako. Horren bidez,zinema hizkuntza aztertzen du. «Jakintsuak hatzaz ilargia erakusten duenean, ergelak hatzari begiratzen dioela dioen esaera zaharrak hemen du bere kontrapuntua. Izan ere, Ignasi Aballik hala ilargiari nola hura erakusten duen hatzari begiratzeko gonbidapena egiten du mugimendu bakarrean», azaldu dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.