Emakumearen eta literaturaren inguruko hitzaldi bat emateko eskatu ziotenean, Virginia Woolf-ek (Londres, 1882-Rodemell, 1941), Britainiar Museoko liburutegira joan, eta fitxetegietan woman (emakume) hitzaren fitxak bilatu zituen. Idazleak emakumeen inguruko literatura mordoarekin egin zuen topo. Baina emakumea mintzagai edo protagonista zuten liburu haiek guztiakgizonezkoek idatzitakoak ziren. Man (gizon) hitzarekin gauza bera egin zuen, baina ez zuen topatu emakumerik idatzitako gizonezkoen inguruko libururik. Anekdota hori gogora ekartzen du Laura Freixas-ek De objeto a sujeto de representación: un proceso en marcha (Objektutik errepresentazio subjektura: martxan den prozesu bat) artikuluaren sarreran. Idazlearen bizitzako pasarte honek ezin hobeto irudikatzen du emakume artisten gaur egungo egoera. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren lehen hamarkadetan bizi izan zen Woolf. Ordutik hona emakumearen egoera asko aldatu bada ere, Mendebaldeko gizarteetan, alde nabarmena dago oraindik gizonezko eta emakumezkoen sorkuntza artistikoen artean. Alde horrek ez du kalitatearekin zerikusirik, baizik eta jasotzen duten prestigioaren ingurukoa da.
Literaturan ez ezik, arte diziplina gehienetan ere gertatzen da hori. Hala ere, nabarmenagoa da arte plastiko eta ikus-entzunezkoetan. Horren arrazoia, Freixasen ustez, dirua eta baliabideen jabetza edota haiek erabiltzeko aukera dira: «Espezializatutako prestakuntza —bai margotzekoa, bai zizelkatzekoa— eta dirua —taldeak antolatzeko oinarrizko baliabidea— gizonezkoetara murrizten badira, askoz zailagoa izango zaie emakumeei beren talentua adieraztea dirua edo prestakuntza berezia eskatzen duten baliabideak erabilita». Freixasen hitzekin bat egingo luke Woolfek, berak ere oso argi baitzuen arte diziplina guztien artean literaturan emakume gehiago egongo zirela beti, papera merkea delako.
Emakume ikasiak
Emakumeek prestakuntza espezifikoa jasotzeko aukera zabala dute egungo gizartean. Hala ere, bestelako baliabideetarako sarbidea gizonezkoek baino urriagoa dute. Horren ondorioz, emakumearen inguruko kontakizunak gizonezkoek sortu dituzte historian. «Emakumeok museoak betetzen ditugu, arte erakusketak ikustera joaten gara», azaldu du Pilar Soberon artista eta Plataforma A-ko kideak. «Museoetan presentzia handia dute gure gorputzek, baina lan gehienak gizonezkoak sortuak dira; gizonezkoek emakumeon inguruan duten ikuspegia agertzen dute». Hark esandakoa egiaztatzeko, museoetako erakusketei erreparatu baino ez zaie egin behar.
2011. eta 2012. urteetako erakusketen programazioetan oso emakume gutxiren izenak agertzen dira Euskal Herriko museoetan. Besteak beste, 2012an Bilboko Guggenheim museoak emakume bakarrari eskainiko dio banakako erakusketa bat, Cristina Garcia Rodero argazkilariari. Bilboko Arte Eder museoko erakusketetan ere emakume bakarra agertuko da: Gerda Taro; haren argazkiak erakutsiko dituzte, Robert Capa eta David Seymourren argazkiekin batera, Maleta mexikarra erakusketan. Donostiako Kutxa Kubo aretoan ere, 2011n, emakume bakarrari eskaini zioten banakako erakusketa: Elvira Bandresi. Urteko beste erakusketak gizonezkoen banakako erakusketak edota gizonen presentzia nabarmenagoa izan duten erakusketa kolektiboak izan ziren. Gasteizko Artium museoak eta Nafarroako Uharte Arte Garaikideko Zentroak, bestalde, emakume artistei leku zabalagoa eman zieten 2011n. Artiumen, hiru emakume artistaren banakako erakusketak egin zituzten, eta, Uharten, bost emakumeren lanak erakutsi zituzten.
Historian zehar, emakume artistarik ez egoteko arrazoitzat emakumeen eta gizonen hezkuntzen arteko aldea nabaritu bada ere,argumentu horrek ez du zentzu handirik XX. mendearen bigarren erdialdetik. Italiar emakume errenazentisten lehen pausoak gaindituak dituzte gure gizarteko emakumeek. Sofonisba Anguisola (1532-1625), Lavinia Fontana (1552-1614) eta Artemisia Gentileschi (1593-1654) margolariek, besteak beste, beren garaiko emakumeak baino hezkuntza zabalagoa jaso zuten, aita pintore edota noble izan zutelako. Era berean, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako emakume askok ere hezkuntza zabala jasotzeko aukera izan zuten, burgesiako familia aurrerakoiko alaba zirelako, hala nola Bizenta Antonia Mogel lehen euskal emakume idazlea (1782-1854) eta Katalina Eleizegi euskal antzerkigintza modernoaren ama (1889-1963).
Baina XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrerako emakumearen lan munduratzearekin batera, zabaldu egin dira emakumeek hezkuntzan eta lan munduan duten lekua. Gaur egungo gizarteko haurrek batera ikasten dute, genero inguruko bereizketarik gabe. Emakume zein gizonek gai berak ikasten dituzte eta, printzipioz, prestakuntza bera izateko eskubide eta aukerak dituzte.
Genero berdintasuna ziurtatzen dute Espainiako nahiz Frantziako estatuetako legediek. Hala ere, konstituzioek eskubidea paperean ziurtatzeak ez du bermatzen eskubide hori praktikan. Arteen munduan eskubide hori betetzen ez dela salatzeko asmoz eta arteetako emakumeen lana ikusarazteko sortu berri da Plataforma A, Hego Euskal Herrian. Hala izanik, nola izan daiteke, unibertsitateetan emakume gehiagok ikasten badute, museoetan eta galerietan gizonezkoen lanak nagusitzea? «Emakumeak Euskal Herriko artean oso gutxietsiak daude. Jakina, emakume batzuk guztiz onartuak daude; baina, adibidez, badaude emakume ikasle asko Arte Ederretan aspalditik, eta, aldiz, emakume profesional artistak, nahiz eta gero eta gehiago dauden, oraindik ez dira ezta hurbiltzen ere», kritikatu du Haizea Barcenilla arte historialariak.
Berdintasunerako plataforma
Plataforma A arteetako profesionalen genero berdintasuna defendatzeko eta emakumeen lana nabarmentzeko sortutako talde bat da. Artearen Historia ikuspegi feministatik berraztertzeko asmoa dute. Artistek, historialariek, arte komisarioek, galeristek eta eragileek osatzen dute; banakako pertsonak eta talde eta kolektiboak daude barnean. Besteak beste, Cristina de la Fuente arte galerista, Pilar Soberon eta Dora Salazar artistak, Maria Jose Aranzasti historialari eta eragilea eta Saioa Olmo eta Haizea Barcenilla Wiki-historiak webguneko arduradunak. Urtarrilaren 28an aurkeztu zituzten plataformaren helburuak, Donostiako San Telmo museoan. MAV Ikus-entzunetako Emakumeak, Plazandreok, Wiki-historias, Erreakzioa-reaccion, Consonni arte ekoiztetxea eta Bulegoak z/g erakundeek kolaboratuko dute, besteak beste, plataformarekin.
Plataformaren helburu nagusia emakumeek arte munduan duten presentzia aldarrikatzea da. «Genero Berdintasunaren Legea betetzen ez dela diogunean», argitu du Aranzastik, «zera gertatzen da: nola beteko da, museoek emakumeen lanik erosten ez badute? Emakumeen lanak ez daude merkatuan, saltzen ez dituztelako, eta saltzen ez badituzte, ez dira kotizatzen».
Plataforma A sortzen ari den egitasmo bat baino ez da oraindik, Saioa Olmok azaldu duenez. Baina gogo handiz ari dira elkarlana bultzatzen. Parte hartzaileek azaldu dutenez, Pilar Soberon eta Cristina de la Fuente dira proiektuaren bultzatzaile nagusiak, eta harrera ona izaten ari da arte munduan. Wiki-historiak artearen historia ikuspegi feministatik berraztertzen saiatzen ari den Interneteko egitasmoaren sortzaile da Olmo, Haizea Barcenillarekin batera.
Emakume artisten lana ikusaraztearekin batera, Plataforma A-ren bidez, sare bat osatu nahi dute artearen inguruan lan egiten duten artista, galerista, historialari, eragile eta emakume ororen artean. «Ikusi genuen talde asko dabiltzala lanean», dio Soberonek, «eta agian denon lana bateratu behar genuela eta denon artean irizpide bat adostu edota beste taldeei gure laguntza eskaini behar geniela proiektuak aurrera ateratzeko». Azaldu dutenez, lan handia eginda zegoen aurretik, eta taldeen arteko elkarlana bazegoen, baina behin-behinekoa eta urria zen. «Talde bakoitza irla batean dagoela ikusi genuen, bakoitza bere arloan sartuta, elkar komunikatu gabe». Elkar komunikatzea eta arloen arteko sareak sortzeko premia bete nahi du Plataforma A-k.
Troconiz fundazioak azaro amaieran Euskal artea eta euskal emakumea lan inguruan jardunaldiak antolatu zituen, eta hortik atera zen plataforma sortzeko asmoa. Jardunaldietan, emakumeak arte profesionalean duen lekua ikuspegi anitzetatik izan zuten mintzagai. Artistak, galeristak, arte ekoizleak, irakasleak izan ziren han, besteak beste. Portugaleteko eztabaidei jarraipena ematea erabaki zuten bertaratutakoek, eta harremanetan jarraitu dute. Arteetako hainbat arlotan dauden gabeziak aztertu dituzte.
Biltzarrean eraikiz
Proiektua aurkeztu aurretik hainbat bilera egin dituzte. Bereziki erabakigarria izan zen EHUko Leioako Arte Ederretako Fakultatean egindakoa. «Oso interesgarria izan zen, Wiki-historietako kideak ere etorri zirelako eta beraiek emakumearen inguruanegindako lana aurkeztu zutelako», Soberonek dioenez. Bilera hartan taldeari izena jartzea erabaki zuten, eta Plataforma A behin-behineko izena jarri zioten. Halaber, jende gehiago bildu beharra zegoen, haien ustez, eta urtarril amaieran Donostian egindako batzarra egitea adostu zuten.
Plataforma A-ren lehendabiziko ekintza sinadurak biltzea izan zen, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari 2012 Fundazioa egitasmoaren inguruko informazio publiko gehiago eskatzeko. Lehendabiziko ekintzarekin batera, bestelakoak ere egin nahi dituzte. «Zer egin erabakitzen ari gara. San Telmon egin genuen batzarreko mahai inguruetan gai asko atera ziren», ekarri du gogora du Olmok. «Adibidez, nola Genero Berdintasunaren Legea ez den betetzen».
Hasitako lanean aurrera jarraitzeko gogotsu dira Plataforma A-ko kideak; izan ere, «behar-beharrezkotzat» jotzen dute elkarlana. Martxoaren 24an egingo dute hurrengo batzarra, Bilbon. Haizea Barcenillak azaldu duenez, batzarretarako euskal hiriburuak aldizkatzeko helburua dute, inguruko emakumeei —eta gizonei— parte hartzeko aukera zabaltzeko. «Oraindik lan pila dago egin gabe», azaldu du Soberonek, «nahiz eta emakumeak zerbait aurreratu duen, baina askotan gertatzen da dena ahazten dela, ematen du ez dagoela historiarik, aurrekoek ez dutela ezer egin, eta ematen du batzuetan atzeraka goazela».
Artea eta generoa
Ikusezintasunaren aurka
Emakume artistek egindako lanak ikusarazteko eta aldarrikatzeko eta artearen munduko emakumeen sarea osatzeko helburuarekin sortu berri dute Plataforma A.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu