Iruñeko Ormolu galerian, Imaginados erakusketa irauguratu zuten herenegun, eta hilaren 31 arte egongo da irekita. Nafarroako hainbat komunikabidetan lan egiten duten hamabost fotokazetariren lanak bildu dituzte horretan, «komunikatzaile, artista eta profesional gisa» haien lana aldarrikatzeko asmoarekin. Hamabost fotokazetari, eta hamabost argazki.
«Lengoaia fotografikoa gaur egungo artearen barruan erabiltzeko apustua da». Jose Carlos Cordovila mintzo da. Hura da, hain zuzen, erakusketaren protagonistetako bat, fotokazetarietako bat, Iñigo Uriz, Luis Azanza, Unai Beroiz, Patxi Calleja, Jesus Caso, Jesus Garzaron, Villar Lopez, Jose Luis Larrion, Juanmi Ochoa de Olza, Iñiki Porto, Mikel Saiz, Josu Santesteban, Javier Sesma eta Patxi Urizekin batera.
Behar bezala kontserbatzearren, museoetako estandarrei jarraiki egindako argazkiak dira erakusketakoak. Kultura garaikidearen gaiak jorratu dituzte horiekin, hala nola landa zein eremu urbanoaren eraikuntza, gizabanakoak ingurunearekin duen harremana eta haren transformazio sozialak eta objektuen arkitektura. Argazkiak zuri-beltzean ateratakoak dira, argazkilaritzaren historia luzeari aitortza bat egite aldera. Halere, argazkilariek teknika askoritakoak erabili dituzte; nola tradizionalenak, kamera analogikoa erabilita, hala modernoenak, gailu berrienak baliatuta.
Erakusketako gaia askea zen, eta teknika ere bai, baina, Villar Lopezen ustez, argazki guztien arteko «harmonia» igar daiteke. Cordovilaren esanetan, erakusketako aleak ez dira egunero egunkarietan ikusten direnen modukoak. «Pentsamendutik argazkiak ateratzeko ekintzatik abiatuta, meditazio lana, behaketa lana nabaritzen da».
Ikusgai daude Nafarroako fotokazetarien lanak
'Imaginados' erakusketa jarri dute Iruñeko Ormolu galerian, eta hamabost argazki bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu