Oztopo lasterketa batean trabaturik ibili ondoren, urak baretzeko esperantza dute Josu Martinez eta Mireia Gabilondo zinemagileek. Heldu den larunbatean estreinatuko dute Txaber Larreategi, Eneko Olasagasti eta Enara Goikoetxearekin batera zuzendutako lan dokumentala. EHUren paraninfoan aurkeztuko dute, Bilboko beste areto batzuk alokatzea galarazi baitiete. «Beldurragatik edo arazorik ez omen dutelako nahi, askok ez digute alokatu nahi izan euren aretoa». Hala ere, filma Euskal Herri osoko 30 herritara eramango duen birari ekingo diote hurrengo larunbatean bertan.
Azkenean iritsiko da aretoetara Barrura begiratzeko leihoak filma...
JOSU MARTINEZ. Lehenago estreinatzeko asmoa genuen, baina hauteskunde kanpaina pasatzea nahi genuen, kokoteraino gaudelako pelikula instrumentalizatzeaz. Zailtasun ugari izan ditugu pelikulak bizitza normal bat izan zezan eta zinema guztietan estreinatua izan zedin.
Baina filmak badu areto komertzialetarako beharrezkoa den Espainiako Kultura Ministerioaren kalifikazioa, ezta?
J. M. Horrek justifikaziorik gabe uzten du batzuek euren aretoa alokatzea galarazi izana. Beldurragatik da, eta erakunde pribatu bati onartu ahal zaio, baina publiko bati, ez. Donostian eta Gasteizen areto komertzialetan ematea lortu dugu.
Espainiako Auzitegi Nazionalera kopia bat bidali behar izan zenuten. Berririk ba al duzue horren inguruan?
J. M. Auzibiderik ez dago gure aurka. Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urkijok eman zuen abisua dago. Bidenabar, esan behar da Urkijok ez duela ikusi pelikula. Baina fiskalak ez du ezer esan, eta esango balu, epaileak atzera botatzea espero dugu, inolako zentzurik ez duelako. Hori gertatzen den momentuan absolbituak egongo gara, nahiz eta berez auzi juridikorik ez den egon gure kontra. Baina ikusleek absolbitu behar gaituzte, ez epaileek.
MIREIA GABILONDO. Esango balute ezer ez dela gertatzen, hasiko ginateke behingoz pelikulari buruz hizketan. Presoei buruzko film bat delako sortu dituzte arazoak, ikusi barik zer kontatzen den eta nola kontatzen den. Oihu bat egin behar dugu horren kontra. Ikusi ondoren, gustatzen ez bazaie, hitz egingo dugu, eta esango digute zer pentsatzen duten. Baina estreinatu aurretik hau guztiau gertatzea... Penarik handiena izan da niretzat.
Donostiako Aquariumeko emanaldira errezeloak izan zitzaketenak ere gonbidatu zenituzten. Zer esan zuten filma ikusi ondoren?
M. G.Filma ikusi egin behar dela, hori izan zen nagusitu zen iritzia. Ideologia ezberdineko jendea gonbidatu genuen, eta ikusi zenbaterainoko mina egiten duen... Baina pelikula bat da, hori ez dugu ahaztu behar. Eta benetako istorioak dira, eta min egin dezakete; baina beste jende bat ere mintzen da beste toki batzuetan. Emanaldi horretan argi geratu zen pelikulak ez duela ezertxo ere debekatua izateko. Gero, norberak erabakiko du ikustera joan nahi duen edo ez.
J. M. Ez dugu eskatzen jende guztia ados egotea filmarekin. Badakigu ezinezkoa dela.
Nola ulertu behar da gertatu den guztia?
M. G. Ez dakit prestatuak gauden mingarriak diren gaiei heltzeko. Baina zauriak sendatze aldera, beharrezkoa da horrelako pausoak ematea.
J. M. Alde guztien mina aitortzeko, ETAren biktimekin batera, beste biktima batzuk agertu beharko dira. Orain asko hitz egiten da kontakizunaz, eta badirudi ezin daitekeela presoez hitz egin, preso horiek aurrez egin dutena aipatu gabe. Baina ETAren biktimez hitz egiteko, ez dago hitz egin beharrik Guardia Zibilaren torturez. Orduan ulertu behar ditugu gauza guztiak bere testuinguruan. Eta guk presoei buruz hitz egin nahi genuen, eta zehazki bost presoren atzean dauden giza istorioez. Mireiarekin bat nator. Ez gaude prest mingarriak diren gaiei heltzeko. Baina inor ere ez. Justiziagatik, esan behar dut ezker abertzaleko jende asko ere ez legokeela prest ETAren biktimen film bat ikustera joateko.
Euskal Herrian zinema egitea nahikoa zaila ez eta zuen proiektuari beste hamaika traba gehitu zaizkio. Nola sentitzen zarete?
M. G.Nekaturik... Egitea erraza izan da. Eta produkzioa, xumea baina polita. Amaitu genuenean hau guztiau etorri zen, eta harritu ginen, ni behintzat, estreinatu aurretik horrela hastea. Horrek pixka bat deszentratu gintuen. Diru laguntzei uko egin behar izatea beste kolpe bat izan zen. Baina hamar egunean 40.000 euro biltzea bultzada polit-polita izan zen gizartearen aldetik. Viktoria Eugenian egin genituen aurrestreinaldiak oso hunkigarriak izan ziren, nahiz eta azken unera arte ez genuen jakin utziko ziguten emanaldi haiek egiten. Bipolar samar gaude [kar, kar, kar]. Beldurrez eta pozik.
J. M. Lehen arazo serioa laguntzei uko egin behar izatea izan zen. Zorionez, filma amaitua genuenean gertatu zen, nahiz eta une horretan esan nuen pelikula oraindik bidean zegoela. Zorionez diot, uste dudalako pelikula bukatua izan ez bagenu momentu honetan askoz ere okerrago egongo ginatekeela, izugarri baldintzatuko gintuela, horrek sortzen dizun beldurra eta ezinegona izugarriak direlako. Horren ondoren, eman dugun pauso bakoitzeko kolpe bat etorri da. Zinemaldian estreinatu nahi genuen, baina gertatutakoarekin patata bero bat bihurtu zen pelikula.
Beste jaialdiren batean aurkeztu duzue?
J. M. Talde txikia gara, baina pertsona bat hartu dugu jaialdiekin harremanak egiteko eta merkatu horretan pausoak emateko.
Zer kontatzen du filmak? Nolakoa izan da bost zuzendarik aparte baina elkarrekin lan egiteko prozesua?
M. G. Bost pieza dira. Bakoitzak istorio bat kontatzen du. Oso errealitate desberdinak erakutsi ditugu, oso modu desberdinean.
J. M. Irati Tobarri buruzkoa da nirea. Bere bila datoz, Ipar Euskal Herrira ihes egitea lortzen du, eta jendaurrean agertzen denean atxilotu egiten dute, eta kartzelan sartzen. Txaber Larreategik kontrako prozesua kontatu du Jon Ugarterekin. Duela sei urte atera zen, 17 urte preso egon ondoren, eta egunerokotasunera nola egokitu den azaldu du.
M. G. Gotzone Lopez de Luzuriagari buruzkoa da nirea. 23 urte daramatza kartzelan, kanpoan egon beharko lukeen arren. Parot doktrina ezarri diote. Eta, horretaz gain, bularreko minbizia du, eta kontatzen du zeintzuk zailtasun dituen tratamendua jasotzeko. Haren ahotsarekin lan egin dut. Haren amari eginiko telefono deien bidez jaso dut haren ahotsa.
J. M. Enara Goikoetxeak 18/98 auziagatik preso sartutako Jesus Mari Zalakainekin egin du bere lana. Eta Eneko Olasagastik Mikel Albisu Mikel Antza-rekin. Pieza bakoitzak protagonistaren estiloa edo forma hartzen du. Txaberrena oso kotidianoa da; Mireiarenean, familiak garrantzi handia du; eta Enarak Zalakainez egindakoa da agian intelektualena, Zalakain bera ere halakoa delako. Eneko lehen pertsonan aritu da, kameraren aurrean kokatuz, hogei urteren ondoren lagun bat berreskuratzea zer den kontatuz. Nirean denborak badu indar bat. Beldur ginen ez ote ziren bost pelikula aterako, baina gizatasunak batzen ditu, pertsonen istorioak erakusteak.
Josu Martinez eta Mireia Gabilondo. 'Barrura begiratzeko leihoak' filmaren zuzendariak
«Ikusleek absolbitu behar gaituzte, ez epaileek»
Mehatxu eta boikot saio andanari gaina hartu ostean, hurrengo larunbatean estreinatuko dute bost euskal presoren inguruan ondutako film dokumentala, EHUren Bilboko paraninfoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu