I zan ziren: erdaldun bakarreko kuadrilla bateko kidea, alaba hiltzailearen gurasoa, bikotekideetako bat Txinara lanera joango zen bikotea, alkohol proba bateko ertzaina, eraikin handietako kristal garbitzailea, soroslea, 15 urteko seme maiteminduaren gurasoak, kaleko musikaria, hezkuntzaz arduratutako bikotea, ludopata, eskultorea, kirolaria, argazki batean biluzik agertzeagatik ordainduko diotena, preso ohia, politiko ohia edota maitale izatea gero eta gogorragoa egiten zaien lankideak. Egokitu zitzaien rol horietako bakoitzetik kantatu zuten Beñat Gaztelumendik (saioaren garailea), Iñigo Mantzisidor Mantxi-k, Unai Agirrek , Unai Gaztelumendik, Ander Lizarraldek eta Andoni Otamendik, Villabonako Olaederra kiroldegian jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdenean.
Azken urteetako txapelketetan ofizioetako gaiak zabalago aurkeztu izan dira, eta bertsolariak beretik edota bertsokideak aurreko bertsoan zehaztutakotik kantatzen zuen. Izan dira zenbaitetan gaiak zabalegiak zirela iritzi izan diotenak. Villabonako saioan, aldiz, gaiarekiko jarrera zehaztuta eman zitzaien bertsolariei kopletan salbu, gainontzeko ofizioetan. Hala, saioan bikoteak gai izan ziren lau ofizioetako batean, Mantxik eta Lizarraldek eztabaidan ari zen bikotearen ahotik kantatu zuten, Iban Narbaizak aurkeztutako gaiari eutsiz: «Bikotea zarete Mantxi eta Ander. Txikitan ikaskideak izan zineten. Orain, ume baten gurasoak zarete. Zuk, Mantxi, zuen txikitako eskolara eraman nahi duzu umea. Anderrek, berriz, ez». Zehaztasunak nahastu zuen Mantxi, eta hanka sartu zuen: lehen bertsoan eskola hortara eramatearen aurka kantatu zuen. Bigarren bertsoan, bikain konpondu zuen hanka sartzea: «Esan bezela, ezautu ginan / zu ta ni behingoz Lasallen / ta hara ez det bidalduko ez / seguru antxa esan det len / baina eraman egin nahi nuke / eta gainera nabarmen. / Bakarrik prueban jarri nahi nuen / hain seguru ote zauden». Saioko bertsoen artean gehien txalotutakoa izan zen.
Hiru puntuko koplatako ariketan bertsolariak talaia beretik aritu ziren, gaiarekiko jarrera zehaztu gabe. Alkohol proba egiten ziharduten ertzainak izan ziren Gaztelumendi anaiak. Dotore baliatu zuten testuingurua, saioko erreferentziekin atzekoei adarra joz. Plazan ariko balira bezala ibili ziren, fresko. Txapelketaren dentsitatean, entzuleek eskertu zuten bertsoaldi horretan bi anaiek eta sei bertsolariek saioko jarreran izan zuten freskotasuna. Unai Gaztelumendi gazteena nabarmendu zen horretan. Bakarkako lanean, umoretsu jardun arren, doinuak ez zion lagundu umorea indartzen.
Eskultorearen berezitasuna
Bakarkako lanean Mantxiri egokitu zitzaion gaia izan zen saioko gairik bereziena eta plazan berrien egin zitekeena, pertsonaiari eta gaiari dagokionez. Mantxik berak ere lagundu zuen gaia gozatzen, txapelketan plazaratu duen doinu berriarekin lagunduta lan borobila zizelkatuta. «Eskultorea zara. Bide luzea egin behar izan duzu zure lehen erakusketa honetara iristeko. Zure inguruko inor ez da etorri ikustera».
Iñigo Mantzisidor 'Mantxi':
Txikitatikan barruan nuen
hain afizio itzela
eskutan hartuz edozein harri
mailua eta zintzela.
Bat bakearen eskultura da
bestea bihotzeko perla
baina ikusi det nire inguruko
inor etorri ez dela
e' nuen espero bela;
Oteitzak nola demontre zion
hutsak balio duela?
Ezin ulertzetik penara igaro zen hurrengo bertsoan: «Nahiz iruditu ederra dela / neronek egin detena / barrenean a ze pena! / Gaur da eguna kritikaren bat / estimatuko nukena».
Eskultorearen berezitasunik ala berritasunik ez duten gaiek ere emaitza politak eman zituzten. Ludopatarena izan zen saioko irabazleari egokitu zitzaion pertsonaia: «Orain arte dibertsioa baino ez zen jokoa zuretzat. Denborarekin mendean hartu zaitu». Goitik beherakoa gaiari lotutako erreferentziaz osatu zuen lan txukuna osatuta. «Gaur ere hementxe nago / nahiz ez dakidan zergatik / berriro galtzen ari naiz / eta ez det ulertzen tutik. / Sarri pentsatu izan det / alde egitea jokutik / tamalez beti berak du / 31 eskutik», kantatu zuen Gaztelumendik bigarren bertsoaren bukaeran.
Ikuspegiak estutu dizkiete
Azken urteetako txapelketetan ez bezala, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako ofizioetako gaietan hartu beharreko jarrera zehaztu diete bertsolariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu