Ilargian kantatzea baino ez zuten falta izan Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpuru gai-jartzaileen aginduetara kantuan aritu ziren bertsolariek. Hamaika egoera eta lekutatik kantatu zuten, aldaketak aldaketa, bizi eta oso joan zen saioan. Kursaaleko areto nagusia frontoi bilakaturik ekin zioten saioari, atzean ezker horma baten irudia zutelarik eta soinuan ere pilotalekuetako oihartzun bereziaren efektua antzeman zitekeelarik. Sakonetik heldu zioten Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek lehen ariketari, eta bertsolariaren begiradaz nahiz funtzioez hainbat gogoeta bota zituzten lehen ekitaldi horretan. Honako bertso esanguratsu eta intentzioz betea bota zuen, esaterako, egungo txapeldunak, Imanol zenaren Ilun-ikarak doinuan:
Denari
bertsoak hortantxe zetzan
zauritzen gera, pentsatzen dugu]
ta ez silloiean etzan
gure bertsoak, baina, ez doaz
kontsigna baten defentsan
gure bertsoak joaten dira
entzuleak pentsa dezan
Honako beste honekin errematatu zuen txapeldunordeak, bertsoaz egindako gogoeta partekatua: «Ez du mundua aldatzen baina, ez du begirik bendatzen/ eta agian lagun lezake gure barrua sendatzen/».
Hausnarketarako bertsoek umoreari egin zioten lekua hurrena. Iker Zubeldia eta Beñat Gaztelumendi igoarazi zituen frontoi birtualeko tranpaldora Alaitz Rekondok, eta duela hilabete pasatxo Gabonetako loteriaren sari nagusia irabazi zuten bi lagunen paperean jarri zituen. Gaztelumendi haserretzen hasia da Zubeldiari gehiegi nabari zaiolako saria egokitu zitzaiola. Honela hasi zuen jarduna Gaztelumendik:
Loteriako Gordo bat noizbait
sartu zen gure bizira
eta geroztik jardun naiz zertan
ote zabiltzan begira
kotxearena pasa liteke
ta txaletarena tira
baina Txindoki erosi dezu
ta hori ia gehiegi da
Izan ziren umoretik jo zuten beste saio batzuk ere. Aurtengo irudia kameleoiarena izanik, zera galdetu zion gai jartzaileak Lujanbiori: «Atzeko hauek noiz aldatuko dute kolorez?». Atzean Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia zituen. Zera kantatu zion Zubeldiari.
Txindokipeko kamaleoiak
badauka nahiko ezten
hau da espezie autoktonoa
endemikoa, ze prenda!
berdin Donostin ta berdinBilbon]
berdin Parisa ertenda
berak berea mantentzen du ta
ingurua aldatzen da
Bertsoaren eta gaiaren ingurumaria berera ederki eramaten eta antzaldatzen dakiela erakutsi zuen Zubeldiak erantzunean.
Nik kolorerik ez det aldatzen
ene Maialen maitea
txurie dauket nik aurpegie
bizkarra eta hankea
txurie dauket nere gorputzen
goiko ta beheko partea
ze gogorra den kamaleoia_ta
albinoa izatea!
Pilotaleku ez ezik gaztetxe ere bilakatu zen aldika Kursaaleko aretoa. Ikusle bolondres zenbaiten laguntzarekin, oholtzaren kokapena eta itxura aldatu, atzean gaztetxe baten irudia jarri, eta gaztetxe horretan bertan geratu ziren ikusle modura, garagardo kaxen gainean eserita. Garagardoa edanez egin zuten sarrera, aldiz, gaztetxean kantari aritu zirenek, IgorElortzak, Arkaitz Estiballesek, Aitzol Barandiaranek eta Alaia Martinek. Saioetako batean hiru gizonezkoak gaztetxera beren seme-alaben bila doazenen gurasoen larruan jarri zituen Egoitz Aizpuruk. Alaia Martinek, aldiz, gaztetxe horretako maskota eta superheroiaren papera hartu zuen, gazteen defendatzailearena, hartarako espresuki atonduriko trajea jantzita. Saioak puntu gorena hartu zuen Estiballesek ondorengoa kantatu zuenean kopla doinuan: «Eta nire alaba, hortxe erdian pistan/ umea da, mokuak oindik dindilistan/ eta denen aurrean kuleruak bistan/». Honela erantzun zion Gaztetxemon superheroiak: «Antza zuk ez diozu sexurik baimendu,/ ta gogo guztiak egin behar ditu kendu/ etxean ezin duna hemen egiten du/».
Pilotalekuaz eta gaztetxeaz gain, taberna izan zen atzo bistaratu zen hirugarren bertsolekua. Batean, Jon Maia eta Andoni Egaña grabaturiko bideo batean azaldu ziren, taberna batean kopla kantari, garagardo bana eskutan, eta tabernako nagusi Pepitari laudorioak botatzen. Grabatua izanagatik arratsaldeko saio txalotuenetakoa izan zen. Bertso afari batean baleude bezala kantatu zuten Sustrai Colinak eta Sebastian Lizasok ere, puntuka, eta tabernatan erretzeko debekua gaitzat hartuta.
Banaka kantari aritu zen apurretako bat izan zen Amets Arzallus.Joseba Sarrionandia idazlearen talaiatik kantaturikoek berotu zuten Kursaala goraino bete zuen publikoa. «Duela 25 urte hustu zenuen maleta betetzen ari zara», esan zion gai- jartzaileak. Eta hau kantatu zuen Arzallusek lehen bertsoan:
Iurretako argazki zahar bat
beti dut lagun fijoa
hiru liburu Atxagarenak
ze plazerra ze lujoa
sandalia zahar karztelakoak
bat pipiak jana, joa
berriro ere Euskal Herrirantz
lagun haundi gizajoa
euskal idazle izoztuena
berriz urtzera dijoa
Urtzetik gertu izan zen publikoa arratseko zenbait unetan; saioarekin disfrutatu zuela nabari zitzaion, bertsoaren aldaera anitzekin disfrutatu zuela.