Imanolen kantuak Kursaalera eramango dituzte

'Imanol: Donostia-Tombuctú' diskoan parte hartu duten hainbat artista ariko dira gaurko kontzertuan

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Imanol Larzabal zena omentzeko Imanol: Donostia-Tombuctú diskoa eta DVDa kaleratu zituzten duela hiru hilabete, eta izenburu beraren pean kontzertua eskainiko dute hainbat artistak Donostiako Kursaalen, gaur iluntzean. Imanolek sortutako kantuak bere egin, eta haien bertsioak ondu zituzten hogei bat musikagilek diskorako. Kanta horiek eta diskoan jaso gabeko beste zenbait eskainiko dituzte 20:00etatik aurrera, kubo txikian.

Bi ordu inguru iraungo du kontzertuak, musikari ugari ariko baitira agertokian. Horien arteandaude Luis Eduardo Aute, Luis Pastor, Lourdes Guerra, Pablo Guerrero, Marina Rosell, Carmen Paris, Maria Berasate, Gorka Hermosa, Amaia Zubiria, Maria Mendizabal, Joao Afonso, Alvaro Cardenas eta Suburbano taldea. Aurora Beltran gripeak jota zegoen atzo, baina garaiz sendatzekotan Donostian izatekoa da. Aldiz, diskoan parte hartu duten artista batzuk faltako dira kontzertuan, tartean, Ismael Serrano, Ainara Ortega eta Uxia abeslariak.

Lete eta Labordeta gogoan

Askotariko estilo eta erritmoak entzun ahalko dira Kursaalen, eta sorpresarik ere izango dela iragarri dute antolatzaileek. Egitarau osoa ez dute jakitera eman, baina aurreratu dutenez, Imanolez gain, beste bi omendu ere izango dira. Batetik, Xabier Lete ekarriko dute gogora, Imanolen adiskide izan zena. Iragan abenduan zendu zen poeta, eta hark Imanoli eskainitako olerki bat irakurriko dute kontzertuan. Bestetik, Jose Antonio Labordeta gogoratuko dute emanaldian. Iazko irailean zendu zen politikari, idazle eta kantari aragoitarra, eta diskoan parte hartu nahi izan zuen hil aurretik, Imanolekin kantuan agertzen zen irudi batzuekin.

Diskoan Poeta kaskarra abestia kantatzen duen Susana Martins eta Jose Kruz Gurrutxaga aktorea ariko dira aurkezle lanetan. Gaurko kontzertua bakarra izango dela uste dute antolatzaileek, hainbeste artista elkartzeko zailtasunengatik beste leku batzuetan emanaldia errepikatzeko aukera gutxi daudela iritzita. Hala ere, laguntzailerik balego, ez dute halakorik egitea baztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.