Imintzioen rocka

Bon Jovik Anoetan bildutako zaleak sutu zituen ostiral gauean eskainitako kontzertuan; 80ko hamarkadako estetikari eutsiz, talde efektista bat da oraindik ere AEBetakoa.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Nerabezaroa igaro berri duten bost neska-mutil txikle jale, mende erdia aspalditxoan pasatako hiru emakume lurrinez bapo jantziak, tatuaiez jositako bi betiko rockzale, maitasunaren atzaparretatik nola askatu ez dakiten bikoteak... Euren artean zerikusi gutxi dute guztiek, baina denak gatibu harrapatu zituen Bon Joviren rock sinple azukredunak. Sarri erabili ohi den izenondoa da komertzialarena musikan. Ondo merezitakoa du Bon Jovik. Komertzial izan nahi du, ahalik eta jende mota gehienengana iritsi nahi du. Eta iritsi egiten da. Komertzialtasunean eraginkorra da, gutxi bezala.

Ezer apartekorik ez du eskaintzen New Jerseyko taldeak. Jon Bon Jovi taldeko kantari eta gidariak beste stadium rock taldeetako buruen keinuak eta imintzioak ondo ikasiak dauzka. Disimulu handirik gabe imitatu eta errepikatzen ditu Mick Jagger, Bono edota Bruce Springsteenen oholtza gaineko moldeak. Ez du Jaggerren mugitzeko gaitasuna, ez du Bonoren mesianismorako ez joerarik ez erretolikarik, ez du Springsteenen ahotsik nahiz indarrik... Taldeakgehiago gogoraraz dezake Status Quoren jarduna zatirik rockeroenetan, eta Brian Adamsena balada itsaskorretan, baina aurrez aipatu musika eta merkadoteknia munstroek adina zale ditu oraindik ere. Iaz horiek guztiak baino etekin ekonomiko hobea atera zuen kontzertuetan, esaterako.

Himnoen festa

Ordu laurden pasatxoko atzerapenarekin agertu ziren Jon Bon Jovi eta enparauak borobil itxurako pantaila erraldoi batek aterpeturiko agertokira. Ohikoa duen kasako gorriaren ordez, larruzko txupa marroia jantzita kantaria, betaurreko beltzen atzean eta jaka luze nabarmenarekin Richie Sambora gitarra jotzailea. Bigarren maila batean geratu ziren gainerako lau musikariak, baita gitarra laguntzaile modura aritu zen Bobby Bandiera (Steve Van Zandt, Springsteen...) eta Tico Torre bateria egurtzailea ere.

Hasiera-hasieratik Anoetako fubol zelaian bildutako 41.000 jarraitzaileak gorputz-arima bereganaturik zituen talde estatubatuarrak. Raise Your Hand-ekinikus-entzule guztiak saltoka etaeskuak gora-behera mugituz eta txaloekin lagunduz jarri zituzten, eta ez ziren gelditu kontzertua amaitu bitartean. Rockaren eskuliburu estandarretik ateratako keinu, imintzio eta begiradekin gidatu zuen emanaldia Jon Bon Jovik. Geldi samar eta mikrofonoa helduta zuenean itxurosoago aritu zen saltoka batetik bestera jardun zuenean baino. Bertaraturikoek ere nahiko modu infantilean jarraitu zituzten liderraren mugimendu ez oso estetikoak.

80ko hamarkadaren bukaeran eta 90eko hasieran jo zuen famaren kanpaia Bon Jovik, eta garai hartako estetikari eta soinuari atxikia jarraitzen du oraindik ere. Garai hartako kantuak izan ziren, halaber, jarraitzaileen artean su gehien piztu zutenak. Wild in the Streets, Born To Be My Baby, Bad Medicine, Keep The Faith edota Livin' on a Prayer-ek ia zoratzeraino akuilatu zuten publikoa.

Kontzertuko momentu gorena Jon Bon Jovik eta Richie Samborak, agertoki nagusitik irten eta zubi bat zeharkatuz korridore zirkular baten puntan eskuz esku kantaturiko I'll Be There For You-rekin iritsi zen. Jaggerrek bere Richards, Bonok bere The Edge edota AC/DC-k bere Angus Young duen bezala, Bon Jovik badu bere aingeru guardako errebeldea. Gitarra soloetan nabarmendu egin zen Sambora. Berak ematen dio irmotasuna taldearen musika zutabeari. Ez hori bakarrik. Ez ziren falta izan David Bryanen teklatuarekin batera —kantu hasieratan batez ere— taldearen marka berezienetakoak diren Samboraren ahots xaramelak (It's My Life...). Apirilean taldearen bira utzi behar izan zuen osasun arazoak zirela medio, eta sasoiko itzuli dela dirudi.

Uda gau sanoa egiten zuen. Jarraitzaileak ezin gusturago ziren, eta taldekideek ere hala ziruditen, kantariak batez ere. Bi bis luze egin zituzten —kantu asko luzatu zituzten publikoari kantatzeko aukera emanez—, eta azkenerako utzi zuten Always balada eraginkorra. Berea eman zuen Bon Jovik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.