DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Fantasien gatibu

'In the mood for love'

Beñat Eizagirre Indo.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Txinako zinemagileen artean seigarren belaunaldiko ordezkaria da Wang Quanan Jia Zhang-Ke (Still Life), Lou Ye (Summer Palace) eta Wang Xiaoshuai (Beijing Bicycle) kideekin batera. Bakoitzak estilo propioa duen arren, denek nazioartean onespena lortu dute dagoeneko, baina ezin da gauza bera esan publiko txinatarrak erakutsitako jarrerari dagokionez. Zuzendari gazte horien lanak ez dira gehiengoaren gustukoak, eta horrexegatik kasu askotan ez dute inbertitutako dirua berreskuratzeko modurik izaten. Kung-fu filmak, komedia txoro eta thriller motatakoak nahiago izaten dituzte. Zinema komertzialetik urrundu nahi duten egileek sekulako oztopoei aurre egin behar izaten diete. Zentsura eta baliabiderik eza sufritu behar izaten dituzte industriatik kanpo lan egitera ausartzen direnek. Horietako film ugari nazioarteko aretoetara iristen diren arren, arazoak eduki ohi dituzte Txinan estreinatu ahal izateko. Gobernuaren kontrol zurruna dela eta, klandestinitatean filmatu behar izan dute gehienetan, eta Italiako errealismo berria eta cinéma vérité mugimenduak gertuago dituzte bosgarren belaunaldikoen zinema baino. Pirateria primeran datorkiela aitortu izan du Zhang-Kek, bestela gobernuak debekatutako filmak ikustea ezinezkoa izango litzateke. Dirua irabaztea da ekoizleen helburu bakarra, beraz, ezohikoak eta berritzaileak diren produkzioak ez zaizkie batere interesatzen. Hala ere, atzerritarren finantzaketari esker proiektuak aurrera atera ditzakete. Iraultza kulturalak zentsuraren gogortzea ekarri zuen, eta Jiang Qing Maoren hirugarren emaztea zenak sorginen ehizari ekin zion, hainbat zuzendariri etsaiari saldu izana leporatuz. Askok atzerrira alde egin behar izan zuten, eta zinema propagandaren zerbitzura geratu zen. Mao hil ondoren, Zhang Yimou eta Chen Kaigek aurreko zinemarekin apurtu zuten, narrazio modu eta estetika desberdinekin esperimentatuz. Eta Cannes, Berlin eta Veneziako sariak berehala ailegatu ziren. Iazko Donostiako Zinemaldian The City of Life and Death txinatarra garaile izan zen, eta gobernuak ez zion Oscarretara joateko baimenik eman nahi izan.

Tuan yuan / Apart Together film hunkigarria da. Istorio sinple eta apala da, baina ikus-entzulea bete-betean harrapatzen du. Kuomintang alderdi nazionalistaren alde borroka egindako soldadu gazte batek Taiwanera ihes egin behar izan zuen komunisten garaipenaren ostean. Jende andana zegoen portuan, eta maiteminduta zegoen neskarik gabe alde egin behar izan zuen azkenean. 50 urte igaro dira,eta protagonista etxera itzuliko da. Gerra zibilak banandu zituen arren, elkarrekiko sentitzen zuten pasioak bizirik jarraitzen du oraindik. Baina neskatoa zena amona bilakatu da, eta Shanghaik New York dirudi. Leialtasunaren eta desiraren artean aukeratu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.