Atzoko doinu inpresionistak utzi, eta indar erromantikora joko du Parisko Orkestrak, gaur, Hamabostaldiaren barruan Donostiako Kursaalean eskainiko duen bigarren kontzertuan, eta Hector Berlioz, Robert Schumann eta Ludwig van Beethovenen piezak joko ditu. Hasieran etortzekoa zen Christoph von Dohnanyi zuzendariaren ordez, Yoel Levi maisuak hartuko du batuta, gastritis arinak jota baitago lehena. Egun, Ile-de-France Orkestra Nazionaleko zuzendaria da Levi, eta zuzendari gonbidatu moduan dabil Israelgo Filarmonikarekin. «Hauxe da urteko garairik txarrena zuzendariak aurkitzeko», azaldu du Didier de Cottignier orkestrako zuzendari artistikoak, «okupatuta izaten dira denak, dela hurrengo denboraldia prestatzen, dela oporretan. Leviri asko eskertzen diot oporretako aste bat guri eskaintzea».
Orkestrari lagunduaz, ostera, Jean-Frederic Neuburger pianista ariko da, solista moduan. Gaztea izanagatik, Neuburgerren ibilbideak ez du inoren mirarik. Parisko Kontserbatorio Nagusian ikasi zuen, eta, aldi berean, maisu eskolak jaso zituen musikari aipagarriekin. Egun, Filadelfiako Orkestrarekin eta New Yorkeko Filarmonikoarekin aritzen da, beste askoren artean, eta Parisko Kontserbatorioko irakasle laguntzailea da. De Cottignierren arabera, «konpositore oso interesgarria» da Neuburger, «batez ere, musika garaikidean dabilen jenio txiki bat».
Napoleoni eskainia
Gaurko kontzertua Berliozen Korsarioa ezagunarekin hasiko dute. Antza denez, Lord Byronen lan batean oinarrituta idatzi zuen partitura, 1844an. Konpositore frantsesaren lan guztien tankeran, hori ere ukitu erromantikokoa da, irudimen handikoa. Segidan joko dute Schumannen Pianorako kontzertua, aurrekoaren gisara, erromantizismoko lanik funtsezkoenetakoa dena, piano eta orkestrarako errepertorioaren barruan, behinik behin. Obra 1846an estreinatu zen, eta bakarlari lanetan Clara Schumann aritu zen, egilearen emaztea. Birtuosismo izugarriaz gainera, sentiberatasun apartekoa behar dute lana interpretatuko dutenek.
Azkenik, sinfonia handi batekin amaituko dute emanaldia —salbu eta entzuleek «ezustekorik» aditu nahi ez badute, Levik adierazi duenez—. Beethovenen 3. sinfonia edo Heroica, haren lan nagusietakoa, duen izaera erromantikoa dela-eta egitarauari ezin hobeto egokitzen baitzaio. Zenbait adituren ustez, lanak ezin hobeto ordezkatzen du sorkuntza aldi hartako estilismoa, sinfonien eskema klasikotik bereizten baita une batzuetan. Beethovenek Napoleon Bonaparteri eskaini zion partitura, miretsi egiten baitzuen haren agintaldiaren hastapenetan, Frantziako Iraultzako ideietatik gertu zenean. Gerora, ordea, etsita, atzera egin zuen.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Indar erromantiko handiko obrak joko ditu gaur Parisko Orkestrak
Berlioz, Schumann eta Beethovenen obra bana eskainiko du Kursaalean, Neuburger piano solistarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu