Donostiako 65. Zinemaldia hastearekin batera jarri da martxan Zurriolako butaka telebista saioa. Bertan, Iñigo Garcia zinemagileak Bi txirula filmaren inguruan hitz egin du. Nabarmendu du pelikula "bidaia berezi bat" bezalakoa dela. "Kasik nik nahi dudana egin ahal izan dut. Grabaketa egunak luzeak eta neketsuak izan ziren. Baina ez daukat gainean ekoizpen etxe baten presioa". Aurrekontu txikia du filmak, baina badu bere mamia. Jon Elizalde musikariak jokatzen du rol protagonista,Iker Hazasekin batera. "Bizitzan denetarik egin behar da. Ni ez naiz aktorea, baina denetarik probatzeko prest nago", esan du Elizaldek saioan.
Programa berean, Joserra Senperena elkarrizketatu dute. Bihar Velodromoan Nur eta herensugearen tenplua filmeko musika joko du Senperenak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Film hori Juanba Berasategiren azkenekoa izan zen; apirilean hil zen zinemagilea, gaitz baten eraginez. "Gaur egun animaziozko filmak abiadura bizian doaz, baina Berasategirenak lasaiagoak dira, beste erritmo batekoak dira". Hilaren 28an, 29an eta 30ean emango dute animaziozko filma Zinemaldian.
Saioa bukatzeko, Maialen Goñi Zinea.eus atariko koordinatzailea eta Urtzi Urkizu BERRIAko kazetaria izan dira solasean. Kutsidazu egitasmoaren spota eman dute, halaber.
Saioko arduradunek barkamenak eskatu nahi dituzte, gaurko saioan arazo tekniko batzuk izan direlako.
Bihar itzuliko da Zurriolako butaka saioa, eta bertan Handia filmeko zuzendari Jon Garaño eta Aitor Arregi elkarrizketatuko dituzte.