«Inkonformistak ginen, eta ezin nuen idatzi era konformista batean»

Koldo Izagirrek gazte zelarik ezagutu zuen giro politiko eta soziala islatu du 'Egarri egunak portualdean' nobelanAskatasun egarriak bizi dituen Pasaiako portualdeko gazte batzuk dira protagonistak

Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean  nobela da Susak Durangoko Azokara eramango dituen liburu berrietako bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Inkonformismo baten historia, egarri baten historia» kontatzen du Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean nobelak (Susa), egileak berak dioenez. «Gazteria matxinatu bat» aurkituko du irakurleak, Gorka Arrese editoreak azaldu duenez, «askatasuna, maitasuna, berdintasuna eta edertasuna topera bizi eta gozatu nahi duen gazteria matxinatu bat». Gazte zelarik, Franco hil ondorengo urteetan, Pasaiako portualdean ezagutu zuen giroa islatu baitu Izagirrek, narratzailetzat giro hura bertatik bertara ezagutu zuen idazle bat harturik. Nobela ez dela autobiografikoa argitu du, hala ere. «Protagonistak ez dauka izenik, eta, beraz, belaunaldi hartako edozein identifika daiteke harekin, egoera berdintsuan bizi izandako edozein».

«Gure gorputzak zeuden egarritan», ekarri du gogora Izagirrek garai hura. «Gazteen gorputzak beti daude egarritan», zehaztu du gero, «baina garai hartan ingurua ere halakoa zen, eta egarri politiko eta sozial handia zegoen». Aurreko belaunaldiak boterearekin eta patronalarekin borrokatu behar izan zuen, dena «garbiagoa» zen garaian. Baina Franco hil zenean gazte zirenen belaunaldiko inkonformisten borroka, Izagirreren belaunaldikoena, «konplexuagoa» gertatu zen.

«Gure garaian etorri ziren ekologismoa, feminismoa eta baita hirigintzaren inguruko kezkak eta borrokak ere», ekarri du gogora. «Hirigintza eta ekologia, Pasaia-Errenteria eskualdean, bertako arazoetatik etorri ziren, ez ziren adkisizio intelektualak izan, ez genituen liburuetatik jaso. Premia zegoen. Butano deskarga ilegalak egiten ziren, San Markoko erraustegia geneukan —eta oraindik ere hor jarraitzen du—, zentral termikoa, petrolio deskargak… Errenteria hirigintza basatiaren lekua izan zen urteetan, Eibar bezalakoa baina gertuagoko garaietan. Hirigintzako koordinakundea sortu zuen Errenteriako asanbleak, auzo elkarteetan oinarrituta».

Izagirreren aurreko beste hainbat lanetan ere —Non dago Basque's Harbour poema liburuan eta Sua nahi, Mr. Churchill? narrazio bilduman batik bat— agertu izan da Pasaiako portualdea, eta ez da kasualitatea egilea hara itzuli izana. «Batetik, ni horkoa naiz eta horkoa sentitzen naiz, eta, bestetik, oso eszenario interesgarria iruditzen zait», dio Izagirrek. «Portu hurbila da. Ez da Bilboko edo Baionako portua bezalakoa. Gu beti bizi izan gara portuan bertan. Portu komertziala izan aurretik arrantzarako putzua zen, eta horregatik beti bizi izan da jendea bertan. Eszenario gisa, oso nobeleskoa da, zinematografikoa; ez estetika aldetik, beste motibo batzuengatik baizik. Immigrazioaren eta jendearen nahasteak jotzen dira hirien eta hiritartasunaren ezaugarritzat. Portuetan askoz lehenago ezagutu dugu hori denok: hizkuntzen arteko talkak, bizikidetza, elkar ulertzea nolabait alemanez edo ingelesez, kultura desberdinen arteko topalekua…».

Beste balio erantsi bat ere badu Pasaiako portualdeak kasu honetan. «Ez dut esango Euskal Herrian beste inon ez bezalakoak, baina toki gutxitan bezalako borrokak egin ziren portualdean1977an, besteak beste asanblea permanentea zegoelako Errenterian. Luis Elberdinek eta Joxe Iriarte Bikila-k liburu eder bat argitaratu zuten horretaz, argazkiz hornitua. Oso leku borrokalaria izan zen, eta errepresio handia jasotakoa, besteak beste aspaldi finkatu zirelako hor oso enpresa inportanteak eta langile asko. Politika toki guztietan zegoen: etxean, tabernan, koadriletan eta bikoteen arteko harremanetan. Azken finean, maitasuna ere akto politiko bat zen, gero horrek zekartzan ondorio pertsonalekin».

Giro haren arerio gogor bihurtu zen errealitate bat ere ageri da nobelaren azkeneko partean: heroinarena. «Heroina hortik sartu zen; Gipuzkoan behintzat, Pasaiako portutik heldu zen, eta oso gogor jo zuen belaunaldi hori. Ez genekien zer zen hura, eta esan liteke, exageratu gabe, mundu guztiak probatu zuela».

Forma, fondoarekin bat

Hizkera eta kontatzeko moldea hautatzean, fondoaren eta formaren arteko koherentzia bilatu du egileak. «Inkonformistak ginen, eta ezin nuen idatzi era konformista batean. Beste askatasun batekin idatzi behar nuen, brotxaz pintatuko banu bezala. Ez dakit hurrengo batean horrela idatziko dudan edo ez, baina liburu honen kasuan argi nuen horrela jokatu behar nuela».

«Nork bere estiloa dauka, eta batzuek ez dute estilorik», Izagirreren ustez. «Prosa ulerterraza idatzi beharraren beharrez, euskalgintzaren izenean, azkenean prosa administratibo bat idazten da askotan, eta Administrazioak oso gaizki idazten du, oso prosa pedagogikoa egiten du, nolabait esateko. Nik ez dut laborategi bat muntatu estilo bat sortzeko; ez naiz ibili baliabide gramatikalak kentzen estilo bat osatzeko. Baina ezinezkoa iruditzen zait esplikazioetan galtzea. Niri 'alegia', 'bai, zeren eta…' eta horrelakoak oso esplikatiboak egiten zaizkit, ez zaizkit batere gustatzen. Hortik sortzen da seguru asko zenbait elementu gramatikal edo sintaktikori uko egiteko nire joera, eta nobela honetan era erradikalean egin dut hori. Horrek seguru asko ez du lehenbizikoan ulermena errazten, baina nik uste dut horren bitartez belozidade desberdinak ematen dizkiodala testuari, eta niretzat inportantea da hori, irakurketaren belozidadea kontrolatzea».

Joera jakin baten barruan baldin bada ere, bada idazkera aldaketarik nobelaren barruan. Nobelaren hasieran, portualdera itzultzen denean, barrokotzat jo daitekeen deskribapen bati ekiten dio kontalariak. «Edertu egin nahi du gero etorriko den kontu narratiboago baten sarrera», Izagirrek dioenez. «Erdiko atal narratiboago horren ondoren, amaieran, buelta ematen dio sarrerari berari, eta hor ikusiko da nobela hori idatzi behar izan duela memoria behar bezala eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.