Donostia 2016

Inna Modja abeslari maliarra izango da Stop War jaialdiko hirugarren kartelburua

Martxoaren 25etik 27ra egingo dute gerraren aurkako festibala Donostian, 2016ko Kultur Hiriburutzaren barruan. Esne Beltza nahiz Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak ere batu zaizkio programazioari.

Inna Modja musikaria.
Ainhoa Sarasola.
2016ko martxoaren 3a
12:40
Entzun

Gerraren aurkako "jarrera aktiboa aldarrikatu" asmoz, Stop War jaialdia egingo dute Donostian martxoaren 25etik 27ra, Aste Santuko oporraldiarekin. Hiru egunez, egun argiz egingo diren dozenaka ekitaldiez gain, euskal musikari edo talde bat eta atzerriko beste bat ariko dira gauero Maria Kristina zubian. Horietako batzuk jada iragarriak zituen Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak, eta egitaraua osatzeko falta ziren musikarien izenak eman dituzte orain: Inna Modja Maliko artista izango da hirugarren kartelburua, eta Esne Beltza nahiz Niña Coyote eta Chico Tornado euskal taldeak ere ariko dira oholtza gainean. Aurrez iragarri bezala, Gose Arrasateko hirukoa, Bob Geldof musikari irlandarra eta Nick Lowe ingelesa ere izango dira jaialdian. Hasiera batean parte hartuko zuela iragarri bazuten ere, Anariren kontzerturik ez da izango azkenean.

Gaueko kontzertuez gain, beste hainbat ekitaldi izango dira hiru egunetan, jaialdiaren barruan. Kultura Alternatiboa plataformak antolatuta, askotariko 27 ikuskizun hartuko dituzte Frantzia Pasealekuan, Okendo Plazan eta Bilbo Plazan jarriko dituzten agertokiek. Bertako artistak ariko dira haietan, eta eskaintza zabala izango da, "ipuin kontalarietatik heavy metaleraino", sustatzaileen hitzetan.

Musika jaialdia izango da, batik bat, Stop War, baina gerraren inguruan gogoeta ere sustatu nahi du. Horregatik, Donostiako hainbat ikastetxetan antimilitarismoa lantzen hasi ziren orain hiru hilabete, Demagun elkartearen bultzadaz. Lan horren emaitzak Viktoria Eugenia antzokian plazaratuko dituzte 500 bat ikaslek egingo duten topaketan, hilaren 16an. Beste topaketa bat izango da jaialdiaren barruan, bertako nahiz nazioarteko alkateena, hilaren 26an. Bezperan, hainbat hitzaldi izango dira Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, auzian adituak diren hainbat lagunen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.