Inspirazio iturria parez pare

Paul Delvaux margolariaren jatorrien ezagutzera gonbidatzen du MiarritzekRenoir, Modigliani, Magritte, Ingres eta besteren eraginaz ohartzeko, Delvaux-enen ondoan haien obrak jarri dituzte Bellevuen

Ezkerrean, Paul Delvauxen obra; eskuinean, espresionismo flandriarraren adibidea. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
«Besteen baitan bilatzen nuen elikadura, neure burua ezagutzeko gisan». Paul Delvaux margolari belgikarrarena da esaldi hori. Miarritzeko Bellevueko erakusketaren atarian jarri dutena nolabait laburbilduz urriaren 2a arte iraunen duen Obraren iturburuan erakusketa. Ehundik gora obra elkartu dituzte bertan, Delvauxen ibilbide artistikoaren jarraipena egiteko aukera emanez, hastetik buru, eta bereziki bere eraginak zuzenean dastaraziz.

Berez, surrealista gisa ezaguna da Delvaux (Antheit, 1897-Furnes, 1994), nahiz eta berak nehoiz ez mugimendu surrealistakotzat aldarrikatu bere burua. Baina belgikarra izaki, Magritteren garaikidea, eta surrealismotik edaten duten bere obrak lekuko, erraza da lotura egitea. Alta, Magritterekin harremanak ukan bazituen ere, ez zuten elkar biziki maite. Alain Fourgeaux kulturaz arduratzen den Miarritzeko Udaleko zerbitzuko zuzendariak gogoratu duenez, Delvauxek Magritteri leporatzen zion errazegi aritzea, margoarekin deus ikustekorik ez zuten izenburuen asmatuz. Magrittek, berriz, Delvauxi buruz zioen emazte biluziak margotzeaz aparte ez zekiela besterik egiten.

Eta egia da erakusketa horri begiratzean biluzirik dauden emazte anitz badela, ezin uka. Fourgeauxek obsesio bat zuela dio, bizi pribatuko idortearen erantzun bat bezala interpretatzen duena. Familia burgeseko gurasoen larderiaz jalgitzeko zailtasunak izan zituen Delvauxek. Anne-Marie de Martelaere Tam-ekin ezkondu nahi izan zuen, baina ez zioten utzi. Beste batekin ezkondu behar izan zuen. Baina ez zuten haurrik ukan, ezta harreman sexualik ere ez. 60 urte zituela, De Martelaere-rekin berriz elkartu zen, baina hor ere sexurik ez. Delvauxen emazte margotuei buruz, haatik, ezin erran biziki irudi erotikoak direnik, batez ere erakusketaren azken partean eman Heldutasun artistikoa atalean.

Ilehoriak, begi handiak, lepo luzeak, perspektibak, kolore grisa nagusi duen giroa, Greziako aitzineko garaiko zutabeak eta lehen begi kolpean koherentziarik ez duen eszena. Hori bai, bizitza artistikoan erreferentziatzat izan dituen guztien eragina hor dago.

Erreferentzia horien artean, lehenak izan zituenak, gaztetan, Renoir eta Cezanne. Miarritzen, hain justu, Renoirren obra bat jarri dute. Cezanne ere hor dago, baina ezin izan dute bere obrarik ekarri, eta, beraz, irudi digitalari begiratu behar. Artetik erraiteko, erakusketa osatzeko, Belgikako museo anitzen laguntzaz gain, Parisko Orsay museoarena eta bilduma pribatu andana batena izan dute. Jatorrian, Belgikako Ixelles museorako pentsatua izan da erakusketa. Izan ere, Miarritze eta Ixelles senidetuak dira.

Modiglianiren lepo luzeak

Delvauxen eraginei buruz jarraituz, bere obran haustura bat ekartzen dion margolari inportantenetako bat Modigliani da. Hortik, Delvauxek betiko atxikiko dituen emazteen lepo luze eta begi handiak eta, aldi berean, begirada galduak diruditen horiek.

Ensorrek ere garai berezi bat markatuko du Delvauxen baitan. Karikaturan saiatuko da belgikarra. Baina ez du, haatik, Ensorren gisan, salaketa politikoen egiteko erabiliko karikatura. Ensorren eraginetik, espresionismo flandriarrera pasatuko da Delvaux. Ondotik, bere idatziek adierazten dutenez, De Chirico du miretsiko, eta bereziki haren perspektiba. De Chiricoren kolore biziak ez ditu bere eginen, aldiz.

De Chiricotik Magrittera. Erakusketan parez pare jarri dituzte Magritteren Éloge de la dialectique (1937) eta Delvauxen La fenêtre (1936). Biek leiho bat irudikatzen dute, eta leihotik ageri denak ez luke izaterik errealitatean. Magritterena «mentalaren usaiekin jolasten da», Delvauxerena, berriz, «poetagoa da, paisaia pertsonaiaren barneko mundua bilakaraziz», Laura Neve erakusketako koordinatzailearen hitzetan.

Magrittetik Ingresera. Bellevuen ez dago Ingresen margorik, baina bai haren marrazki bat. Bien arteko lotura, agian, gorputza margotzeko moldean hauteman daiteke. Eta Ingres izan zuen azken maisua. Azken salan, Delvauxen obrak dira nagusi, delako heldutasun artistikora iritsirik. Orduan, Belgikako margolari ofiziala zen. Zendu denetik, ordea, bere obra ezaguna bada Belgikan, hortik kanpo ahantzia da. Ahanzte horretatik atera nahi du, hain zuzen, Miarritzeko erakusketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.