Musika. WU LYF. Diskoa: 'Go Tell Fire to the Mountain'. Diskoetxea: Pias.

Intentsitate adiktiboa

mikel lizarralde
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
WU LYFi buruz komunikabideetan irakurtzen denak bekozko jartzera eramaten du bat. Talde misteriotsutzat jotzen dute, siglen atzean proklama sutsu bat gordetzen duena —World Unite! Lucifer Youth Foundation—, eliza batean filmatutako irudiak ikus daitezke sarean, ez dute elkarrizketarik eskaintzen eta, antza, anonimotasuna gorde nahi dute taldeko kideek. Denboraldiko hype ez bilakatzeko asmoa izan liteke, baina ematen du publizista txukun batek diseinatu duela taldearen agerpenak nolakoa izan behar duen.

Eta, hala ere, Go Tell Fire to the Mountain disko bizia da, erreferentziak inoiz ezkutatu gabe, WU LYF nortasun bereziko taldea dela erakusten duena. Diskoa eliza batean entzun litekeen organo solemne batekin hasten da —Arcade Fire aipatzea ez dago soberan—, eta mahai gainean dream-pop melodia jartzen du berehala (LYF). Baina Ellery Roberts abeslaria kantatzen hasi eta bere ahotsaren soinu ia guturalak beste dimentsio batera eramaten du kantua. Black Francis sutsuenak Spiritualizeden mantra kosmiko bat abestuko balu bezala.

LYF-ek markatzen du bidea, indie-rock gitarren, teklatu ia liturgikoen eta perkusio askotan tribalen arteko uztarketarekin, baina Go Tell Fire to the Mountain-ek badaki intentsitate gradu ezberdinekin jolasten. Such A Sad Puppy Dog hileta batean entzuteko moduko pieza da, motela, eklesiastikoa —diskoa bera eliza batean dago grabatua—, Summas Bliss pop eskema argiko kantua da, eta We Bros-ek, berriz, ukitu afrikar arin bat dauka. Eta hirurak bata bestearen atzetik datoz.

Nolanahi ere, disko osoari dario nolabaiteko energia positibo bat. Organo, perkusio eta ahotsek euforia puntua transmititzen dute, Wolf Paraderen diskoek bezala, eta taldea iristen da epika arriskutsuena ere ukitzera, nahiz eta ez den inoiz horretan erortzen. Energia hori da, hain zuzen, Dirt adiktiboa edota amaierako Heavy Pop etereoa urteko kantu ederrenetakoak bihurtzen dituena. Manchesterrekoek ez dute gurpila asmatu, eta Go Tell Fire to the Mountain ez da izango inolako iraultza. Baina une honetan entzun daitekeen musikarik zirraragarrienetakoa biltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.