Interaktibotasunaren abentura

Urdaibaiko «historia ezkutua» agerian jarriko du 'Urdaibaiarte On' erakusketak, Bermeon, hilaren 27tik aurrera

Antolatzaileek azaldu dute erakusketak ikusleen parte hartze aktiboa eskatuko duela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ikuslearen arreta eta denbora eskatuko ditu Urdaibaiarte On erakusketak, hilaren 27tik aurrera. Ikusleen grina asetzen ahaleginduko da ordainetan. Halaxe azaldu du Alberto Palomera erakusketako komisarioak. Zabalbegi f:22.6V30''12800 izenburupean, Urdaibaiko Biosferarekin (Bizkaia) harreman estua duten sei artistaren lanak erakutsiko dituzte Bermeoko Ormaza kontserben fabrika zaharrean. Ez da erakusketa kolektibo soila izango; aitzitik, lan guztiek osotasun kontzeptual bat osatuko dute. Erakusketa 2012 Euskadi Fundazioak bultzatutako Bake eta Askatasunaren aldeko kulturen Urtea egitasmoaren programaren barnekoa da, eta, Zentzua eta iraunkortasuna erakusketarekin batera, Urdaibaiko Biosferan egongo da, udan.

Iñigo Atxa, Ibai Leon, Jon Lanbroa, Rober Garai, Jose Angel Uberuaga Ube eta Aristide Stornelli artisten lanak bilduko ditu erakusketak. Bere egin dituzteBermeoko fabrikako zenbait txoko, eta beren artelanak espazioarekin mimetizatu dituzte. Oro har, obra interdiziplinarioak sortu eta, besteak beste, bideoa, margolaritza, eskultura, argazkigintza, collage-a eta serigrafia uztartu dituzte. Artistek eskualdeko «ezkutuko historia» azalera ekartzeko asmoz sortu dituzte lanak: «Urdaibarte On-ek nahi du bertoko herritarren bizitzan eta izaeran arakatu, haien idiosinkraziaren berezko ezaugarriak topatzeko», argitu du Pello Gutierrez 2012 Euskadi Fundazioko kudeatzaileak.

Arte garaikidearen egungo korronteari jarraituz, ikusleak erakusketarekin elkarreragin dezan nahi dute. Bide horretan, artelanak fabrikako lau solairuetan zehar jarri dituzte. Ikuslea esploratzaile bihurtzera gonbidatu nahi izan du hala, eta fabrikako espazio guztiak ezagutzera bideratuko du. Orokorrean, argiztatzea lekuan lekukoa izango da; izan ere, Palomerak giro iluna bilatu du erakusketarako, esploratzaileen sentipenak biziagotzeko. Hala ere, ikusleak fabrikan zehar mugitzea errazteko, hainbat espazio argiztatu behar izan dituzte.

Begiak zabal-zabalik

Parametro fotografikoak erabili dituzte erakusketa izendatzeko. Hala, erakusketari Zabalbegi f:22.6V30''12800 izenburua jarri diote. Horren bidez, erakusketaren izaera bera definitzearekin batera, gizartearen arinkeria eta azkartasuna kritikatu nahi izan dituzte: «Begiak ireki behar ditugula adierazi nahi nuen. Zenbakien bidez, kameraren diafragma, abiadura eta sentsibilitatea adierazita daude. Diafragma ahalik eta gehien itxita, eremu sakontasuna handitu eta irudia garbiagoa izaten da. Horrekin batera, abiadura txikia erabiltzeak esan nahi du denbora gehiago ematen dugula gauzei begira; eta, sentsibilitaterik handiena jartzen badugu, iluntasunean ikus dezakegu», zehaztu du Palomerak. «Horrela, egungo gizarteari kritika egin nahi izan diogu, begiratzera paratu ez eta leku guztietatik itsu dabilelako».

Argitu dute artisten lanek itsutasun hori argiztatu nahi dutela. Hala, Ibai Leonek, Urdaibai inguruko paisaien bidez, inguru soziokulturalaren berrikuspena egin du Muitot lanean. Jose Angel Uberuaga ere autokritikatik abiatu da lan «ironiko eta kritiko bat» sortzeko: «Gizakion jarrera eta suntsipenerako bidea dira lanaren oinarriak», azaldu du. Rober Garaik, berriz, itsas tradizioa, kriptozoologia eta mitologia uztartu ditu, inoiz gertatutako iragan bat sortuz. Urdaibaiko sineskeria eta kondairetan oinarritu da Iñigo Atxa zinemagilea, film labur «zirikatzaile» batean. Jon Lanbroak, berriz, ura izan du hizpide nagusi bere lanean; eta, azkenik, Aristide Stornellik Bilbotik Bermeorako trenean hartutako argazkiak jarriko ditu.

Hasiera-hasieratik, espazio berezi batean kokatu nahi izan zuten erakusketa. Palomerak azaldu duenez, baserri batean jarri nahi bazuen ere, gerora fabrikaren aukera sortu zen. «Espazio gehienak erabili ahal izan ditugu. Fabrika baldintza onean dago, nahiz eta fabrikaren parte bat desagertu egin den jada». Erakusketa berton erakusteko pentsatu dute, eta, azaldu dutenez, amaitutakoan ez dute beste inora eramango. Hala ere, lanek ez dute izaera efimeroa izango eta, erakusketa amaituta, artistei bueltatuko dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.