«Internetek kristoren kaltea egiten dio musikaren sormenari»

Urte asko oholtza gainean aritu gabe. Urte asko zuzenekoen adrenalina sentitu gabe. Amparo Sanchezen proposamena onartu eta biran da berriro ere, gitarra lagun duela. Musika sortzeari heldu nahi lioke berriro.

gorka erostarbe leunda
Andoain
2010eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Urte batzuk badira Kaki Arkarazok (Lazkao, Gipuzkoa, 1961) eta Amparo Sanchez musikari espainiarrak -oraintsu arte Amparanoia zena- elkar ezagutzen dutela. Hark berriki kaleraturiko Tucson-Habana diskoa grabatzeko Arkarazoren laguntza izan zuen.Soinu teknikari eta ekoizle gisa jardun zuen bai Tucsonen (AEB) eta baita Habanan ere. Ondoren, kontzertuen biran gitarra jotzailearitzeko proposamena egin zion kantariak beste zenbaitetan bezalatsu. Baina oraingoan onartu egin zuen Arkarazok. Espainian hainbat kontzertu eman ostean, eta Europara biran abiatu aurretik bere lantokian, Garate estudioan, hartu du hats, garbi hitz egiteko.

Aspaldiko partezgitarra esku artean hartuta. Zer sentitu duzu berriro oholtzaren gainera igotzean?

Urduritasun handia. Berriz hasiko banintz bezala sentitu nintzen. Oholtzara igotzea ez da sentsazio bera inoiz izaten. Egoera bakoitza diferentea da. Nik ez dut inoiz horrela jo gitarra. Esperientzia berri batean sentitu naiz.

Musika generoarengatik diozu?

Bai, hori da. Kanta bati giroa sortzea da orain nire egitekoa. Izugarrizko maila duten musikariekin ari naiz, nota bakoitza bere leku zehatzean jo behar eta... Gauzak modu belusatuan egin behar dira, eta nik ez dut sekula hori egin. Oraintxe ez nago unerik onenean hori egiteko, teknika asko galdu dudalako. Saiatu naiz berreskuratzen eta ari naiz horretan, baina asko kostatu zait. Konturatzen zarenean atzetik zoazela edo ez duzula ematen nahi duzuna, urduritasuna agertzen da, ez duzulako egoera kontrolatzen.

Hatzek ez dute buruaren agindurik jarraitzen?

Tira, pixkana hatzak ere ohitzen ari dira. Orain tres gitarra bat jotzen ari naiz, Eliades Ochoa eta Compay Segundoren tankeran. Oso gogorra da jotzeko. Kubatarrak horretan oso abilak dira, ez dakit zer-nolako atzamarrak dituzten! Horrekin arazoak izan ditut, tendoietan minak eta! Hau kalbario bat da!

Ariketa berezirik egin al duzu berriro trenpua hartzeko?

Jo eta jo. Akustikoa, elektrikoa eta tres hau ere bai. Hamar bat kontzertu egin ditugu orain artean, eta konturatu naiz berehala hartu diodala berriro, oraindik ere zeozertarako balio dudala. Batez ere, besteek ere lagundu didatelako. Elkarri gauza desberdinak eskaintzen dizkiogu. Besteek badute zerbait nik ez dudana, eta nik badut zerbait besteek ez dutena.

Zer da elkar osagarri duzuen hori?

Haiek jazz eskolakoak dira, ni baino askoz hobeak dira musikalki, baina nik badaukat beste zerbait.

Jarrera?

Bai, eta tresna bera jotzeko modua ere bai, ez hain akademikoa, baina eroagoa-edo izan litekeena. Eta ikusten dut beraiek ere hori estimatzen dutela. Orain, jada denon artean oso puntu ona hartu dugula iruditzen zait.

Gitarra batekin gustura aritu zara jolasean argazkiak ateratzerako orduan. Gitarrak gustuko?

Gitarra hori Depedro taldeko Jairo Zabalak utzi zidan. 1962koa da, Supro bat, apenas ezagutzen den hemen, 1950eko eta 1960ko urteetan egin ziren. Baina seguru aski ez dut hori erabiliko kontzertuetan. Zuzenean erabiltzen dudana ere garai hartako gitarra baten berrargitalpena da, Airline batena. Oso gitarra berezia. Soinu oso borobila eta eztia dauka, mugaldeko giro hori ematen duena.

Gitarra bildu zale zara?

Dozena erdi bat gitarra baditut. Ez dut denborarik izan, ez dut zaletasun hori behar bezala zaindu. Nire gustukoena 1969ko Telecaster bat da.

Zer gitarra jotzaile izan dituzu gustukoago: teknikoak ala beroagoak?

Tira, gaztetan izan nuen txoro haize bat gitarrista birtuosoekin, baina teknikoak izatekotan, jazz musikariak gustatzen zaizkit. Wes Montgomery, Barney Kessel..., eta ez ziren oso akademikoak. Gitarrista funanbulistak ez zaizkit asko gustatzen, eta rockeroen artean, Neil Young eta John Lennon gustatzen zaizkit. Gitarristak ez direla dirudite, baina oso onak dira. Musika abangoardistan Robert Fripp, Tom Verlaine... ditut gustuko, baina ez oso tipo akademikoak, gauza bereziak egiten dituztenak baizik.

Eta gure inguruan, zein gitarrista gustatu izan zaizkizu?

Hemen ere badaude batzuk, bai. Hasieratik asko gustatu zitzaidan Xabi Strubell, Dut-ekoa. Izugarria da, oso ona. Eta orain Joseba Irazoki ere bai. Oso tipo berezia. Eta Fran Iturbe erezoragarria da.

Adierazi izan duzu generoak baino gehiago giroak baldintzatu izan zaituela teknikari gisa egindako lanetan. Eta musikari bezala?

Ferminekin [Muguruza] asko ikasi nuen Negu Gorriak-en nintzela. Taldearen sorreran, Fermin, Iñigo [Muguruza] eta hirurok geunden. Beste musikariak aukeratzerakoan, nik beti jotzen nuen musikari on eta trebatuen bila. Baina Ferminek erakutsi zidan askoz ere garrantzitsuagoa zela giro bereko jendea hartzea, gauzak ulertuko zituena.

16 urte zenituela igo zinen aurrenekoz oholtzara gitarrarekin. Zer zen zuretzako musika nerabezaroan?

Ume nintzela amak musika tresnak oparitzen zizkidan etengabe. Akordeoia, aho soinua, eta baita tokadiskoa ere...Souleko singleak nituen, eta bestelakoak ere bai, Rafael eta... Baina beti izan dut musika entzuteko grina.

M-ak sortu zenuen 80ko hasieran. Gerora bihurtu da kultuko taldea.

Bere garaian aurretik joan ginen. Kantu txukunak egin genituen. Garai hartan irla bat bezala ginen, inork ez zigun kasu putarik egiten. Leku askotan jotzen genuen aurrean inor izan gabe. RRV-aren garaia zen, eta frustrazioa sentitzen genuen. Guk oso ondo pasatzen genuen, eta garbi geneukan ez genuela hortik bizi nahi. Orain ikusten da ondo egin genuela. Guk hori egin izan ez bagenu, geroko urratsak, igual ez ziren emango. Adibide asko utzi ditugu, eta asko hartu dituzte. Lekuko asko daude hor.

Bakarkako lan berezi bat ere atera zenuen gero, euskal folkaren inguruko lan esperimentala, Matxinadak. Konbentzionalismoak ez zintuen asetzen nonbait...

Inoiz ez nau ase. Orain ere gustatuko litzaidake gauza bereziak egitea, baina ez daukat denborarik. Musika instrumentalaren inguruan lan egitea gustatuko litzaidake. Beti gustatu izan zait zinemarako musika, eta halakoak... Letra gabeko eta ahotsik gabeko munduan ikusten dut adierazpide eremu oso zabala. Gauza diferenteak egiteko eta libre egiteko egokia da. Matxinadak hortik zihoan. Beti bezala, despistatzeko eta bide berriak zabaltzeko...

Denbora izanez gero, helduko zenioke horri?

Baiii!. Aukera izango banu egingo nuke disko boskoitz bat, Calamarok egin zuen bezala. Kantu asko ateratzen dut.

Jarduten duzu horretan?

Tira, lanean tarte bat hartzen dudanean aritzen naiz. Munduari bira filmerako egin nituen kantu batzuk, Matt Hardingek kantaturik. Jendeari gustatu zaizkio. Etorria badaukat, baina denbora eduki behar. Azken urte hauetan ardura handia izan dut estudioa aurrera ateratzeko. Amparok emandako aukera aprobetxatu nahi dut. Gauza ondo badoa, eta denborarekin posible badut estudioko hau pixka bat uztea, eta lekukoa pasatzea, nahi nuke musika egin, eta nire diskoak atera.

Muguruza anaiekin loturik euskal musikaren bi garai jakinetako talde ikurretan aritu zinen, Kortatun eta Negu Gorriaken. Irakaspenak oso desberdinak dira halako taldeetatik edo M-ak eta Nacion Reixa bezalakoetatik ateratzen direnak?

Ez dago hainbeste diferentziarik. Kasu guztietan dago harreman estu pertsonala oinarrian. Eta hori da geratzen dena denborarekin, eta ez hainbeste zer egin zenuen disko bakoitzean-edo. Negu Gorriakekin, esaterako, gauza berri asko egin genituen, beste atal batzuetan, diskogintzaren munduan, taldea kudeatzeko moduan... Beste erronka bat ere bagenuen, jendearen oihartzunari nola erantzun, alegia. Eta nola kudeatu.

Eta asmatu zenuten?

Ferminekin asko ikasi nuen alde horretatik. Berak horretan ikuspegi luzea daukalako, harreman publikoetarako asko balio du. Nik ez dut horretan inongo interesik. Oraindik ere berdin jarraitzen dut. Ez dut batere interesik, baina behintzat apreziatzen dut balio hori, kar-kar... Negu Gorriak-ekin mundu gehiago ikusi nuen, jende asko ezagutu nuen. Alde horretatik oso esperientzia aberasgarria izan zen. Bizi esperientzia ederra.

Negu Gorriak gidari garbia izan zen. Egun halako gidariren baten falta sumatzen duzu?

Faltan botatzen dut belaunaldi berriak gauza berriak eskaintzea, eta gazte jendea mugitu, oldartu edo motibatuko duten proposamen berriak. Lehen baziren boladak, eta agertzen ziren talde berriak. Negu Gorriaken ondoren sortu ziren Dut, Kashbad eta halakoak, baina hori ere...

Apaldu egin da?

Izugarri. Berri Txarrak eta Ken Zazpi dira azken talde garrantzitsuak, eta dagoeneko igaro da hamarkada bat sortu zirela. Hortik honantza...

Horrek beste alde bat ere badu. Estiloen aniztasuna, teknikoki ikasiak datoz...

Teknikoki ikasiak izateak ez du ezertarako balio. Arima behar dute. Askotan gehiegi ikasteak ez du onurarik ekartzen, bakoitzari bere nortasuna jaten dio. Honi guztiari buelta asko eman dizkiot, eta erremediorik ez duela uste dut.

Zergatik?

Gazte jendeak izugarrizko kortozirkuitu informatiboa dauka. Txikitatik entzuten dute musika gehiegi. Guk lau gauza geneuzkan buruan, eta gure nortasunak zeukan eremu askoz ere zabalagoa zabaltzeko. Gazteek hainbeste gauza eta eragin posible dauzkate buruan, ez daukatela ezer esateko. Jotzen duten edozer gauzak zerbait gogorarazten die. Joan beharko lukete denek mendira eta 10 urtez egon ezer entzun gabe. Hor dago paradoxa bat, eta horrek ez dauka bueltarik. Internetek kristoren kaltea egiten dio sormenari, nahiz eta kontrakoa dirudien. Paradoxa beldurgarria da.

Kontsumorako ere ez da erraza galbahe egokiak topatzea sarean.

Kontsumorako ere eromena da Internet. Dena daukazu, baina non jarri galbahea? Horregatik, nik biniloak bakarrik entzuten ditut, duela 25 urtekoak. Eta askatasun osoa daukat beste ezer ez entzuteko. Baina sortu behar duzunean, eta zerbait eskaini behar denean, zerbait berria, eta ezin denean... Hori ez da batere ona.

Teknikari izateko belarri fina ezinbestekoa da. Zer da azkenaldian belarri fin hori txunditu duena?

Azkenaldi honetan txunditu naute Amparorekin grabatu duten estatubatuarrek, John Convertinok eta Joey Burnsek, Calexicoko kideek. Nahi dutena jo dezakete, beste musikariak zertan ari diren entzun eta aldi berean jotzeko ahalmen berezia dute.

Eta sustraidun musika asko xurgatu dutelako?

Bai. Haiek oso argi daukate zer den musika ona eta zer ez. Hartzen dituzte Elvis [Presley], Cash, Dylan, Young, Parsons... eta beste guztia kanpora. Eta hala egin behar da. Musikan ezin zara izan demokratikoa. Hori dena xurgatu eta aurrera egiten dute, norberaren bidea landuz.

Zure estudiotik, Garate, pasatzen den orok laudorioekin gozatzen dizkizu belarriak. Non duzu ukendua?

Zalamero batzuk direlako. Ukendua? Psikologia. Teknikoa izateko psikologo izan behar duzu. Ikusi behar da musikariak zer nahi duen, baina ez bakarrik musikan. Oso egoera bereziak sortzen dira estudioan, eta egia esan behar denean egia esan behar da, baina minik egin gabe. Eta gero baliabideak izan behar dituzu berak nahi duena emateko.

Azken hamarkada luzean musikaren industrian izandako zailtasunek nola eragiten diote teknikari baten lanari?

Zeharka. Eskerrak ez duen eragin zuzen-zuzena. Diskoetxeen krisia izan zenean, bezero aldaketa bat izan genuen. Bezero finkoak eta diskoetxeak izatetik, taldeak izatera igaro ziren. Diskoetxeak, edo desagertu dira, edo ez dute nahi izaten grabaketa pagatzerik. Taldea da exijitzen duena non grabatu nahi duen soinu ona lortzeko. Bigarren krisialdi orokor honetan, ikusten dugu taldeek ez dutela dirurik. Problema ez da taldeek ez dutela etorri nahi, baizik eta ez dutela dirurik.

Hamar urte bete ditu zure estudioak. Zein litzateke aurrerabidean egin nahi zenuketena?

Egoerara moldatu gara, eta malguak izan gara. Guk ere nabaritu dugu krisia, baina hala ere ondo ari gara lanean. Egitura moldatu dugu, eta lan egiteko modua... Ez ditugu gure prezioak jaitsi, baina laguntzen diegu taldeei eskaintza bereziak eginez... Nabaritu dugu beste belaunaldi bat ere badatorrela hona grabatzera. Eta ilusio handia egiten digu horrek, esan nahi baitu etorkizuna badaukagula.

Akorde laburrak

Gitarra ala soinu mahaia?

Gitarra. Akaso, soinu mahaiarekin oraintxe nekatua nagoelako eta gitarra grina dudalako. Baina, bestalde, esan nahi dut soinu mahaiarekin dudan sentsazioa azken urteetan oso asegarria dela. Nabaritzen dut erraztasuna soinua ateratzen. Urte asko egon naiz zerbaiten faltan nintzela, eta orain ikusten dut lortzen dudala nahi dudana.

Soinu teknikari ala ekoizle?

Dena batera egin izan dut. Baina asko gustatu izan zait ekoizle gisa lan egitea. Alde artistikoan arreta jartzea gustatzen zait gehiago, eta teknikari on batekin lan egitea.

Grabaketa analogikoa ala digitala?

Analogikoa. Ni analogikoan gusturago sentitzen naiz. Gero digitala erabiltzen dut editatzerako, erosotasunagatik. Onartu behar dut, azken bi urte hauetan lortu dudala digitalean soinu onargarri bat. Baina ez naiz fundamentalista. Oso pragmatikoa naiz.

Copyrighta ala copylefta?

Ez daukat garbi hori guztia. Ez dut irtenbide garbirik ikusten. Ez dut ezer justurik ikusten, ez batean eta ez bestean ere. Ez dut ikusten konbentzituko nauen alternatibarik.

Klasikotasuna ala berritasuna?

Aita edo ama, kar-kar, a ze galdera! Orain klasiko asko entzuten ari naiz. Baina musikaren historian zer da klasikoa? Gaur klasiko dena bere garaian berria izan delako da orain klasiko. Beraz, berritasuna. Dudarik gabe.

80ko, 90eko edo 2000ko urteak?

Kantu onenak 80ko urteetan egin dira. Soinu aldetik, 90ko urteetan itzuli zen soinu organiko batera, 70eko soinura. 80ko urteetan egon zen teknologiaren leherketa bat, eta gehiegizko erabilera bat, efektuekin eta teklatuekin... Baina kantu onenak, 80koak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.