«Aitona Gonzalok esaten zuenez, intxaurrondoaren itzala arima hozten zuelako omen zen hain txarra, eta intxaurrondoaren itzalean lo egiten zuena azkenean penaz hilko zela ere esaten zuen». 1985eko azaroaren 26an sartu zuten Ion Arretxe (Errenteria, Gipuzkoa, 1964 - Madril, 2017) Intxaurrondoko itzalean; guardia zibil batzuek eraman zuten, ohetik atera, jo eta erreka batean torturatu ondoren. Harekin batera atxilotu zituzten Idoia Aierbe, Manuel Bizkai eta Mikel Zabalza; hil arte torturatu zuten Zabalza. Lau eguneko infernu bat bizi eta 30 urtera idatzi zuen Intxaurrondo: intxaurraren hostopeko itzala eleberria Arretxek, atxiloaldiaren lekukotasuna lehen pertsonan kontatzeko. Euskaraz kaleratu du Erein argitaletxeak, Josu Zabaletak itzulita.
«Berandu ibili gara», aitortu du Inazio Mujika Iraola editoreak aurkezpenean. Arretxek 2015ean eman zuen argitara Intxaurrondo: la sombra del nogal, El Garaje argitaletxearen bidez. Handik bi urtera hil zen, zenbait gaitz larriren ondorioz.
Arte Ederretako ikasketak egin zituen idazleak, eta marrazkilari gisa hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Marrazkiak, kartelak eta horma irudiak sortu zituen, baita komikietako gidoiak eta irudiak ere. 1990az geroztik, arte zuzendari aritu zen lanean zineman eta telebistan. Aktore lan batzuk ere egin zituen; aipagarriena Jaime Rosalesen Tiro en la cabeza-n (2008), protagonista izan zen.
Arretxeren hitzek oihartzun handia izan dute berriki, harena baita Non dago Mikel? (Miguel Angel Llamas, Amaia Merino, 2020) filmeko ahots nagusietako bat. Liburua euskaratzeko ideia, baina, dokumentala baino lehenagokoa da, Mujikaren arabera.
Nobela bat da Intxaurrondo. Kuartel hartan torturatu zuten pertsona baten lekukotasun zuzena jasotzeaz gainera, horren atzean garrantzi handiko literatur lan bat dago, editorearen ustez. Umorea, zehaztasuna, elkarrizketa biziak eta garai bat berregiteko ahalmena nabarmendu ditu Mujikak. Horregatik sartu dute Narratiba sailean.
Errenteriako gazte baten ikuspuntutik kontatutako istorioa euskaratzea «ematen duen baino askoz konplikatuagoa» izan da Zabaletarentzat. Arazo batekin egin zuelako topo, batez ere: nola jokatu guardia zibilekin. «Liburua idatzita egongo balitz txinatarren eta uigurren arteko iskanbilaz, ez litzateke inolako problemarik egongo Txinako armadako mandamasek euskaraz egiteko. Baina ez da hangoa; hemengoa da». Guardia zibilen hitzak gaztelaniaz jasotzea aukera bat zen, baina liburua euskaraz denez gero, horiek ere euskaraz jartzea erabaki dute. Nola adierazi elkarrizketetan sortutako desberdintasuna, ordea? «Niri tripak esaten zidan hika egin behar zutela guardia zibilek goitik begiratzen dutenean, autoritate eta gehiagotasun hori adierazi nahi dutenean, eta besteak zuka edo isilik erantzun behar diola. Horrela dago, aldiro gauzaren bat edo beste gaztelaniaz sartuz», azaldu du Zabaletak.
Itzulpenaren funtzioaz ere egin du zalantza. «Zer arraiotarako ari gara hau itzultzen, denek entenditzen badute?», pentsa liteke. Argi du erantzuna: «Euskaraz ez ditugu gauza guztiak esan, eta hemengo guztiek ez dituzte gauza guztiak euskaraz esan, baina ez dira isildu. Hori dena normalizatu nahi badugu, euskarara ekarri behar da».
Gizakia eta basapiztiak
Aurkezpenaren hasieran, Zabalzari 2015ean egin zioten omenaldi batean Arretxek eman zuen hitzaldiaren zati bat jarri dute. «Ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut», esan zuen. Horri erantzun dio Manuel Blanco Txibite gaztelaniazko liburuaren editoreak: «Nik ezagutu nuen Ion Arretxe». Madrilen elkartu ziren, eta lagun minak ziren.
Blanco ere torturatu zuen Poliziak. 1975ean atxilotu zuten FRAPeko kidea izateagatik, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Exekutatzeko ordu batzuk falta zirela kommutatu zioten zigorra.
Intxaurrondo-ren aurretik, Parole, parole: una infancia en Rentería liburua (2013) argitaratu zuen Arretxek El Garaje argitaletxearekin. «Orduan igaro zen Errenteria literaturaren hiri bat izatera», esan du Blancok.
Mujikak bezala, Blancok ere Arretxeren literatura goraipatu du: «Esperientziaren trataera lezio bat da. Umorea eta ironia ageri dira liburuan, baina gorrotorik ez da batere». Nobelan, gero eta alde handiagoa sumatzen du protagonistaren eta guardia zibilen «maila moralaren» artean: «Alde batean gizakia dago; bestean, basapiztia kuadrilla bat».