«Finalak final, finalerdiek / merezi dute omena / bihotz-bihotzez estimatzen da / Xalbadorren ekarpena / ahots propio eta bakanak Mirenena, Joanesena / entzule bero talde trinkobat / leialetan leialena / txapelketa honek badauka zerbait besteek ez daukatena», kantatuz agurtu zituen Sustrai Colinak entzuleak atzo, Gabadin (Nafarroa Beherea), Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako bigarren eta azken finalaurrekoan. Colina zen saioko faboritoa, eta Herriko Gelan 250 lagun ingururen aurrean agurtu zituen bertsozaleak ez zituen luzera arte agurtu; izan ere, bertsotan teknikoki zuzen arituta saioa irabazita, azaroaren 13ko Donibane Lohizuneko finalean izango da.
Colinarekin batera, Miren Artetxe sailkatu zen zuzenean, bigarren egin baitzuen, eta Joanes Etxebarria, puntuaketen arabera. Hiru horiek ariko dira Donibane Lohizunen, eta finaleko zortzikoa osatuko dute aurreko finalaurrekoan kantatu zuten Amets Arzallusek, Eneritz Zabaletak, Odei Barrosok, Ekhi Erremundegik eta Xumai Muruak.
Nahiz eta finalera sailkatzea ez eragotzi, Colinak izan zuen fintasun teknikoa falta izan zitzaion Artetxeri sei puntuko motzean egindako potoak eta kartzelan izan zuen trabaketak mingostu baitzuten Artetxeren atzoko jardun polita. Ofiziokako azken ariketara arte, sei puntuko motzera arte, aurretik joan zen.
Etxebarriak ale eta puntu politak utzi zituen zuberotarrez, eta finalerako sailkatzeko beharrezko puntuak lortzeko beste. Aleren bat edo besterengatik ere bai, baina lehen puntua emanda lehen bertsoa osatzerakoan, sei puntuko motzean ala kartzelakoan utzitako puntu gogoangarri batzuengatik nabarmendu zen txapelketako helduena, Mixel Aire Xalbador II.a. Lehen hiru sailkatuak baino maila apalagoan aritu ziren azken Airerekin batera Patxi Iriart eta Ximun Cazaubon, saio gorabeheratsua eginez.
Ikusi ezinda
«Miren okulista zara,Sustrai pazientea. Sustrai gida baimena pasatu aintzin okulistarengana joan zara, begien froga egitera. Hizkien pankartaren parrean jarrita, ez duzu hizki bat ere zuzen antzeman», jarri zien gaia Maritxu Lopepek Artetxeri eta Colinari zortziko txikian aritzeko. Ziriak ziriari dei osatu zuten ariketa, Artetxe Colina baino zirikatzaileago:
Miren Artetxe:
Nahiz ta hor tzinun Z
ta hor ta N han
ez duzu deus ikusten
begien parean.
Hori espero nuen
lehenengo unean
'Agur, Artetxe jauna'
esan duzunean.
Hala ere, ez zuen amore eman Colinak: «Baimena emateko / egin ahalegina / ikusiko zintudan / radarra bazina», erantzun zion. Diruarekin konpontzekotan geratu ziren azkenerako. «Hartu karta bitala / ta paga ezazu / bo, hori diru moltsa / aurkitzen baduzu». Horretarako dirua aurkitu behar, ordea. «Moltsa aurkitzekotan / medikua entzun / badakizu eskua / non sartu behar duzun».
Bigarren finalaurrekoan ere kartzelarako bertsolariei galdera zuzena egin zien Lopepek: «Zuretzat zer da eskola?». Tarteka ale eta puntu onak entzun ziren arren, ez zen lan borobilik izan.
Colinarena izan zen ariketarik osoena ikastolako garaiez oroituta. Bigarrenean oroitzapenak eta oraina lotu zituen: «Jolas garaian, denak pilotan / denak pozik, denak alai / harremanean oinarritzen den / gurpilak aurrera darrai / gure hizkuntza genuelako / ikasgai eta mintzagai; / nahiz ta guztiak aldatu garen / andana garairik garai / ikaskideak lagunak ditut / ta irakasleak ere bai». Azken bertsoan geroari so jarri zen: «Zer da eskola galdegin duzu / ta erantzun dizut hola / jaso baitu nuen nire haurrentzat / desio dudan eskola».
Kritiko agertu zen ikastolarekin Artetxe: Gaurko egunean, errepikatuz / erakusten da debalde / norberak pentsa dezaken hura / zer dugun galdetu gabe». Ikastolaz gain, bizitza bera ere ikusi zuen eskolatzat: «Ez nioke nahi ikastolari / bere meritoa kendu / kanpoko haizea izaten da maiz / klaseko minen ukendu / ta eskolak ezin izan duena bizitzak irakasten du». Airek garbi utzi nahi izan zuen: «bainan nahi nuke zuek guziak / jakinean izaitea / gauza bat dela eskola / eta bertze bat jakitatea».
IPAR EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI TXAPELKETA. Zerbait besteek ez daukatena
Colinak irabazi du Gabadin; finalerako hiru sailkatu dira, eta erabakita dago finalean nor ariko den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu