Ipuin kontalaria, etxean

Euskarazko ehundik gora testu grabatu, eta guztien eskura jarri ditu sarean Etxegiroan atariak

Maria Uriarte eta Tomas Fernando, Bilboko beren etxeko estudioan, grabaketa lanetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Literatura entzungarri bihurtzen dute Bilboko beren etxean Maria Uriartek eta Tomas Fernandok. Etxeko epelean, poemak, ipuin laburrak, liburuak, egunkarietako testuak eta liburuen pasarteak landu eta hots bilakatzen dituzte. «Maitasun osoz eginiko beharra partekatu» eta jendearen eskurajarri nahi izan dute, eta webgunea sortu dute horretarako.

Ipuin kontalaria etxeraeraman nahi duenak www.etxegiroan.com atarira jo besterik ez du.

Musikari izandakoa da Fernando, eta soinu teknikari lanetan dabil egun. Uriarte, berriz, literaturarekin «maiteminduta» bizi da, eta Fernando bezala, soinuaren munduak beti erakarri izan du. Haur itsuentzat material didaktikoak prestatu ditu urteetan, etaONCEren fonoteka, zeinak euskarazko 300 audio liburu dituen, osatzeko lanetan ere ibilia da Inma Arrietarekin. «Tomas eta biok maitemindu ginenean bi zaletasunak batu genituen; elkarrekin sormenean aritzearen gozamen hutsagatik hasi ginen lanean».

2004an hasi ziren elkarrekin enkarguzko testuak grabatzen: mikroipuinak Tas Tas irrati librerako, haurrentzako ipuinak argitaletxeentzat, liburuen pasarteak Euskarabila elkartearentzat... Euren gustuko testuak ere grabatzen zituzten.Hainbeste grabazio pilatu zitzaizkien, non partekatzea erabaki zuten, eta Osoitz Elkorobarrutiaren laguntzarekin, webgunea ireki zuten iazko apirilean. Ordutik, berrogei herrialdetako 20.000 lagun ingururen bisitak jaso ditu atariak.

Narrazio laburrak

Urteotan grabatutako lanen bilduma dago Etxegiroan webgunean. Euskaraz, ehundik gora audio daude, haur, gazte nahiz helduen tzat, eta gaztelaniaz, berriz, beste 50 baino gehiago. «Bertan dauden idazle guztiak ditugu gustuko, baita grabatu ez ditugun beste asko ere. Gure irizpidea audio laburrak egitea da; zaila izaten da entzumen bidezko arreta mantentzea, ez dugulako horretarako ohiturarik». Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez, Eduardo Galeano, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Meabe, Julio Cortazar eta beste egile askoren narrazio laburrak entzun daitezke, baita Pello Añorga eta Mariasun Landaren haurrentzako ipuinak ere, besteak beste. Uxue Apaolaza eta Amets Arzallusek BERRIAko zutabeetan idatzitako gogoetak ere jarri dituzte.

Istorioak edo idazkerak erakarrita, zerbait esaten dioten narrazioak aukeratzen ditu Uriartek. «Gero, testua neureganatzen dut, haren barruan sartzen naiz apur bat, eta tonua bilatzen ahalegintzen naiz». Pertsonaien araberako ahotsak, giro aldaketak, geldiuneak, abiadurak, tempo-ak... ezaugarri askori erreparatzen die testuak lantzean. «Eta bereziki, gogoan izaten dut entzuten ari denari denbora eman behar diodala esaten nabilena irudika dezan, ez diezaion ahaleginik eskatu».

Fernandok zuzentzen ditu grabazio lanak. «Testuari ez dio erreparatzen, musikaltasunari, erritmoari baizik. Berarentzat beste sormen lan bat da nire ahotsa soinuekin edo musikarekin nahastea». Fernandok berak sortutako doinuak tartekatzen ditu narrazioetan, eta soinuak ere bai haurrentzako ipuinetan. Elkarlanean, batak besteari bere esparruan askatasuna emanez aritzen dira.

Harrera ezin hobea

Ipuinak grabatzen hasi zirenean ez zuten pentsatu jendearen aldetik eskaririk ba ote zen. Baietz dirudi, entzuleen harrera ezin hobea izan baita. «Apurka joan gara lanak sortzen, ia konturatu gabe, baina bueltan etorri zaiguna ikaratzekoa izan da». Entzuleen mezuak pozarren jasotzen dituzte: etxean seme-alabekin ipuinen entzunaldiak egiten dituztela kontatu diete zenbaitek, edo audio lanak oso baliagarriak zaizkiela esan diete euskaltegi eta hizkuntz eskoletatik. «Diasporatik ere iritsi zaizkigu mezuak; adibidez, Mexikotik euskaldun batek idatzi zigun esker ona adierazteko, berarentzat euskal literatura entzun ahal izatea luxua zela esanez».

Egileekin ere harremanetan jarri ziren beren asmoen berri emateko, eta harrera «itzela» egin zioten proiektuari. «Oso eskuzabal eta esker oneko» agertu zaizkiela dio Uriartek, eta bultzada eman dietela lanean jarraitzeko. Estudioko ateak sortzaile guztientzat zabalik dituztela nabarmendu du. Zenbait jada pasatu dira handik, Ainhoa Unanue, Lutxo Egia, Oier Guillan, Uxue Alberdi eta Ixiar Rozas kasu, eta eurek grabatu dituzte beren lan batzuk.

Aurrera begira, bide beretik jarraitzeko asmoa dute. Beren lanari lege egitura emateko, audio literaturaren ekoizetxe bat sortu dute. Eskaerei erantzuten ez ezik, webgunea elikatzen jarraitzeko gogoz dabiltza, etxean emeki-emeki kontatutako ipuinekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.